Aza10- Jakiaren esterilizatzea

BERAKATZ ZUKU

Horrela, euskalki anitzetan. Negua hementxe dugunez, haragi gabeko astelehen honetan jaki bakarreko janaria egingo dugu, eguerdi edo ilunabarrean: baratxuri zopa baina ez hutsa, aberastua baizik. Gaur egin eta bihar jatea ere, balekoa. Hori bai, lau lagunentzat.

· Bakailao pusketa edo piltzar batzuk egingo ditugu lehenik: gezatu, baratxuri eta oliotan kuzinatu, ondo samurtu arte, eta utzi hortxe.

· Orain, zopa bera prestatuko dugu: egosi ordu erdiz bi piper txorizero eta bi baratxuri litro bat uretan. Eman gatza.

· Ebaki xerratan lau berakatz eta erregosi kazolan, su eztian. Gorritutakoan, erantsi zopako ogi bat, xerra mehetan ebakita. Eragin denari, palotearekin.

· Erantsi piper-salda irakina. Erauzi mamia piperrei labana txiki batez eta bota kazolara. Utzi egiten, presarik gabe, eragitearen poderioz, krema iluntxoa bilakatu arte.

· Zuzendu gatz-puntua. Papurtu bakailaoa eta gehitu zopari. Eragin.

· “Ehortzi” bertan arrautzak (bat, laguneko) eta eduki, kazola estalita, horiek egin arte: gorringoa likido, zuringoa gogortsu.

Hori eta adiskide onen laguntza izaki, zer behar duzu zoriontsu izateko?

10. azaroa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu