Abe2- Erdi aroko (XV.m) Nafar eltzekaria (F.Idoate)

Gure altxor delako hori

EUSKARA, BARAU

Mendebaldeko autore sukaldaritza, egun, ia erabat japoniarra da: lehengaiak, tresneria, egoskerak, aurkezpena. Sukaldari batek bide hori aukeratu eta, artaldean bezala aritu behar, geometria perfektuaren bila. Badirudi erdi-goi mailako profesional saiatu horiek, oro har, irizpidea pertxan laga dutela, ogibideari dagokiola, gutxienez. Esferifikazioak? Baita makarroietan ere. Aparrak? Entsaladan orobat. Modenako balsamikoa? Kafesnearekin, ezinbestez. Joera ez da berria: esnegainaren aroa aspaldi pasatu zen hemendik, Euskal Sukaldaritza Berrian.

Beste joera bat: bertatik diru asko ateratzen duten profesionalek (sukaldari, somelier, kritiko, merkatari, ekoizle, kazetari edo, areago, hedabideek) euskaraz deus ez egitea erabaki dute, aitzindariek euskal estrata aukeratu bazuten ere: “Escualdun cocinera” (1864, Baiona) estreinakoa dugu etxean “Cocinan icasteco liburua chit bearra famili gucietan” (1882, Tolosa), bigarrena, etc.

Orain hiru bat urte ikerlantxo bat egitea agindu zitzaigularik, euskal produktu, egospen eta abarren definizioak, azalpenak etab. jaso behar izan genituen. “Goazen amaraunera, internetera”, geure artean. Joan eta… hura basamortua! Taxuzko eta bromazko hiztegitxoak, minimun minimorum, elkarri kopiatutakoak gehientsuenak, zorroztasunik ezaren paradigma; baita artikulu monografikoak ere: frantsesez berrogei orri, euskaraz bost lerro.

Libururik, bideorik, prospekturik, kartarik, telesaiorik ez dago euskaraz, profesionalek ez dihardute euskaraz, akaso aldeanokerian ez amiltzearren. Hobe da ingelesez, edo frantsesez. Baina horietan ere ez dakitenez, nonbait, segi espainolez bakar-bakarrik. XXI. mendean dozena bat urtez barneratuta.

Areago, euskaraz irakur daitekeen parte ñimiño hori ere ez dago euskaraz sortua, euskaratua baizik. Eta euskaratzean gauza xelebre askoak utzi dira, etorkizunerako. Horrela, hobera egiten badugu, aldapa gora ez dugu gogorregia izango.

Euskal Historiaurrean bizi gara, oraindik idazten ikasi ez baitugu. Lotsagarria da panorama. Baina lotsatu ez gara gu egingo, bekatu dutenak baizik. Unibertsitate ikastegi bat zabaldu dute Donostian eta izenari “basque” arriskutsua jarri diote. López Unibertsitate aurrehistorikoa, ote?

Geroak esango.  Biharkoak ez, bederen.

 

02. abendua 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu