Urt24- Berroak

Zergatik, zergatik, zergatik… horren prezioa?

Ilbeltzeko laugarren astegun euritsu hau lauretan hasi da Manuelentzat, tripulazioko txalupa-mutilak kaletik sokari heldu eta, balkoiko kriskitina astindu dionean, ohetik jaiki dadin. Oraindik bustita dauden arropak eta bota uretakoak jantzi, bezperako kafesne grisa hartu eta andre eta hiru seme-alaba ttikiekin gogoratuz, eskaileratik behera abiatu da, porturako bidean, besoan xestoa daramala. Etxean ez dago xestoa leporaino zerekin bete: pare bat sardinzar, bezperako ogia eta bi arrautza, periodikotan bilduta; eta arropa-xirak, denaren gainetik, bultua egin eta mixeriak ezkutatzeko.

Eskerrak ekarri berria den gasoilezko motor garbiari. Azarora arte, bi kintal ikatz paleatu behar izaten zuten, motorra pizteko. Orain, berriz, makina martxan jarri eta baporea abiatu egingo da, botoia sakatuta.

Maniobra egin, txikotak kanoietatik libratu, gomazko defentsak sartu eta hortxe doaz, barra pasata, itsas zabalera. Zakarra dago gaur, tente aritu ezinik dabiltza lau gizonak baina, derrigorturik, amuan ipiniko den beita arraintokira bidean prestatu behar dute: txitxarroari bi xerra atera eta kareleko kutxan pilatzea da kontua. Norbaitek ebaki egin du hatza, itsas astinketa batean. Bai, lastima, baina igual dio: lanak garaiz amaitu beharko.

Aurki iritsiko denez, kanaberak karelari lotu, traboilak zabaldu, berunak eta amuak hariari erantsi eta gainontzeko apailuak prest utziko dituzte, heldu bezain laster dena uretara botatzeko. Zazpi t’erdiak aldera iritsi dira kalatokira eta, patroiak kasu eginda, hor geratu da baporea, “plater gainean”, geldirik.

Ohi bezala, zortzi kanaberak jarri dira lanean. Gosari-mokadu bat, sardinzarrak noski, irensteko beta hartuko dute arrantzaleek. Trago bat egin eta apailuak ekartzen hasi beharko, ilunabarrera arte, lanak txandatuz.

Ez dirudi gaur arrain asko harrapatuko denik. Hirugarren kaladak, azkenik, zerbait ekarri du: haria tenk zegoen, gogor eta, gutxi falta zenean, laxatu egin da, arrainak deskonpresioz goraka egin duelako, ur-azalera. Eguarterako hiru legatz, hiru mediana, dozena bat bisigu ziztrin, panekak, txitxarroak eta beste zerbait sartu da oraingoz, hau da, sei arrain txuri bakarrik.

Halako batean, amua ezpainetik askatu eta hor zihoan gure legatza, korronteak eramanik. Txitxarro bat jaurtita, patroiak arraina adierazi dio txakurrari eta honek, putzura salto eginda, mediana ikusi, harrapatu eta muturrarekin bultzaka dakar. Aldameneko baporekoek Lista izutu, uxatu nahi eta arraina lapurtu nahi izan diote, zerri zikin halakoak!

Ekaitzak ez du utzi nahi, hortxe dabil jendea, agoanta eta agoanta, dena bustita eta lehortzeko aukerarik gabe. Haize zakarra altxatzen duenean arrain gehiago etortzen omen da, batzuetan. Berunak eta amuak ere, askoz gehiago galtzen dira honelakoetan. Esperantzak bai, baina goiz osoan ekarri ez duguna, nekez bilduko dugu ordu pare honetan.

Seietako iluntzen hasi-eta, tresneria jaso eta baporea martxan jarri da ostera, abiada bizian. Ez da arrantza-egunik pozgarriena gaur. Jornala irabazi egin du jendeak, arrainak bentan prezio ona egiten badu. Bestela, jai. Bai, sansebastianak ere paseak dira…  Hau da, hau, atarramentua: arraina ekarri eta zerbait ordainduko ote diguten jakin ez.

Zer edo zer jan, zahatoari trago luzea kendu eta, petakatik ateratako tabakoarekin egin duten zigarroari begira, hortxe datoz bi marinelak eta mutila atzean, euri zaparradatik ozta-ozta babestuta. Patroia bakarrik bizi da, puentean. Hor ari da, irratiz lehorrera deika, bere andreari “Lekeitio bostetik, eskas”, zer harrapatu dugun klabez jakinarazteko. Motorraren alboko epelean lo-kuluxka egiteko astirik ere hartu du norbaitek, bidea oraino luzea da-eta.

Bederatziak aldera lehorrera iritsi eta… jende gutxi erosteko. Hilaren hasiera izanik ere, larunbata ez da oso egun aproposa arrain txuria erosteko, ez da benta-egun onik behin ere, jatetxeko neberak ez duelako arraina ondo kontserbatzen igande gauera arte. Aparte, seigarrenak iritsi garenez, beste baporeek asetu dituzte erostunen beharrak. Gu iristerako, prezioak erdira egin du. Panekak eta txitxarroak saltzerik ezean, beita egin eta etxera eramateko utzi beharko.

Bihar jai dela-eta, baxoerdi batzuk hartuko ditu Manuelek lagunartean. Andreak, afaria prestatzen duen bitartean, hamar urteko semea bidali du portura, pardela bete arrain eraman dezala etxera. Bertan egongo da bera, mirabe eta neskame, senarra etorri eta elkarrekin haserretzeko errezelutan.

Raimundok bost dei egin ditu telefonoz eta Bartzelonan arrain guztia erosi diote, ahal den prezioan. Raimundo artekariak baporeko tripulazio osoak baino diru gehiago irabazi du hiru dei eginda. Bizi-bizi aritu beharko, Kantauri hau aurki arrainetik antzutuko zaigu-eta.

24. urtarrila 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu