Aza30- Gaztain biskuita

GAZTAINA

(Castanea sp.)

Korsikako berizgarri honek latinetik izena, bertatik izana, Euskal Herri hezean sakon erroturik, behor eta basurdeez gainera, bertako beste askoren funtsezko dietaren ardatz izan baita mendetan. Horra Plazido Mugicaren hiztegian bilduriko barietate izenak: kerremeatz, mentugorri, mentumotz, mentularri, mentuxehe, amalatz, markola, atso-markots, atso-gaztaina, sarobe, basaka, zubiaga, otzorpo, garrangira, arbera, legerio, guarramatza, zuazola, ulebera, txertogorri, metura… eta beste dozena pare bat , arras ezaguna eta kontsumitua izan zen seinale.

Euskal Herrian neguari ongietorria g aztaina erreak janaz egin izan zaio, ahaideen etxeetara bilduz (Gaztañerre, Gaztain jate egunak) eta, negu parteko ospakizunetan, sagarrarekin batera, gaztaina errea izan da ondo eskertutako postrea.

Hiru ontzitan gorderik dator gaztaina, dendan sartu aurretik: morkotsean (sin: lakatz, kormuts, kirikiño, koskol), oskolean eta mintz edo azalean.

Iraganean, gosete gorrien aringarri, danbolinean erreta, uretan egosita edo, xehatu eta eho ondoren, irin bihurtuta; irin horrekin ogia, opilak eta zopa egin izan da gurean. Gaur egun apenas biltzen den Euskal Herrian: urriaren hasieran, morkotsak lurrean barreiatu edo pilaturik, biltzailearen zain ohi daude.

Egosteko, arrakalatu oskola, sartu gaztainak ur freskotan eta berotu, irakin gabe. Azala askatzen hastean, atera uretatik eta zuritu.

Mandio, sabai edo ganbaran lehorturiko gaztainak hidratatzeko, arbasoek zerrauts hezetan astebetez edukitzen zituzten. Izozturik ongi irauten du fruta honek urte erdia: oskola erauzita, eduki ur irakinetan hiru minutuz, sartu ur hotz-hotzean, lehortu eta utzi izozkailuan.

Haragi gorri edo beltzaren lagungarri, egosi hiru ordu laurdenez esne gozoan (50 – 75 g azukre litroko) edo uretan (apio adaxka batez edo anis aleez alaituta) egosi eta pure eginik.
Aukeran: aleak ukitu eta hautatu gogorrak, azal gogor distiratsua hertsi itsatsita dutenak.
Saihestekoak: lizundutakoak, irregularrak.
Kontserbatzeko: plastikozko zorroan baino hobe, kristalezko txarroan.

30. azaroa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu