Aza11- karrapinak, langostino eta almendra purearekin

 

ANDROPENIAN ELIKATZEA

Noiz, esan duzu? Non, esan duzu? Andropenia hori hitz egosi berri samarra da. Grezieratik ekarri digute hau ere atzo goizean (dozena bat urte): andro, gizon eta penia, mixeria, eskasia. Betiko kontua, beraz, baina mende erdia mendean hartutakoan agertzen hasten zarena, hainbat sintoma agertuz:

• Gizonezkoak ez ditu emakumearen menopausiako itomenak nozitzen, hotzikarak baizik.

• Gorabeherak: barrabilak gora, zakila behera; testosteronaren eta haziaren ekoizpena ekonomiatan sartu da eta sexu-desioa ahuldu egin ohi da.

• Prostata ehun konjuntiboz inguratzen denez, uretratik irteten den guztia mantsoago eta geroago kanporatuko da aurrerantzean.

Hezurren kaltzio-galera, estatura apaltzea eta, maiz, osteoporosia.

Gizentzeko joera eta, “orekatzeko”, muskulu galera (dozena bat kilo).

Gorabehera psikiko eta intelektualak: estudiatzeko garaian komediak, karakterra pipertzea (hala diote aldameneko gaiztoek), aitzakiak ematea, lagunak arraro bihurtzea…

Enpin!

Kontsolamendua: gizasemearen garapeneko etapa bat da, ez da gaixotasunik. Baina oraino emakumearen menopausia adinako negozio-biderik bilatu ez zaionez, trastetegian gorderik egon da.

Agertu ere, pixkanaka agertzen da, gorabeheratsu baina aldapaz behera.

Ez da galera baina bidean gauza batzuk geratzen dira betiko, zahardaderantz goazela, androgenoen gutxitze horretan eta prozesu organiko denetan nabaritzen da.

Beherapen garai guztietan bezala, beraz, neurriak hartu beharko, egoeraren bitxiak gainerako gaitzik ondoriozta ez diezagun.

Dieta

Elikabidea ona izan behar du, orain eta noiznahi, hori ez da kontu berria: denetik kontsumitu behar dugu (tabako, alkohol eta gainerako drogetatik izan ezik), neurriz eta orekaz, hori berez ona delako. Eta, betiko legez, lagun bereiztezina ariketa fisikoa izango duen dietak, garai honetan, bereizgarri hauek izango ditu:

– Adinarekin jateko grina areagotu egiten da pertsona batzuetan; mahaira esertzean, bereizi behar dugu goseak gauden edo atseginez jan behar dugun.

– Mahaira eserita jango dugu, lasai, astiro, gozatuz, jakiak elkarrekin nahasi gabe, txanda-pasa egin gabe, zeremoniari zor zaion begirunea aitortuz, aukera polit hori hizketarekin alaituz.

– Haserre edo kezkatsu bazaude, hobe mahaitik kanpora atseden hartzea, lasaitzea. Gauzak bere onera etorrita, jan-edaten has zaitezke.

– Murtxikatu, mastekatu hazkurria; bestela, janari hori atsegin ez duzulako, hagin egokiak ez dituzulako, etab., ezinezkoa baduzu, birrindu edo xehatu eta pure edo krema eginik hartuko duzu gusturago: digestioa ahoan bertan hasten da, elikagaiak listukatuz eta txikituz. Horri esker, janeko mantenugaiak hobeki aprobetxatuko ditugu, urdailak eta gainontzekoek lan gutxiago egingo dute, digestioa laburragoa izango da, odol gutxiago beharko dute, umore hobea izango dugu jan ostekoan, etc., etc. 

– Fenomeno batzuek (ironia-izpirik gabe), bizitza luzatzeko xedez, egunean janari bakarra egiten badute ere, zientzialari gehientsuen iritziz hobe da hiru edo lau aldiz jatea, orain arte egin izan dugun modura, bakoitza bere garaian eta errutinari lotuz, ahal dela (digestiboa ohitzeko, egokitzeko).

– Antzinako etxekoandreen antzera, otorduak planifikatuko ditugu, zaletasunak, osasuna, barietatea, ekonomia, garaiko eskaintzak… egokiro uztartuz.

– Okela (zaharren haragi gorria, batik bat) eta gozokia iraganeko kontua dela pentsatu behar dugu; aurrerantzean, karbohidratoak, landarezkoak izango ditugu platerean nagusi, gure premien arabera.

– Ohitu horiekin eta arrainekin, landarezkoen zapore-aukera amaigabea baita: garuna aspaldi hasi zen zaporeen zehaztasuna galtzen baina hori heziketa kontua denez, gustuen bereizketa berreskuratu behar dugu, geure buruari egingo diogulako mesede.

Erne gantzarekin: hobe dugu haragi, arrautza, esne eta esnekien koipea urritu eta opil industrial eta (erdarakadaz esan dezagun) prekozinatuen “trans” gantzak seko uztea, kaltegarriak ditugulako.

Jaki frijitu gutxi, oro har. Frijitzekotan, oliba oliotan.

Gatz gutxi, elikagai gazi (hestekiak, gazta, kontserbak…) gutxi.

– Edan ura, beldurrik gabe, egunean pare bat litrok ez digu kalterik eragingo, gernu debeku edo antzeko gaitzik nozitzen ez badugu, bederen, likido ugariak giltzurrunen trafikoa erraztuko duelako.

– Batez ere, jan eta edan gustura, bekatu-kontzientziarik izan gabe.

11. azaroa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu