Aza23- Sagar biskuita intsaursaltsarekin

ZABOR JANA

es: comida basura; fr: malbouffe; en: junk food.

Bai, hizkuntza askotako hiztegietan izen peioratiboa du erregistro guztietan (frankensfood, poisonette…) baina gaitz sozio-politiko-ekonomiko honek berebiziko presentzia du sistema kapitalistaren goxoan bizi diren herrialde kontsumistetako herritar ez-dirudunen eguneroko bizimoduan .

Horrelako hazkurriak, oro har, gantz, gatz, ongailu, gehigarri edota azukre asko-asko ditu: horiek denek apetitua eta egarria areagotzen dituztenez, biziki interesgarria da horretan diharduten industria eta establezimenduentzat jan-edan horiek ekoitzi eta saltzea, batez ere, kultura gastronomikoaren bidetik oraino abiatu ez delarik, bolumena kalitatearen gainetik hobesten duen jendeari.

Hona zabor-janaren izenaren arrazoiak:

  1. lehengai gehienak, jatorri ezezagunekoak, ez ohi dira kalitate ederrekoak, azpi-produktuak baizik;
  2. neurriz gaineko kontsumoa lortu eta irautea nahi denez, prestatze metodoak ez dira ortodoxoak, mota jakin bateko higiene-neurriak zorrozki betetzen badira ere;
  3. jatunak ez du zertan murtxikatu (aurretik birrindu edo xehatuta datorrelako jana) eta, beraz, plazerra eman dezakeena edo organismoak beharko lukeena baino askoz ere azkarrago, eta gehiago, irensten da;
  4. jatera motibatzen duena ez da apetitua, prestigio soziala, oparitzen den jostailua, bakerik ematen ez digun publizitateari men egitea, etab.

 

Zabor-jana (kolesterola, azukreak, gatza) kontsumitzearen ondoriozko ohiko gaitzak dira: obesitatea, bihotz eta biriketako gaixotasunak, II. tipoko diabetesa, hortz-haginetako txantxarra eta zelulitisa.

 

Baina etxetik kanpora beste hazkurri bat kontsumitzera iristeko adina baliabide ez duen jendearentzat horrelako jakia kontsumitzeak atsegina ematen du, hedabideetako publizitateak etengabe aldarrikatzen duenez. Jan horretatik asko irensteak dakartzan ondorioak zientzialariak plazaratzen hasitakoan, konpainia ekoizle erraldoia ere hasi da bere publizitatean kontzeptu batzuk sartzen: osasuntsua da, natural, orekatu eta bariatua, ez da hiperkalorikoa, etab.

Negozioa, ordea, ez da saltzea, asko saltzea baizik.

 

23. azaroa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu