Urt19- Ensarinadak

Gaur ez dago maskaradarik, astelehena delako. Danborradak izango ditugu gaur ilunabarrean. Maskaradak, berriz, atzo hasita, udaberrira arte.

BISIGU DONOSTIARRA

San Sebastian tarteko, horra doa bi lagunentzako Iru Txulo erako RZ (erre zeta, errezeta)

Garbitu arretaz bisigu ertaina: kendu ezkata, hezur edo bizarrak eta barrunbeak. Pasa uretatik. Eman gatza eta eduki tarte bat.

Piztu parrilla. Garra itzali denean, igurtzi bisigua olioz, sartu bere alanbrezko kaiolan eta ipini txingarretan. Hortik ordu laurdenera (alderdi horretako azala biziki erre denean), irauli, beste aldetik egin dadin.

Ordu laurdena dugu bi baratxuri zuritu eta xehe-xehe ebakitzeko. Jarri hori padera edo zartaginean, baxoerdi bat oliotan.  

Bitartean, prestatu erretilu edo plater zabal-zabala: bisigua hortxe zerbitzatuko dugu.

Berotu baratxuri-olio hori su eztian.

Atera sutatik bisigua, ipini azpil edo erretiluan. Altxatu, buztanetik helduta, eta labanarekin bereizi hezurra, azpialdetik. Alderdi hori amaitutakoan, jarri beste aldera eta egin gauza berbera. Kendu hezur guztiak, burua izan ezik.

Baratxuriak bero-bero eginda daudenean, zabaldu bisigutik.

Ipini zartaginean baxoerdi erdi bat ozpin eta berotu, bizi-bizi. Arregatu horrekin arraina.

Jaso erretiluko likidoak eta jarri paderan, su bizian. Eragin paderari, su festak ez izateko.

Bota bisiguaren gainetik likido hori eta… mahaira, bixi-bixi!

Oharra: errezeta hori ñoñostiarrok ere egiten ikasi badugu, zer ez ote duzu egingo zuk…

Bisigua esan dugu, baina arrain urdin asko dira aproposak horrela prestatzeko: erla, txitxarro, urraburu, muxarra…

19. urtarrila 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu