Abe28- Mazapana

GABON ZAHARREKO AFARIA

Miarritzeko “Hispano-Iberique” klasikoan, 180 lagunentzat

Hotel ezagun hori kudeatzen duen enpresa judutarrak Getari herri kuttunean Guggenheim  izeneko establezimendu bat martxan ipini nahi du,  heldu den abendurako, Vic-eko seme ospetsu eta enologoen patroi den San Antoni Maria Claret-en omenez

Ekonomia agerikoaren indartzaile, ezkutuko jarduerak sendotzeko eragiketa zonbait, beraz, hotel xarmant horretan gorpuztuko dira. Ostalaritzaz aipu egiteko tenorean, ezin aipatzeke utzi hoteñoa gobernatzen duen staff-ek lortu duela Hexagono osoko chef ugari bildu eta, hauen arrakastak erakarririk, Lapurdiko (lapurdi = ebasle, ohoin edo lapurrek hartutako lurraldea) turismoa merezi duen tokian kokatzea, hain zuzen: gangster, nakotrafikante, proxeneta eta poliziek osaturikoa, batik bat.

Dirurik ez, baina turismoa bai, alegia.

Enpresa sionistak eginiko gonbit-eskutitza eskerturik abiatu ginen Santa Viztoria  egunean, ganadu (zaldi  eta gamelu) feriatik bueltaska egin ondoren, dohainezko aurkezpen-afarian parte hartzeko berarizko eta benetazko txartelaren bila. Jende-ilada luze hartan bildutako pertsonaien artean, politika, polizia, ekonomia eta arte (?) alorretako aurpegi ezagun askoak ikusi genituen.

Enpresaren helburuak adierazi zituen, lehenik, Mr. Flick gerenteak: Hego Euskal Herrian berrogeigarren eraikina zabaldu nahi dute aurki, era guztietako jende marginala (gazteak, homosexualak, ama ezkongabeak eta bestelako elbarritu eta ezinduak ) sartu ahal izan dadin luxuzko giro horretan. “Lehen Munduan bizi gara, libertatearen inperioak kateaturik” itxi zuen diskurtso laburra zuzendariak.

Era guztietako luxuaz (ontziteria osoa -edalontzi, kubierto, platerak- erabilera bakarrekoa izango da, hanburgestegietan bezala) jantziriko jantokia bisitatzera eraman gintuen ondoren, bertako piszinaren ertzean kanape-afaria dasta genezan “Les Hotel-Cassinos de la Côte Hispano-Basque Nord-Ouest” enpresaren kontura.

Amaitzeko eta labur beharrez, hona Paristik eginkizun hauxe betetzera berariz etorritako chef-ek prestatu beharreko gutizien zerrenda:

–  Azalore-zopa hotza, marraskilodun odolosteekin gratinatua,

–  Makarroi-salda arroz-marmeladaz loditua, kartoizko kazolan,

–  Chef-aren kostila-xurruta Seltz-eko urez ernatua,

– Zipai-egurrez beroturiko aingira-erroskila gozo-gazi-gezak,

–  Lukainkaz beteriko angulak tomatedun donutsekin, kiwi-kremaz,

–  Anis-alez beteriko dilistez beteriko ilarrez beteriko azeitunez beteriko mahatsez beteriko arrautza gratinatuak, eajota saltsaz,

– Odolki deskrematua ezti-kremaz, Intxaurrondoko igelen saltsan,

–  Lurunetan egositako saiheskia, cordon bleu,

–  Sardin zaharrez beteriko oilasko lakatua, melokotoi-siropez lurrindua

–  Gaseosa mizpiraz aromatizatua, somelier-ak berariz prestatua.

Ongi pasa urteko azken igande hau eta datorren urteko guztiak!

28. abendua 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu