Abe22- Hotz katea ezin da eten

HOTZ KATEA

es: cadena del frío; fr: chaîne du froid; en: cold chain.

Horrela esaten zaio euskaraz elikagaiak (lehengaiak, osagaiak edota jaki bukatuak, oro har) tenperatura jakin batean irauteko xedez egiten diren eragiketa logistiko eta domestikoen multzoari (garraioa, mantentzea, metaketa), jan-edan horiek kontsumitzailearenganaino osasuntsu eta beren ezaugarri fisikoak (zapore, usain, uki, kolore, itxura) osorik iritsiko zaizkiola bermatzeko. Elikagai batetik bestera mugako tenperatura eta tolerantziak desberdinak dira, erakunde arduradunek hala xedaturik; adibidez, 0 / +2°C arrainarentzat, +2 / +8°C elikagai freskoentzat, -18°C izoztuen kasuan, etab.

“Kate” hitzak adiera osoa du, etapetan eta etapa tarteetan jarraitasuna ez hausteak berebiziko garrantzia baitu; bestetik, jakiak ezer galdu gabe iraunarazteko konpromiso horrek lotzen gaituelako beste zaletasunen gainetik.

Kate-begi bakar batek ere ez du huts egin behar, horretan; bestela, janariak babesteko helburuz hasieratik eginiko ahalegin guztiak alferrik galduko lirateke. Hotz katea etengo balitz, jan-edanak desizoztu (edo epeldu, besterik gabe), lehenik, eta ondoren berrizoztuko lirateke, bakterio eta gainerako mikroorganismoei —salmonella, estafilokokoa, listeria— ugaltzeko aukera emanez. Bakterio horiek “kontsumitzeak” intoxikazioa sortaraz lezake eta, kontsumitzaile denak berdinak ez bagara ere, emaitza kaltegarriak izango lituzke guretzat: sukarra, sabeleko minak, beherakoa, gonbitoa edo, areago… okerrena.

Hotz katea osorik mantentzea ez da zaila. Aski da neurri zorrotz baina soil batzuk hartzea, uda osoan iraungo duen ohikotasun mesedegarri baten barruan, hara:

a) katea zorrotz errespetatuko dugula kontrolatzeko, termometroak jartzea;

b) elikagaien tenperaturak gorabehera latzik izan ez dezan zaintzea (aire korronteetatik kanpo gordetzea, argindarra eteten bada izozkailuko atea ez irekitzea, etab.);

c) erosketa handia egin aurretik, ibilbidea antolatzea, izozturiko produktuek denbora asko eman ez dezaten toki segurutik kanpo (saltokiko izozkailutik gure etxeko izozkailurako bidean);

d) erosketak egitean, zorro isotermiko onak baliatzea (azalera handietako “marka zurikoak” merke baina aproposak dira) elikagaiak hotz gordetzeko, tenperatura galerarik gabe;

e) etxera iritsitakoan, aurreneko zeregina: izoztutakoak bere tokian uztea, ahaztu gabe.

Loteria? Zein loteria?

22. abendua 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu