Aza28- Hanburgesak

SASI HARAGIA

Ez haserretu, mesedez, bizkaieraz ari zareten blogzaleok. Sasi haragiaz ari garenean ez gabiltza okelaz. 

Orain dela hohgeitxo bat urte aurkitu zuten holandar zientzialariek haragi pusketak elkartu eta pieza bakarra osatzeko itsats kolaren lanak egin zitzakeen proteina bat (fibrina) eta geroztik Beneluxen eta Estatu Batuetan kontsumitu izan dute puzzle moduko hori. Fibrina horrek, izan ere, kolagenoarekin elkarreraginean, zauria ixten duten hiru dimentsioko sareak eta koagulu samurrak osatzen ditu, hemorragia kasuetan.

Okela ekoiztea ekonomikoki eta ekologikoki garestia denez, hemendik aurrera Europa osoan erabili ahal izango da lekeda biologiko hori, orain arte haragi birrindu, xehatu edo txikitutarako baizik balio ez zuten zati horiek elkartu eta xerra jangarri politak osatzeko, Elikadura alorreko Segurtasunaren Europar Agintariak (EFSA) hala onetsi zuelako 2005ean: substantzia hori segurua da gizakien osasunarentzat eta gehigarri edo aditibo gisa erabili ahal izango da.

Abantailak

Asmakuntza berri horrek okela zatiak baturik edukitzeko balio du inongo zapore, kolore edo usinik eman gabe baina, gainera, animalia espezie desberdinetakoak izan daitezke pusketak: oilaskoa eta atuna, txerrikia eta izkirak, bakailaoa eta hirugiharra…

Ikuspegi ekologikotik, aurrerapen horren onuradunak gizaki guztiak gara, aurrerantzean “soberako” haragi hori ez baita zakarrontzira eta ondoren Zubietako erraustegira joango edo ez da hestekiak egiteko azpi-produktutzat bakarrik hartuko. Horretarako aitzakiarik ez da izango, behintzat, krokodilo hondakinekin krokodiloki xerrak egin ahalko direlako.

Bestetik, mesede handia egiten zaio haragi industriari, kalitate onekoa izanik ere, azpi-produktu gisa katalogaturik zegoen hari prezio berria (“izar elikagai berri-berriari” dagokiona) ezarri ahal izango diolako, haragi xehatu modura komertzializatu ordez.

Gastronomiak ere zuku politak aterako dizkio asmakizun berriari: orain arteko “murtxikaturiko okelari” (hanburgesa, saltxitxa, patea) beste aukera bat erantsiko zaiolako: hortz-haginak erabiliz kontsumitu beharreko jaki berria, bestelako prestakuntza, saltsa eta ebakerak onartzen dituena, bestelako uki, zapore, aroma, aurkezpenak… izango dituena, sukaldari, txarkutero eta transformatzaileei sormena praktikan jartzeko aukerak emango dizkiena (aurki, sustrairik gabeko jatetxe garesti mediokreetan, kabiar, trufa eta foie-grasezko xerra, ikusiko), bestelako bezeroak erakarriko dituena, merkatuko ate berriak irekiko dituena, hitz batez.

Hori, atseginaren saihetsetik. Beste aldetik, elikagaien merkatu globalizatu hau geroz eta estandarrago eta uniformeago bihurtzen ari dela ikusirik, pisu, tamaina, kolore, usain, uki eta gainerako ezaugarri berberak izango dituzten xerra edo pusketak fabrikatu ahal izango dira, erregimen kastrentseari jarraiki elikatu nahi duenarentzat eta zer nahiko lukeen pentsatzeko astirik izan ez duen jendearentzat. Janarien banatzaile handiek, jatetxe kate erraldoiek, hestekien fabrikatzaile industrialek luze gabe zapore on eta kalitate bikaineko bitxi berriak 3 X 2 paregabean eskainiko dizkigute.

Amarruaren inperioan bizi garen kontsumitzaile xumeok, aldiz, susmo txarretan: horrelako substantzia batek sekulako iruzurrak lortzeko balio duenez, nozi arte itxaron beharko dugu haragiaren partez eta haragi prezioan sasi-okela erosteko? Nork bereiziko du txitxia eta botika, adibidez, saltsan prestaturik saltzen bada? Produktuaren etiketan “fibrina dauka” adieraztea nahikoa bermea izango ote dugu? Suediak ez du horrelako lehenaldi ezagunik baina, Europar Batasunak onespena bozketan jartzean ezezko botoa eman du, kontsumitzaileari traizioa egitea iruditzen zaiolako. Argi ibili!

 

 

28. azaroa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu