Abe19- Gaztaina egosiak

MANDARINA,

beti ahazten zaigun bigarren mailako zitriko hori

Asia tropikaletik ekarritako mandarinondo berezkoek eta hibridoek ematen duten laranjaren senide txiki, txapal, gozoagoa da, haren garraztasun nabarmena ez duena, zientifikoek Citrus reticulata bataiatu dutena.

Mandarina hitz berri-berriaren arrazoia ez da segurua: oso litekeena da herri xeheak Txina erromantikotik ezagun zuen gutxi-gutxi hartatik, mandarin buruzagiekin edo haien laranja koloreko arroparekin gogoratzea, zitrikoa bataiatzean; izan ere, Mediterraneoko herrialde batzuetan (Grezian klasikoan, behintzat) aspaldi ezaguna zen arren, Europan, oro har, mandarina XIX. mendera arte ez zen ezaguna; orduantxe hasi zen laboratzen eta kontsumitzen.

Laranja baino txiki eta gozoagoa, eskuz (lanabesik gabe) eroso zuritzeko modukoa, fruta osatzen duten hamar atalak elkarrengandik erraz bereizten dira zukurik galdu gabe… dena alde duela, munduan gehien zabaldu den zitrikoetako bat da (1.600 espezie daude gaur, eta hazirik gabeko hibrido berriak ari dira hedatzen, batez ere).

Mandarina gehientsua gordinik kontsumitzen da, fresko, postrean eta otorduz kanpo. Sukaldaritzan okela astunak (txerrikia, ehiza) eta berez oso zaporetsuak ez direnak (oilaskoa, indioilarra, ur gezetako arrainen bat) laguntzeko saltsa gazi-gozoen osaketan, mazedonian, pastel eta bizkotxoen betegarri, sorbete, izozki eta erreximentak egiteko prestatzen da.

Azala, lehortu eta birrinduta edo ziri mehetan, jaki batzuk, edari freskagarriak eta likoreren bat ere poliki lurrintzen ditu.

Gure saltokietan mandarina fresko agertzen da, batik bat, baina bestelako produktu batzuk ere ikusten dira salgai: zukua, konfitura, esentzia, etab.

Lau multzotan sailkatuak dituzte mandarinak:

  • klementina: mandarina eta tangerina aljeriarraren gurutzearen emaitza izaki, kolore laranja bizikoa esfera zapaldu hauek ez ohi dute hazirik, zapore erregularra dute beti eta oso erraz erauzten zaie azal pikortsua. Azaro eta urtarrilaren artean agertzen dira merkatuan.
  • clemenvilla: klementina baino askoz handiagoa, bera bezain gorria eta oso zukutsua, zaporez, aukeran, gezagoa den arren.
  • hibridoak: kolore erakargarriko azal hertsi-hertsia eta tamaina egokiko fruitu zukutsu gozo-gozoak, oro har. Hibridatutako barietate asko komertzializatzen dira eta batetik bestera era askotako aldeak daude: batzuk berantiarrak dira, beste batzuk handiago edo gozoagoak, beste hainbat ugariak dira edo garraioa ongi pairatzen dute, etab.
  • satsuma: japoniarra da kolore laranjadun mandarina lurrintsu eder honen azal lodia. Gurean agertzen den lehenetakoa izaki (irail-urrian ikusten dira lehenak), lurrina bai, baina mamia ez du goi mailakoa.

Aukeran: zitriko guztiak bezala, astuna (zukuz betea), lurrintsua, fruta heldu ahala gozo eta biziagoa bilakatzen dena; distiratsu egotea ez da ezeren adierazle: distira emateko, argizariz lurruntzen dituzte aleak, bildu berritan.

Saihestekoa: hanpatutakoak, belaxkak, aromarik gabeak, pisu arinekoak (zuku askorik ez daukaten seinale), sasoi hastapen eta amaierakoak (batzuk, artifizialki umoarazi baitituzte).

Kontserbatzeko: sukaldeko giroan, pare bat aste; mandarina ez da hotzen laguna, tropikala da jatorriz.

 

19. abendua 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu