Aza14- Entrekota ardo beltzez

Sukaldarien lana errazteaz

Etxeko zein kaleko sukaldean, orain arte, bezeroari eman izan zaizkio erraztasunak: gurpildun besaulkian badator eskailerak kenduko zaizkio, itsua bada karta braille sistemaz inprimatuko da, erlijioak jenero jakinik kontsumitzea galarazten badio halal eta kosher elikagaiak izango ditu, adinduak jostagarri bat nahi badu viagra edo kokaina apur bat sartuko diote marmitakoan, etab.

Sukaldeko eta jantokiko langileek hamaika eginkizun “alferrikako” egin behar izan dituzte historikoki: aulkia, ezpain-zapia, plater sakona, plater laua, ur-edontzia, ardo-edontzia, xanpain kopa, koilara, arrain labana, haragitako labana, haragitarako sardexka, koilaratxoa… jarri, bakoitza bere tokian, txukun-txukun. Bazkaltiarrak etorritakoan, ia dena jaso eta, bazkaltiarrek alde eginikoan, berriro ere jarri… Ez al da hobe zerbitzariak denbora hori libre izan edo, adibidez, lanbidearekin loturiko zerbait ikasteko erabiltzea, alferrik nekatu ordez?

Zergatik antolatu behar da sukaldea argitasun naturalik iristen ez den tokian, sotoetan-eta? Ez al da hori askoz ere garestiagoa gertatzen (tentsio laboralak, hots eta burrunbak, errealitatearekiko kontakturik eza, ikusmen eskasagoa, higiene zalantzazkoagoa, estresa…) iluminazio eta eguraste naturala dagoenean paratzea baino?

Zergatik ez zaizkie ezartzen ke-bide industrialei isilgailu egokiak? Inor ez al da konturatu hotsak nekatu eta zahartu egiten gaituela, arreta desbideratzen edo ahultzen duela, hizketa eta komunikazioa eragozten edo galarazten duela, jendeak ozenkiago hitz egin behar duela hotsa dagoenean eta, halaz ere, ez dela horren garbi ulertzen, datu zehatzak jakitea biziki garrantzitsua izanik?

Zergatik sutondo eta labeak, lanparak, aparatuak… beti pizturik edukitzea, are negu gorriko asteazken ilunabarrean ere, afaltzera inortxo gerturatuko ez dela ederki dakigunean ere? Argindarraz hornitzen gaituen konpainiako akziodunen sinpatiak erakartzeko? Dirua, langileei ordaindu ez baina horretan xahutzeko sobera dugula adierazteko?

Zergatik iraun zutik sukaldean, horrenbeste ordu egunean, ezin espazio txikiagoan, ea inolako ariketa fisikorik egin gabe, makurturik edo erdi makurturik, bizkarreko minak nozituz, hankak alferrik nekaraziz, burukominak sortaraziz,

Lan baldintzak hobetu egin behar dira, denon mesedetarako. Inortxok ere ez du frogatu oraino zarata eta burrunba artean, sekulako beroak jasanez, zutunik eta gerria gaizki okertuz, argitasun egokia izan gabe, ebakiak egiteko arriskua areagotuz… lanaren emaitzak hobeak direnik. Triste edo haserre egoteak ez du inondik ere emaitza hobetzen. Alderantziz, beharra deskantsatuago egingo bagenu, umore hobea izango genuke lantokian, ordua iritsi aurretik ez genioke erlojuari maizegi begiratuko (ez naiz patronalaren aldeko hitz erdirik ere adierazi nahi) eta tenple hobe horren oihartzuna dudarik gabe jantokiraino iritsiko litzateke. Eta horren guztiaren onuradun gazteak litzateke. Litzateke, ez: izango da. Lanbide honek aldaketa asko izan ditu, onerako gehienak, eta beste asko eman beharko ditu oraindik ere, nola ez.

14. azaroa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu