Abe7- Konpota negukoa

URTE TRISTE BATEKO (2008) BALANTZEA

KRISIA, ADIERA ASKOTAN

Bukatu da, akabo! Joan zaigu, kostata joan ere, urte triste ilun erdipurdikoa.

Horrelaxe izan da baina…  Urtea guk jantzi dugu horrela, aldez edo moldez:

 1. Madof piramide magikoan sinetsi nahi izan omen dutenen eskuetan gure diruen (baita herri-diruen) administrazioa utzi dugulako: horrek ondorioztatu du eta ondorioztatuko du mundua bitan banatzea. Zati bat geroz eta aberatsago, txikiago, hautuago. Bestea, behartsuena, geroz eta zabalagoa, hamaika klase edo kastatan banatua: elikagaiak geroz eta garestiago ordaindu behar izaten duen klase ertaina, limosna eskean aritu behar izaten duen sektore baztertua, sistemak bereganatu duen gazteria alienatua, egunez egun okerrago elikatzen dena urtez urte pagatzen dituen prezio handiagoen truke, etc.

 Mundua goseak dagoela dioskute antolatzaileek, guregan errudun sentimendua ezartzeko eta gure herritar-kontzientzia samurtzeko, pribilegiatuek egunero milioika tona elikagai galtzen duten bitartean, merkatuko prezioei eustearren. Zenbat eta desoreka handiagoa, orduan eta tarte zabalagoa aberasteko, orduan eta (justiziaren partez) karitate santua praktikatzeko aukera handiagoa, imajina hobea, irribarre eta malko humanoagoak.

 Horri esker loratzen dira gailurrak Erroman, Kopenhagen eta beste nonahi, berebiziko luxuzko errituetan sekulako dirutzak xahutuz, “Ba al dugu planeta elikatzerik?” eta antzeko falaziei erantzunik ez emateko xedez. Ihardespena, berriz, ezaguna dugu: “Bai, bada munduko herritar denentzako adina jan (8.000 milioi gizaki elikatzeko ere badago gaur bertan, zientzialariek diotenez), baina ez zaigu komeni ongi banatzea, egiazko negozio erraldoiak ez direlako mamitzen justizia nagusi dabilen tokian, desoreka latzetan baizik.”

Horren adibideak: Europar Batasunak Marokkori inportatuko dio 284 milioi tona limoi, tomate eta gainerako begetalak, aduana-tarifarik ezarri gabe. Herrialde horretan lehengaiak askoz ere merkeago ekoizten direnez, Europak diru gutxiago ordaindu beharko du, garestiago gertatuko zaion arren.Ez kezkatu, zor hori ere guk kitatuko dugu, orain edo geroxeago. Esan gabe doa, Europako tomate eta limoiak, azpi-produktutzat hartuta, zakarrontzira edo zuku-fabrikara joango dira. Milioika kakao-arbola ipurditik atera izanari esker, 2009an txokolatearen prezioa altxatuko dute. Eritreako pikaroek garia esportatu dute 2008an.

 2. Teknikarien iritzi zientifikoaren gainetik, politikoen epe laburreko asmoak lehenetsi ditugu hainbat arrainen arrantzan edo debekapenean, adibidez. Ez dakigu klima-aldaketaren edo beste ezeren ondorio den, baina kontua da arrain asko falta direla hemen aspaldiko partez: sardina, antxoa, akula, bisigua, berdela, arrain handia orokorki, hegaluzeak ere kale egin du aurten… Errezeta liburu zahar bat ikusi nahi duzue, hemen zenbat arrain klase prestatzen ziren kontsultatzeko?

 Askotan esan izan dugu (guk ere): baratzean jorratze, bakantze, ongarritze… lanak egin behar ditugu baina itsasoan ez dugu horrelako zereginik hartzen. Nola espero ote dezakegu emaitzak betirako irautea, ekarri eta ekarri eta, ordainetan, plastikoak eta hondakin erradiaktiboak baizik ez itzuliz?

Hortaz, lehorreko arraina jaten ikasi beharko dugu, nonbait. Baina arrain herbiboroa, ez karniboroa. Esate baterako, 350 gramoko urraburu edo erreboilo bat egiteko piszifaktorian pare bat kilo itsas arrain eman behar zaio. Horrelako ekologiaren bidetik ez goaz urrutira.

3. Espekulatzaileei entregatu diegulako geure arima, hau da, geuk elikagaien ekoizleari erosi eta kalitatea, etc., exijitu ordez, azalera handira jotzea nahiago izan dugulako. Horrek ondorioztatzen du produktoreari gutxiago ordaintzea, elikagaiak urruti-urrutitik ekartzea eta bertakoak galtzen utzi edo sutan erretzea (brokoliak, esnea…).

Kontu jakina da jaten dugun tomate, arto, ilar, sojadun gehienak transgenikoak direla. Aurten patataren, pepinoaren, B73 artoaren, marrubi eta beste hainbat landareren genoma deszifratu dute zientifikoek. Horrek, Euskal Herrian sehaskatik ezagutu dugun tradizioaren arabera, badakigu zer esan nahi duen… Aurki Monsanto markadun transgenikoak edo Monsanto markadun ekologikoak erosi beharko ditugula.

 4. Lehen eta oraingo erdal agintari erdalzaleek ebatsi dizkigutelako geure hizkuntza erabiltzeko arauak, okerreko ereduak eman dituzte eta, orain, herritar xumeak (tabernari, dendari eta antzekoak) beren kartak eta beren mostradoreetako jeneroa euskaraz izendatzen serio hasi direlarik, lehen kategoriko instantziak bide anglo-hispano-frantsesetik dabiltza: liburuak, hedabideetako saioak, unibertsitatea, etc.

Aurten, berriro ere, haur, txakur eta garrantzi gabekoekin bakar-bakarrik euskaraz bizi nahi izatea ondo dagoela frogatu digute. Ikastolarentzat dirua eskatu bai, baina unibertsitateko sukaldariak, erdaldun. (Noski, frantsesak ere erdaldunak dira). Nola, ba? Hizkuntza ez jakitearren lotsatuta? Euskaraz ikasteko arrisku aurrean, ikaratuta? Euskaraz ez ikaste horretan egunero tematu, autodeterminatu, baina horrela aitortzeko ausardiarik ez? Euskaraz (ere) analfabeto garela eta horrelaxe segitu nahi dugula adierazteko gogorik ez? Erdipurdiko profesionalak (somelier, zerbitzari, sukaldari) izatea nahiago euskaraz trebatzea baino?

 Tira, hau ez omen da toki aproposa estatus berbera espainolari eta euskarari aitortuko zaiela esan duena kartzelan sar dezaten eskatzeko.

 

07. abendua 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu