Aza-13 Bizkai eraro bakoilaoa

Fast Atzo hasitako zerrenda luzeari jarraipena emango diogu oraintxe, begira:

  1. Elikagaien prezio altuegiaren errua bioerregaiei leporatzea da; baina ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko bitartekariek ateratzen dituzte bidegabeko etekinak.
  2. Erosten dugun esne guztia ez da benetako esnea: “esne beltza” (esne kontzentratua eta ura) ere saltzen zaigu. Baita zuku edo zumo beltzak ere. Esnea inportatzean, garraioaren kostuaren herena baizik ez da ordaindu beharko, esneari ura kendu eta hirutik batera murriztu bada.
  3. Marmeladetako azukrea: legeak azukre pisu jakin bat baizik onartzen ez duenez, azukrea, sirop edo almibarra ere eransten zaizkio: “mertxika, %42; azukrea, %38; siropa, %22; glukosa…”
  4. Jatorria faltsutzea: merkaturatzen diren “Kantauriko antxoa” guztietatik parte bat Txile, Japonia, Argentina eta bestetan harrapatu dira, ADNren azterketak egiaztatu izan duen bezala.
  5. Nola bizi ote ziren egunean 40 kilometro oinez, erdiak buru gainean 30 kilo arrain hartuta, egiten zituzten arrantzaleen emazte haiek? Nola beren senarrak, basomutilak, edo baratzeaz, etxeaz eta familiaz arduratzen ziren etxekoandreak… elikagai funtzionalen laguntzarik gabe?
  6. Iruzur ofiziala. Trazabilitate ekonomikoa: zenbat eta esku gutxiagotatik pasa, orduan eta gutxiagotan kargatuko zitzaion BEZ zerga produktuari, besteak beste.
  7. Frantziako kontsumitzaileen hazkurri kontuetako lehentasunak jaso zituen ikerketa soziologiko batek (2006); horra, gehien bermatu behar direnak: elikagaien kalitatea, osasunarentzat arriskurik ez izatea, higiene arauak zorrozki bete izana, elikagaien zaporea, kalitate nutrizionala, produktu kimiko sintetikoen edukia ahalik eta txikiena izatea. Guk ere, ikasi beharko.
  8. Ohiko amarrua: gauza bat iragarri, beste bat saltzea. Izokinaren ordez, amuarraina. Hegaluzearen ordez, moja, marraduna, atuntxikia, melba, lanpoa eta beste. Lubaro edo ezpatarrainaren ordez, marrazoa. Indioilarraren ordez, oilaskoa. Oilaskoaren ordez, oilanda. Meroaren ordez, tilapia. Arrain itsastarraren ordez, akuikulturako arraina. Ganben ordez, langostinoak eta alderantziz, prezioen arabera. Bakailaoaren izenean, zernahi.
  9. Arrainen itxura txukuntzea. Distiratsuago, ikusgarriago ager dadin, foku indartsuez argitzen da arraina; beste ale batzuen odolaz igurzten dizkiete zakatzak, tarteka ura botatzen zaie… Itxura txukuntzerik ez dagoenean, azala kendu eta xerratan saltzen da; edo bururik gabe, arrain eta krustazeo batzuk (ganba, misera, langostino…): buruan freskotasunaren berri zehatz-mehatz alderdi askok emango digutenez (begia, zakatzak…), hori dena ezabatu behar da.
  10. Publizitate ofizialean, asmo bat adierazi eta egiazkoa ezkutatzea: berdela, oliba olioa, Kanarietako platanoak, Bordeleko ardoa, oliba olioa… osasuntsu eta gastronomikoki zoragarritzat iragartzea, kontua herrialde jakin bateko soberakinak gainetik kentzea denean.
  11. Hona beste iruzur legal bat: arraina izoztu, atera, uretan blaitu, berriro izoztu… Pisuaren %20raino erants dakioke etiketan deus ere adierazi gabe, baina… Ura erosi duzu, arraina zelakoan.

 

13. azaroa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu