Urr31- Arkumearen gibelerraiak

IRUZURRAREN TENPLUA

Hona iruzur legal bat: glaseatzea. Jela edo izotza, izoztutako gaien babesle ona denez, elikagai izoztuen fabrikatzaileak negozio-bide galanta asmatu du:

arraina izoztu, atera eta uretan blaitu, berriro izoztu, berriro atera eta blaitu uretan…

Horri esker, arraina ederki babesturik egongo da baina guk ura arrain prezioan erosi dugu. Legea ez dago biziki zorrotz, alderdi horretatik: %20raino erants dakioke deus ere adierazi gabe, baina… legala da ur kiloko 40 euro ordaintzea.

Zer egin? Herritarren boikota oso arma eraginkorra da maiz. Ahoz aho (edo sare sozialen bitartez) zabaltzen den egia azkar eta seguru iristen da behar den tokiraino.

 

Arkumearen gibelerraiak

Eskatu harakinari, ebakita (behar izanez gero). Oliba-olio, baratxuri eta perrexiletan beratu ondoren, xukatu gehiegizkoa, bildu ogi birrindutan, frijitu paderari estalkia ipinita eta dastatu berehala.

Galanperna

(Macrolepiota procera). Kapelu handienetako perretxiko honek ez du nahasterik: txapela orbandun, bolba eta eraztunaz ederturik, harro zutitzen da udazkeneko belazean. Hanka mendian utzita, pusketak egin, arrautzeztatu eta frijitu, legatz pusketak bailiran. Ezetz oraino jan gabe dagoenak asmatu zer dastatzen ari den!

Erronkariko gazta.

Uztarrotz, Izaba, Urtzainki, Erronkari, Bidankoze, Garde eta Burgiko (N) ardi latx eta arrasen esne gordin eta gatzagiarekin ekoizten da izen ofizialeko gazta hau. Sei bat hilabetez heltzen da gazta, toki ilun hotzean. 1,5–4 kg bitarteko zilindro erregularra da gazta, gantzatsua (%45ekoa, estraktu lehorrarekiko); azal gogorra zur koloretik lasto-horistaraino doa. Erdigogorra du mamia, boli-horista kolorekoa, zulo txikiak uniformeki banatuta. Usain garbi, sarkor, luzea; zapore sendo, sakon eta luzea, min-lorratz batez alaitua, gurintsua.

31. urria 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu