Abe11- Barbarin erreak

A ZE PAREA, KARAKOLA ETA BARRASKILOA!

Barraskilo edo barakuilu, marraskilo (Helix aspersa, H. pomatia, H. gualteriana, H. alonensis) es: caracol; fr: escargot; en: snail. Gurean, behintzat, Eguberritan afaldu beharrekoak,tradizioak aginduta.

Udaberrian agertu eta udazken kondarrean hurrengo urtera arte lotara erretiraturik, etxea ixten du oskoldun barazkijale honek. Euria eginikoan, dena den, talde ugaritan biltzen dira goseak berdintzera baratze eta lorategietan.

Naturan pare bat urte eta haztegian sei urtea betetzera ere iristen den molusku hau, egun, ez da gure dietako ohiko protagonista izan, jai giroko janaldietara mugatu dira barraskilo-jateak, besteak beste, horien prestaera luze eta lantsua delako. Orain, berriro, gutiziatzat hartzen da barraskiloa eta, gutxi jaten badira ere, naturan harrapatzen direnekin eskakizuna asebetetzerik ez dagoenez, helizikulturan ekoizten dira barraskilo jangarri gehienak. Negukoa du adituak goxoena, orduan aski gantzaz hornitu baita, hibernazio luzea egiteko.

Txerrikiez (urdaiazpiko, txorizo, urdaia) lagundu edota saltsa min batez prestatu aurretik, zorrozki eta pazientziaz garbitu behar izaten da karakola, lerdea erabat erauzteko.

Saltokian, izozturik, kontserban eta fresko eros daitezke, gurean. Azken era horretan eskuratzekotan, honela dio lege zaharreko aholkuak: “etxerakoan, eduki bi egunetan barau; ondoren, bi astez, eman letxuga eta belarrak. Azkenean, eduki barau berriro, zaku edo sare batean eta, lirdinga askatutakoan, garbitu eta kuzinatu”.

Lerdea arras kentzeko, itsas aldean, metodo ludiko hau erabiltzen dute batzuek: marraskiloak sare batean sartu, lotu soka labur batez makila bati, sartu hau hondarrean; itsas olatuaren kondarra desegiten den ertzean ordu erdia utzirik, garbitzaileak bainutxoa hartu edo hankak bustitzen dituen bitartean, erraz eta eraginkortasun handiz garbitu dira gasteropodoak.

Hortik kazolara!

11. abendua 2014 by edortagirre
Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu