Urt14- Kardua hezur-hunez

Kardua

sin: karlo (Cynara cardunculus); es: cardo; fr: carde, chardon; en: cardoon.

Baliteke hitz horren jatorria latinezko carduus izatea, hots, kanpamendu militarra, akaso horrelakoetan ematen zen arrantxoaren osagai arruntenetako bat kardua bera izatearren. Kontua da alboko hizkuntza denetara latin klasikotik joan dela, aldaketa larririk nozitu gabe.

Orburu “modernoaren” arbaso den landare honen orri mami negutar erraldoia tradizionala dugu Eguberritako mahaian aspaldi honetan, neguari ongi etorria emateko.

Jangarri izan dadin (argitasunak mikatz eta gogor bihur ez dezan) nekazariak lurrez, lastoz edo film ilunez estaltzen du kardua, etengabe. Horrela, zuri eta guriago gertatzen da mahaian.

Landarearen zaina, azal iletsu edo arantzatsua zorrotz erauzitakoan, egosirik kontsumitzen da, esnetan inoiz, urdaileko mingostasuna arintzeko.

Loreak, berriz, orburuak bezala prestatzen dira edo, bestela, esnea mamitu eta gazta ezagun batzuk eratzeko baliatzen dira.

Nafarroan hiru kardu mota bereizten dituzte: Azkoiengoa (berde erraldoia ), Corellakoa (gorria, txikiagoa) eta arantzatsua (zain zabal eta hosto handikoa).

Euskal Herrian fresko, izozturik eta flaskoan, kontserban, egoten da salgai.

Aukeran: (gordinik, 500 gramo laguneko) zain gogor, lau, zabal, mamitsukoa; ahal dela, ale txikia.
Saihestekoa: ale makal, bigun, huts, arinak, handi-handiak.
Kontserbatzeko: astebete hozkailuan, plastikozko zorro zulatuan. Zuritu gupidarik gabe, galdarraztatu ur irakinetan, egosi ordu erdiz, aldatu ura, egosi berriro, etab., ongi samurtu arte.

14. urtarrila 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu