Aza17- Tindalizazioa

 

GRANADA

sin: mingrana, alesagar (neol.), Punica granatum.

Hala deritzo gurean Himalaiatik Balkanetaraino eta Mediterraneo osoan hedatua zegoen mahaiko jostailu honi. Orain dela 5.000 urte Asiako mendebaldean eta Afrikako iparraldean zaintzen ziren mingrana arbolak. Antzinako egiptoarrek, mugurdi zaporeko ardo arina egiten zuten fruta honekin, egarriari buru egiteko.

Laranjaren tamaina eta itxurako (10 cm-ko diametrodun esfera) fruitu honen larruzko azal sendo lehorrak gordeak dauzkan laurehun errubi (badira topaziozko fruitutxo horiak dituztenak ere) gozoek hemengo postre negutarra alaitzen dute, zitrikoekin batera. Alea zapore konplexukoa da: gozo-gozoa baina izpi garratz batez orekatua.

Granada alez ale kontsumitzen da, fresko, azal lodi gogorra eta hazien arteko mintz edo tela mingotsak bazterturik. Aleak banan-banan bereizi beharrik ez izateko, granada erditik ebaki eta, erdia buruz behera plater gainean ezarrita, “ipurdian” koilara edo beste zer batez kolpatzea da metodo eraginkorra: horrela astinduta, aurki askatuko ditu bere perla gorriak.

Aleak, gordinik eta osorik, janariaren amaieran eta haragi eta barazkien lagungarri kontsumitzeaz gainera, izozki eta sorbeteak ere egiteko baliatzen dira; koktel askoren gozagarri den granadina izeneko sirop gorri-gorria aresti arte granada aleekin bakarrik egin izan da.

Arbolatik bildutakoan aleak ez dira gozatzen, umotzen, frutak geroz eta tonu gorriagoa hartzen badu ere.

Aukeran: kolore gorriko ale astun, handitxoa, azal distiratsu, gogorrekoa, kolpe edo arraildura arrastorik gabea. Hatzarekin zanpaturik, hots metalikoa aditzen da.

Saihestekoa: azal zimur, orbandun, ebaki, mailatu eta arrastoduna. Ez erosi aurrenekoak, umatu gabe ohi datozelako. Irrikatan bazaude, erosi bat, ireki eta jardun horren arabera.

Kontserbatzeko: arazorik ez, etxeko giroan zein hozkailuan. Zuritzeko, egin sei ebaki azalean: berak erakutsiko dizu. Bestela, ebaki horizontalki eta jo azalean koilararen bizkarrarekin, aleak platerera erorarazteko.

17. azaroa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu