Aza27- Legatza saltsa berdean

MISE EN PLACE (eta II)

Hona atzo agindutako aholkuak.

· Aldatu sukaldeko zapia behar bezain maiz. Ez utzi kiratsik hartzen.

  • Garbitu eskuak, etc. behar bezain maiz. Ez kasurik egin, orokorki, telebistako zikinkeriei.
  • Eraman arropa eroso eta lasaia baina ez oso zabala, arriskutsua delako.
  • Sukaldean ez erre tabakorik, ez besterik, lanak amaitu arte.
  • Ez utzi sartzen animaliarik (orokorki) sukaldean.
  • Ez nekatu zutik; lan luzeak egiteko, eseri zaitez.
  • Osagai eta tresnak mahai gainean jarri aurretik, kendu bertatik alferrikako guzti-guztia. Horrela koilaratxo gutxiago joango dira zakarrontzira, adibidez.
  • Erabili aurretik, garbitu arretaz lehengai guztiak. Hobe da arrainak zapore pittin bat galtzea… Ur korronteak ederki garbitzen du.
  • Finkatu trangadera (ebakitzeko ohola) zabaldutako zapi baten gainean, labanarekin ari zaren bitartean dantzan egin ez dezan.
  • Ez garbitu berdurak egur edo trangaderaren gainean: bertan geratzen den hondarrak labana kamustuko du.
  • Kuzinatu ehiza lehenbailehen. Prestatzen ari zarela, garbitu dena behin eta berriro, zorrozki.
  • Eskuina bazara, hartu garbitzekoak ezkerretatik eta utzi, garbirik, eskuinean; ezkerra bazara, alderantziz. Ez nahasi garbiak eta gainerakoak.
  • Hegaztiak edo arrainak garbitzen bukatutakoan, pasa zorrotz xaboi-urez trangadera.
  • Garbitu ahala, kendu tartetik hondakinak eta sartu zakarrontzian.
  • Irakurri etiketak: kontsumitzeko data, konposizioa, etc.
  • Erdipurdiko iruditzen zaizuna (pote hanpatuak, likido uherrak…) zakarrontzira: galera bakarra hori izan dadin.
  • Erabili ondoren, garbitu labanak, aldiro-aldiro, eta utzi eskura. Zorroztu maiz. Labana zorrotzak arrisku gutxiago.
  • Ez erabili inoiz kazola edo eltzerik (behin-behineko) zakarrontzi gisa.
  • Biltegiko araua: lehena sartu, lehena aterako.
  • Eginda dagoen jakirik ez gorde 24 ordutik aurrera, hozkailuan ez bada. Eta hala ere…
  • Ez egin saltsarik aurrekoaren hondakinen gainean.
  • Olioa erabiliz gero, utzi epeltzen eta iragazi filtro batez.
  • Kuzinatzeko balio ez duen olioa, kalera jaitsi eta dagokion ontzian utziko dugu.
  • Ontzi bat labetik atera berria denean, zikindu irinez, denek jakin dezaten bero-beroa dagoela.
  • Lurrera oliorik erori bada, zabaldu eskutada bat gatz, ez labaintzeko. Garbitu lehenbailehen.
  • Labea bero ireki aurretik, atzeratu burua, lurrin beroak erre ez zaitzan.
  • Ez erabili zapiak bustirik, arriskutsuak baitira: argindarra eta beroa ondo eroaten ditu bustiak.
  • Ez sartu harraskan ontziak (paderak, kazolak…) bero-bero.
  • Batetik bestera zabiltzala, labanaren punta beherantz.
  • Xurgagailua (sum) piztuta dagoela, ez piztu surik (ez flanbeatu deus).
  • Aldian behin garbitu tresneria lixibarekin.
  • Urtean behin, desmuntatu eltze azkarren heldulekuak, etc., garbitu eta muntatu ostera.
  • Saioa amaituta, (orain, uda partean, batik bat) sartu berriro hozkailuan elikagai galkorrak eta
  • begiratu birritan den-dena itzalita dagoen.

27. azaroa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu