Abe9- Porru pastela

ITSAS KARRAMARRRO ERRALDOIAK (eta II)

Buia

sin: petaka (Cancer pagurus); es: buey; fr: torteau; en: edible, ox crabe. Atlantikoko iparraldean, marga eta hondarrezko itsas hondoetatik gertuko arroka zuloetan ezkutaturik bizi da egunez, eta gauez, jan bila (molusku eta krustazeoak baina, batez ere, sarraskia, nekrofagoa baita) txango luzeak egingo ditu. Azal eliptiko lau eta mami goxoz beteriko bi hagin erraldoi (arrak emeak baino handiagoak) ditu kolore gorrixka iluneko krustazeo gautar karniboro honek, Europako karramarro handiena: ar heldu ertainak 15 – 20 cm-ko zabalera eta kiloko pisua hartuko du 20 urteko bizitzan, horretaraino iristen bada, baina ez omen du aukera handirik: normalena, lehenago arrantzaleek harrapatzea izango da. Arra baino sabeltsuagoa da emea, eta goxoagoa jateko, biak ere jangarri direlarik. Hankak erauzita ere, berriro ateratzen zaizkio, krustazeo askori bezala.

Gogoan izatekoa: erosten den 100 gramotik 20 baizik ez dira jangarri (1/5, alegia), baina mamia oso asegarria da, itsaski guztiena bezala.

Buia da Europan krustazeorik gutiziatuenetako bat, mami goxo-goxoa duelako. Neurri zorrotzak xedatu ezean, petaka hau kontsumismo mugagabeak galduko du luze gabe: kontsumitzaileak lehenago karramarro osoa erosten zuen, bi haginak jateko; egun, hagin horiek bereiz saltzen direnez, jatunak askoz ere karramarro gehiago beharko ditu bere nahikeria asetzeko.

Euskal sukaldaritza klasikoan txangurroa bere oskolean prestatzen den bitartean, egosteaz bestelako ontzerik ez diogu ezagutzen otarrainaren tankerako jakia duen dekapodo honi, buia izenekoari. Eme (koral edo arraba goxoarekin olio-ozpinak moldatzeko, adibidez) astuna eskuratzea komeni da, pisutsu izate hori hustu ez den seinale baita. Egosita jatekoa bada, hartu kilo erdia laguneko; betegarri izateko (krepe, pikilloak…), berriz, horren erdia.

Gure saltokietan, egun, buia bizirik, egosita, izoztuta eta kontserban (latan) merkaturatzen dira.

09. abendua 2014 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu