Abe18- Arrain pudina

GABONETAKO PIKARESKA SAINDUA
(Edo nola eutsi baretasunari erosketa egitean)

Legeak onetsitako pikareska, alegia. Legea egiten duenaren dezente aurretik baitoa beti-beti marketin munduko akrobata. Normala da: bigarrenak, ohiko eginkizunean, inspektore, legegile eta epaileek baino gehiago irabazten du, informaziorik ez dugu kontsumitzaileok geure eskubideez, iruzur sozioekonomikoa ez dago gaizki ikusia, etc.

Hasteko, gogora ditzagun lilurazko mundu horretako egia batzuk:
a) Hipermerkatuek produktu-sail denetako prezioak jaitsi dituzte (arrainetakoak izan ezik).
b) Erosteko unean formatu desberdinak aukeratzen dituen kontsumitzaileak merkeago eskuratzen du erosketa-saskia, oro har.
c) Populazioz eta renta per capita aldetik ertainak diren herrietan egiten dira prezio merkeenak
d) Fruta eta barazkiak denda espezializatuan merkeagoak dira; arrainak, drogeriako produktuak eta elikagai enbasatuak, hipermerkatuan; haragia, denda espezializatuan eta udal azoketan.

Isa lagunak zioenez, komunikazioaren aroan inkomunikaturik bizi gara, nor bere aurikularrei erantsita, mundutik isolatuta, nornahi etsai, segurantzia (??) lehenetsia… Porrot eskerga hori estaltzeko adabakiak behar ditugu, gauza asko eskuratu, ea horrekin bakardadearen doinu ezin torturatzaile eta iraunkorragoa isiltzen dugun. Erostea ez da premia, ez da saria, dosi handi-handitan irentsi beharreko botika baizik.

Duela hamaika urteko (gure 8. alea zen; gaurkoa, 517.a) artikulu baten sinopsia ekarriko dugu gaur, zuon baimenarekin, gaurkotasunetik bat ere galdu ez baitu kontu honek, geroz eta zentzugabeago bihurtuak gaude. Egunotan zer erosten dugu? Zelofana, kolorinetako bildukiak, samurtasun ergelaren aitzakiatan.

Aspaldiko “Hiper-, Mega-, Estra-, Makro-, Cojo-, Super-… Merkatuak” izeneko artikulu hartan, estimulu-erantzun erreakzioa probokatzeko xedez, eskaintzak estrategikoki banatuak dituen banan-banakakoen tenpluaz aritu ginen, hara:
…Abenduaren erdialdeko ostiral ilunabarra. Xaboia, fruta, entxufea, tipulak… behar. Zerrenda eginik, goazen. Baina: “Hobe dugu, orduan, Calyproski® hiperrera jotzea, hantxe denetik dugu eta”.

(Senar-emazteak informal jantzi, kreditu bidez ekarritako 16 balbulako berlinan abiatu eta, biki mainontzi ilegorriak chiqui-parken aparkaturik, kotxetegi zabal babesgabean utzi dute ibilgailua).

Karro gehienek gaizki du aurreko gurpila: ezkerrerako joera duenez, esku horrekin bultza beharko (“Hara, gizon ttiki baina indartsua!” diote neskatxek elkarri, gure kalkulu umiletan), eskuin eskuarekin gauzak pilatuz goazela.

Sartzean, magiaz irekitako ateez beste aldean ez gaurik, haizerik, euririk, epeltasuna aurpegian. “Hau bai ongi etorria!”, subkontziente lasaituak. Leiho eta erlojurik ez baina trilioika bonbilla, txotxongilo irribarretsuak nonahi, aukera paregabe, aparteko eskaintza, sekulako mahuka, berebiziko pagotxa: horrela, zenbat eta gehiago gastatu, hainbat eta gehiago aurreztuko dugu erakunde filantropiko honetan.

Pistoleroak? Gure mesedetarako daude hemen. Utzi bakean, denak ez dira-eta txarrak.

Jendetza, baina giro polita dago toki amaigabe hauetan (batez beste, 3,8 km. egiten du erosleak). Azkenean nekatu eta desorientatu egiten zara, ene! Badirudi eszenario honetan gure defentsak neutralizatu eta erantzun emozional kontrolatuak probokatzen dizkigutela.

Bestelako musika dugu gaur: lehengo goizean doinu lirikoak genituen, erosketak patxada ederrean egiteko; orain, zazpiak direnez, rock bizia sartu dute, gaiak pentsatu gabe hartu eta arin-arin martxa egin dezagun hemendik. Jende gehiegi, hori bai. Errua gurea da, azken orduan oroitzen garelako erosketez. Zergatik ez dago kutxa gehiago?

Barneko zerbaitek aginduta, beti eskuinetara jotzen dugu: hortxe traste garestienak, alferrikakoe¬nak. Botoi-garbigailurik edo katuentzako ile-kizkurgailurik oraintxe ez dugu behar baina, hona gatoz beti…

Haranzko bazterrean neu bakarrik, magalpeko ezkutalekuan: hantxe atzemango dut ospakizun entrainable hauetarako edabe berezia. Egia da, iazkoa ireki gabe dugu baina… honek itxura hobea du.

Auzoak esan digunez, hipermerkatuan gune beroak eta hotzak daude: korridore-buruan erraz saltzen da dena: mendikleta digitala, pure adimentsua, unisex poxpoloak eta jogurt analogikoa, Veneziako mandarinen ondoan. Karroan dagoen zer hori ere gurea al da?

Altuerak ere desberdinak dira: goieneko solairukoa, salgai ez balego bezala, ia; begien mailakoa, barrura zuzenean; eskuen altuerakoa, eskuera; eta sotoko ontzi handiak, bila dabiltzanentzat. Goazen bizi-bizi, bestela itxi egingo dute eta. Gabonetako perfumerik ez al da etxean? Tantarik ez?

Hemen ez omen dugu erosiko behar duguna soilik: barne-estatis¬tikek diotenez, premiazkoa baino %45 gehiago erosten du jendeak garai arruntean. Eguberrietan, pentsa. Host…!, zera, diam…

Sekulako buelta egin eta oraindik ez daukagu premiazkoa: ogia, txitxarroak, kafea, laranjak…

Ongi asmatua dago arrandegian ilararik egin behar ez izate hori; denbora alferrik galdu ordez, gauzak erosten segitzeko aukera ematen dizute pantailek: harturiko zenbakia begiratu besterik ez duzu. Zapo-buztana 29,95 euro? Ai, ama!, Pellorenean 21 eta garestia iruditu zitzaigun. Hau marka! Borragomak ere dozenaka hartu behar izatea…

Eskarmentua aspaldi dugu honetan: pentsatzeko astirik gabe, erdi hipnotizatuta zabiltza beti, presaka, hara-hona, karroari bultza. Etxerakoan, nekatuta. Baina pozik (zoriontsu, ez: pozik). Zenbat eta metro (eta minutu) gehiago egin, orduan eta gehiago ikusiko, eskuratuko dugu: horregatik aldatzen dute ordena maiz. Eta banatzaileak apala lepo bete gabe utzi badu, enpresak kartila leituko dio.

Hausnarketa

Etxerakoan, azterketa: gu harrapatu izana ez da txiripa. Kamera asko duzu zuri begira. Higierak, joera, jarrera, jokaera, ñabardurak… dena aztertuko dizute horiek. Datuen arabera, saltokien antolamendua aldatuko da agian, hurrengorako, zerorri gauzak eskurago jartzearren:

Zeu baitzara haren finantzari, zerbitzari, biltegilari… den-dena. Areago: zure zaletasun eta azturak haien data-bankuan geratuko dira, hurrengoan zuri nola zuku gehiago erauzi ikasteko. Eta kreditu txartelarekin ordaindu baduzu, zure leialtasuna sarituko dute. Eta…

Lezioa: prezio hobeen bila hipermerkatura joatekotan, goazen zerrenda itxita, ez barkatu deus.

18. abendua 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu