Abe30- Malats edo turmix elektrikoa

 

MALATSA

sin: irabiagailu; es: batidor; fr: fouet, mixer (elektrikoa); en: whisk. Gaztagintza tradizionalean, esnea eskuz irabiatzeko baliatzen den lanabesa; tanta itxurako tresna da, kirten luze batetik irten eta, handik tarte batera biziki okertu eta giderrera itzultzen diren sei-zortzi bat hagatxo okertuk osatutakoa. Era berean, industrializazioak asmatutako berrikuntzak sukaldean sartu aurretik adaxka sortak (sahats egurra, egokiena omen) erabili izan dira irabiatze lanak egiteko.

Hedaduraz, egungo sukaldaritzan erabiltzen den tresna, bai likidoak soilik edo likido eta solidoak irabiatzeko, emultsionatzeko edo nahasteko (arrautzak, tortilla egiteko), baita nahasketetan airea sartzeko ere (zuringoak elur puntura harrotzeko, bolumena areagotuz eta dentsitatea txikituz). Irabiagailuaren funtsezko helburua, nolanahi ere, elikagai likido edo erdi-likidoen loditasuna aldaraztea da, pikorrak sortzea galaraziz, hariak behin eta berriro pasatzeari esker.

Egun, bai kirtena, bai ziriak, metal, plastiko, banbu edo silikonazkoak (ontzien azalera ez urratzeko) dira, batik bat.

Malatsen tamaina eta formak bete beharreko eginkizunen arabera aldatzen dira. Hauek ditugu ohikoenak:

Eskuzkoak:

  • klasikoa, kirtenari itsatsita tanta edo bola antzekoa daukana, ontzi ahurretan (bol, katiluan) erabiltzekoak;
  • malats frantsesa, zilindrikoa, lirainagoa, ontzi sakonetan baliatzeko egokia;
  • irabiagailu laua, hari edo hagatxoak plano berean dauzkana, sakonera txikiko ontzietan (paderetan, adibidez) edota bolumen txikiak lantzekoa, roux eta antzekoen prestaeretan ohikoa;
  • espiral itxurakoa: espirala kirtenari perpendikular dagoenean, egokia ontzi estuetako bazterretan pikorrak desegiteko;
  • mutur boladunak dituena: bazter estuetako (hondoak eta paretak angelu zuzena egiten dutenetan, adibidez) osagaiak nahasteko eta aparrak berehala harrotzeko aproposak dira bola astunak, are ore lodi eta trinkoak lantzeko ere; mota honetako irabiagailua, bestaldetik, bestelakoak baino errazkiago garbitzen da;

Mekanikoak:

  • malats biraderaduna: buru bakar edo bikoa, biraderari eragin eta, engranajeen eragintzaren bitartez, burua arin-arin jiratzen da ardatz bertikalaren inguruan. Gaur egun ia desagertua dago irabiagailu mota hau.

Elektrikoak

  • eskuzkoa: barruan motorraz hornituriko kirten edo heldulekutik ateratzen den ardatz metalikoaren muturrean malats edo helizea dauka (biak, maiz, aldatzeko modukoak) turmix izeneko honek; eskuzko malatsen biratze abiadura baino askoz ere handiagoa izateari esker, saltsak eta aparrak prestatzea biziki erraztu dute aparatu hauek. Etxeko sukaldean baliatzekoak txiki eta soilak dira baina industrialek tamaina handia hartzen dute, indar eta erresistentzia handiagoko lanei aurre egiteko. Aparatu hauekin, irabiatze lanak helizeak egiten ditu, bidean topatzen duen guztia (pikorrak, kondarrak) suntsituz;
  • robot izenekoak: honelako aparatuetan, irabiatzeko mekanismoa ontzi batean integratu da eta, bolumena ez ezik, konplexutasuna ere handiagoa da: abiadura, denbora, tenperatura eta beste hainbat parametro aldatzeko aukera ematen du aparatuak. Ez ohi dira oso eroankorrak, definizioz;
  • sukaldaritza profesional handietan jirafa motakoak ohikoak dira: gurpilen gainean doan aparatu astun batetik luzatzen den beso artikulatu edo malguaren muturrean hainbat buru-mota ezar daitezke, eginbeharren arabera: birrindu, harrotu, nahasi, etab. Honelakoak, eskuarki, bolumen handi, denbora luze eta loditasun trinkoko gaietan erabili behar izaten dira.

30. abendua 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu