Urt18- Turroiak

Muskuilua


sin: mutxiloi (Mytilus edulis); es: mejillón; fr: moule; en: mussel.

Itsaski ohikoetan merkeenetakoa da molusku kusku biko hau (karrakelarekin batera) baina, era berean, nutrizio ikuspegitik, zoragarria, hazitegikoa izanik ere (ia beti da horrelakoa).

Uretan, arrokari (hazkuntzakoa, berariazko sokari) itsatsita bizi delarik, ura iragaziz atxikitzen du elikagaia: planktona eta izaki mikroskopikoak.

Kuskuan agertzen diren marka kontzentrikoak, arbola enborrean bezala, adinaren adierazle dira, hazkuntza-etapak agertzen dituzte. Zenbat eta zaharragoa orduan eta zaporetsuagoa da muskuilua, ostra bezala.

Emearen mamia gorriagoa eta goxoagoa da; arrarena, hits edo zurbilagoa. Hauxe da gurean gehien kontsumitzen den itsaskia.

Lapurdin, kalean, litroka saltzen da oraino (horixe da anoa, laguneko: 50-60 ale), Frantziako kostalde atlantiko osoan bezala.

Hobe udan ez hartzea, tifus moldeko gaitzen eroale gertatzen baita orduan. Bestela adierazteko, sasoi hotz honetan dago goxoen.

Etxera ekarritakoan, garbitu eta kuzinatu lehenbailehen, uretatik kanpora ez baitu asko irauten toxiko bihurtu gabe. Egositakoan, itxita segitzen duena, baztertu ezazu; ez ahalegindu bortxaren bortxaz irekitzen. Fresko eta kutsatu gabe topatzeko aukerarik ez badago, gogoan izan merkatuan badirela kontserbakoak (olio, saltsa, eta eskabetxetan), izoztuak, hutsean ontziratuak…

Eginikoan, ez da komeni uretan uztea. Egosiak, limoi ttantta batez, entsaladan, pastarekin, arrozak lagunduta edota labean (gurin, perrexil eta baratxuriz igurtzita) ere, ona. jakia bexamel batekin landu eta tomate saltsarekin gorriturik, oskolean zerbitzatuta, aproposa.

Euskal Herrian muskuilua bizirik, pasteurizatuta, izoztuta eta kontserban (maiz, eskabetxetan) merkaturatzen da muskuilu umil goxoa.

18. urtarrila 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu