Aza4-Tripaki zopa

MIKROUHIN LABEA

(Atzoko zorrak kitatze aldera, alegia.)

Jan-edanak desizoztu, berotu eta arinki prestatzeko (irakiteko, egosteko) batik bat erabiltzen den aparatu honek mikrouhinen frekuentzian uhin elektromagnetikoak sortaraziz funtzionatzen du, ur molekulei segundo bakoitzean 2.450.000.000 bider biraraziz; astintze eta igurzte horiek berotasuna sortarazten dute eta, elikagai gehienen edukiaren parte handi bat ura denez, janaria berotzen eta, areago, transformatzen du. Hortaz, urik ez badago, mikrouhin labeak ez du berotuko ezer; zerbait erabat lehorra berotzea nahi bada, beraz, ura gehitu beharko zaio. Ontzia janariak berotuko du, berotzekotan, kuzinatzeko metodo tradizionaletan ez bezala. Gehiegi berotzeak edo, areago, elikagaia erabat deshidratatzeak arriskuak ekar diezazkioke erabiltzaileari. Denborarik ezari eta presari erantzuteko xedez asmaturiko aparatua denez, janaria berotzeko tartea laburtzen du baina, teknologiak aurrerakuntzarik egin bitartean, ezin zaio exijitu kalitate gastronomiko handiz kuzinatzerik.

Halaz ere, eginkizun hauek betetzeko gauza da mikrouhin labea:

  • krispetak egiteko;
  • elikagaiak azkar desizozteko;
  • azukrea (beltza, bereziki) xehatzeko: sukaldeko paper hezearekin estali eta minutu erdi bat berotuta, goxo eta xehe dago;
  • lekaleak (indabak, barbantzuak) hidratatzeko: ordu laurden batez lekadunak uretan berotu, ordubetez pausatzen utzi eta, ur freskotan ikuzirik, kuzinatzeko pronto daude;
  • belarrak deshidratatzea: platerean zabal-zabal antolatuta, sukaldeko paperez estali eta minutu erdiko beroaldiak eman behar zaizkie, nahi den puntura iritsi arte;
  • tipulak, ebaki aurretik, minutu erdi bat berotuz gero, azidoak arindu egiten direnez, negar malkoak urritu egiten dira;
  • bezperako ogia fresko eta harro bihurtzeko, 20 segundoko beroaldiak eman behar zaizkio, nahi den puntura erdietsi arte;
  • azal gogorreko berdurak (patata, kuia, arbia) bizpahiru minututan berotuta, askoz ere errazkiago zuritzen dira; horixe tomatearekin erdiesteko, uretan garbitu eta erditik ebakita, platerean buruz behera antolatu eta hiru minutu aski dira, eragozpenik gabe zuritzeko.
  • eztia samurtuko da, mikrouhinean berotu ondoren; ez da komeni labean luze edukitzea, berotasunak eztiaren elementu mesedegarri batzuk suntsitzen dituelako;
  • ontziak esterilizatzea: urez bete eta bertan edukita, ur hori irakiten hasi arte;
  • olio lurrintsuak eratzea: olioa, pixkaka (hiruzpalau koilarakada), kasuan kasuko belar edo espeziarekin minutu erdiz berotzea aski izaten da;
  • sukaldeko oihalak desinfektatzea: zapi edo zatarrak detergentez eta urez bustita, ontzi batean mikrouhin labean minutu batzuk edukitzea nahikoa da mikroorganismo gehienak desagertzeko;
  • fruitu lehorrak xigortzea: platerean zabal-zabal antolatu eta minutuko beroaldia emango diegu bakoitzean: txikienek (pipa, kakahuete, pistatxoak) 2-3 minutu eta handienek (amanda, gaztainak) 7-8 minutu aski dute doi-doi xigortzeko;
  • kafesne edo ebakiaren aparra egitea: edontzi bat erdiraino esnez bete, astindu eta minutu erdia beroturik, esne-proteinak mamituko dira apar harroa osatuz.

 Bada zerbait, ezta?

04. azaroa 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu