Urt-30 Platuxa saltsan

Ilbeltz honen akabera, bihar; gaur ostirala

Zerealez beste zerbait jakin nahi?

Hauxe ekarri dizugu Elikadura Hiztegitik:

sin: labore; es: cereal; fr: céréale; en: cereal. “Laborari” kontzeptuarekin lotuta (latinez labor, esfortzua, nekea; hortik, batetik nekazaritza eta bestetik laborantza termino baliokideak eta, etimologiaz, oso antzekoak).

Erromako mitologian nekazaritzaren jainkosa Ceres da, gari, olo, sorgo, artatxiki, zekale, arroz, arto, garagar eta antzeko elikagaiei abizena ezarri diena alboko hizkuntzetan.

Zerealen hazi edo aleak, irin bihurtu arte ehorik, gizakia eta animaliak elikatzeko laboratu dira Neolitoaz geroztik. Gizakiarentzat ia elikagai osoa izaki (karbohidratoak eta lipidoak baititu, zuntzaz gainera, eta batzuek gluten proteina ere bai), munduan kontsumituenak artoa (Amerikan), arroza (Asian) eta garia (Europa eta Afrikan) dira.

Laboreei, bildu ondoren, prozedura hauek aplikatzen zaizkie egun:

1) eultzitzea;

2) aireztatzea;

3) lehortzea;

4) metatzea;

5) garbitzea, sailkatzea, zuritzea, ehotzea, egokitzea, bustitzea, lehortzea, bahetzea;

6) (kasuan kasukoa) labean erretzea, frijitzea, estrusatzea, hartzitzea, txigortzea;

7) ontziratze eta komertzializatzea.

Modu hauetan, batik bat, kontsumitzen dira zerealak:

  • aletan (arroza, artoa, garia, garagarra, oloa),
  • irinetan (garia, zekalea, espelta),
  • semola (gari gogorra, artoa),
  • gosariko zerealak (oloa),
  • malutak (oloa, artoa),
  • pasta (gari gogorra, espelta, arroza),
  • alkohola (whiskia, garagardoa).

Zereal aleekin lau elikagai multzo hauek egiten dira egun:

1) labean erretzen diren irinezkoak (ogia, opilak, gailetak);

2) zahia eta, maiz, hozi edo germena erauzitakoan, aleak ehotzearen ondoriozkoak (arroza, irinak, garagarrezko perlak, arto txikitua, pastarako semolina, gosaltzeko laboreak, zopak, saltsak, lodigarriak);

3), gordinik, xigorturik edo egosita dauden ale hartzietatik egiten diren edari distilatuak edo distilatu gabeak (garagardoa, whiskia);

4) ale osoa duten produktuak (oloa, arroz arrea, kruxpetak, gosaritarako elikagaiak).

Munduan egun gehien kontsumitzen zerealak eta sasi-zerealak hauek dira:

Funtsezkoak:

  • artoa (Zea mays)
  • arroza: arrunta (Oryza sativa) eta afrikarra (Oryza glaberrina)
  • garia: biguna (Triticum aestivum, subsp. aestivum), espelta (Triticum aestivum, subsp. spelta), gogorra (Triticum turgidum, subsp. durum), almidoitsua (Triticum turgidum, subsp. dicccum), poloniarra (Triticum turgidum, subsp. turanicum), ezkaina (Triticum monococcum monococcum)

Bigarren mailakoak:

  • garagarra: arrunta (Hordeum vulgare, subsp. vulgare), sei ilarakoa (Hordeum hexastichon)
  • sorgoa (Sorghum bicolor)
  • oloa (Avena sativa)
  • artatxikia: arrunta (Panicum milliaceum), indiarra (Panicum sumatrense), italiarra (Setaria italica)
  • zekalea (Secale cereale)
  • tritikalea (gari eta zekalearen hibridoa)
  • artobeltza: arrunta (Fagopyrum esculentum), tartarikoa (Fagopyrum tartaricum)

Hirugarren mailakoak eta zereal-antzekoak:

  • fonioa: zuria (Digitaria exilis), beltza (Digitaria iburua), ale handikoa (Digitaria deflexa), alpistea (Phalaris canariensis)
  • kinoa (Chenopodium quinoa)
  • amarantoa (Amaranthus caudatus)
  • koixa (Coix lachryma-jobi)
  • artatxiki gorria (Eleusine coracana)
  • arroz basatia (Zizania palustris)

30. urtarrila 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu