Urr4 Ezpeletak, tartaletak

ASTEAN LAU ALDIZ, ZOPA; ELTZEKARI EDO POTAJEA, HIRUTAN

Gizakia, gizaki bihurtzen hasi zenetik industrializaziora arteko mende luzeetan, aldakuntza bortitzik gabe bizi izan zen, glaziazioetako gorabeherak gorabehera. XIX. mendean (atzo goizean), ordea, elikagaia ere askoz gehiago ekoiztearen (eta kontsumitzearen) ondorioz, dena zeharo aldatu da: gehiago, konplexuago eta era kaotikoagoan elikatzen gara lehen mundu honetan. Organismoari pixkanaka egokitzeko astirik eman ez diogunez, ondoreak hor ditugu: obesitatea, diabetesa, hipertentsio arteriala, etab.

Alarmak piztu dira, ez jendea gaixotzen delako, gaixotzean lantokian baja hartzearren, langilearen plusbalioak espro bezain potoloak ez  direlako baizik. Konponbidea bilatu behar zaio, konponbide merkea, osasuna ere eurotan ebaluatzen baita.

Koilarako hazkurrira itzuli beharra dago (are gehiago, Sistema judu-kristauak jan-edan ugariago kontsumitzea agindu digun garai hau bukatutakoan eta Garizuman kontrako aginduak jaso aurretik): zopa, pure, lapikokoa. Proteinatik, egunean 75-100 gramorekin aski dugu-eta. Gantza, hozkailurik ez zegoela, altxorra zen; orain, pozoi deabruzkoa.

Koilarako janari horiek, beste aldetik, larriena dakarkigute: kuzinatze teknikak ez ditugu ezagun, ikasteko ez gara gai, prestatzeko astirik ez dugu, denbora asko “lapurtzen” digute…

Espekulaziozko negozio erraldoien alde ez gaudenok, berriz, bestelako iritzia dugu. Zopa eta bere ahizpak antzina-antzinakoak dira, gizakia sua menderatzen hasi zeneko garaietan jaioak. Beraz, tradizionalak (egokituak), merke eta digestonikoak (ura baitute osagai nagusia eta solidoak, gutxi, bertan beratuta), bariatuak (zernahi sar daiteke marmitan), errazak (etxekoandre denek prestatu dituzte), osasuntsu eta orekatuak, egiteko errazak (teknika soilekoak), asegarri eta hidratatzaileak (uraren presentzia ugaria), funtsezko bitamina eta mineralak berreskuratzen laguntzen digute, inprobisatzeko modukoak (eskura daukagunarekin), seguruak (bertan murgildutakoak irakin behar du), goxoak (neguan, bero; udan, fresko), noiznahi (neguan ez ezik, edonoiz har daitezke) eta nornahik hartzeko modukoak (haginik gabeko haurrek eta zaharrek)…

Eltzekoez ere beste horrenbeste esan daiteke, lege zaharreko etxekoandreak ederki dakienez.

Txiklea hausnartuz egin behar ote dugu reboluzioa?

 

 

04. urria 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu