Aza12- Gerraondoko ogi-tortila indibuala

 

Iruzurren tenplua

Fast food = fast fraud (I)

 Ez pentsa euskal eta erdal telebistek, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herria administratzen duten Erresuma, Errepublika eta bertako gobernuek, gure eta besteen agintariek, politikariek, enpresa handi eta ertain asko-askok bakarrik egiten digutela iruzur, amarru, tranpa. Dogmaz, Sortzez Guztiz Garbia den Europa honetan ere atzipea onetsia dago, gure mailaz gainetikoa baldin bada iruzurgilea. Testu honekin ez goaz sari baten bila, kontsumitzailea ohartaraztera baizik, akaso egoismo hutsez.

 

Azalpenen bat

Iruzurra hornitzailearen mesederako eta kontsumitzailearen kalterako egiten den gaiztakeria da. Hainbat motatakoak dira: legez kontrakoak, legeak onartu eta onetsitakoak, deskuiduz gertatu (ohi) direnak, etab. Denetan biktima kontsumitzailea da, erruduna egon edo ez egon.

Elikagaien ekoizpen eta hautapenetik kontsumitzailea geroz eta urrutiago dagoenez, bizirik segitu nahi badu, elikadura industriaren (negozioaren) menpeko da; hortaz, eszenatoki horretan dena ongi egiten dela sinetsi behar du.

Industriaren aurrerapen teknologikoei esker, jaki berriak eskaintzen zaizkio herritarrari etengabe. Produktua luzeago kontserbatzeko, erosoago garraiatzeko, egoki aurkezteko, kolore, zapore eta usain hobeak izateko, osasuntsuago edo, bestela, iruzur-objektu izan dadin, substantzia batzuk eranstea derrigorrezkoa da. Seguruenik, eraberrituriko berau merkeagoa izango da ordeztu duen jatorrizkoa baino.

Zerrendatxoa

  1. Legea herritarraren aldeko eta enpresen aurkako agertzen da inoiz: elikagai “funtzionala”, adibidez, ezingo da halakotzat iragarri, onurak erakunde ofizialen aurrean frogatu ez baditu. Dena den, elikagai distiratsu eta garesti horiek ez dira konponbide, ezta eraginkor ere, behar bezalako kopuru, maiztasun, testuinguru eta elkarreraginean hartu ezean.

 

  1. Zuretzat produktu hori egokia ez bada ere, publizitateak zu aukeratu zaitu kontsumitzaile.

 

  1. Erdi-egiak, sasi-gezurrak eta gezurrak: kolesterolik gabeko ur minerala.

 

  1. Elikagai kontuetan, alor teknologiko, zientifiko, juridiko eta bestetan aurrerapausoak egin ditugun arren, elikadura bidezko toxikazioak ez ezik, osasunaren hondagarri izan daitezkeen iruzurrak egunero gauzatzen dira.

 

  1. Kontsumituko dugun arrainak garia jan du; oilaskoak, oilaskoa; izokinak izokina; behiak eta txerriak, arraina… Naturan ez bezala. Etekin handiena kostu txikienean erdiesteko praktika eraginkorrena kanibalismoa da.

 

  1. Telebistan, egunkarian, interneten, irratian… agertzen bada, egia den edo ona den seinale. Inondik ere ez. Ez sinetsi horrelakorik.

 

  1. Produktuaren benetako kalitatea baino hobea agertzen du ontziak, batzuetan. Erne.

 

  1. Basmati arrozaren ordez, beste batzuk ezartzen dute firma handiek, partzialki edo osorik. Basmatik zintzotasuna (slow food mugimenduak berreskuratutako indiar barietatea) iradokitzen du, baina arrozaz bezerook ez dugu ulertzen.

 

  1. Hainbat txerri-hestekiri ura injektatzen zaio mikro-orratzekin, haragi pisuaren herena ere. Ur hori txerriki prezioan erosiko dugu.

 

12. azaroa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu