Urt28- Arroz beltza

Asteazkena da gaur, herkide.

 

 

ARBAILLARREN ELIKABIDEA

(Euskaldunon Egunkaria, 1996.01.21)

Zuberotarrak ahaide ez ditugulako, gu ere bagarelako. Euskal Herriko azken izkina izateak askotan liluratzat aurkezten digu amets gaiztoa. Dena da polita Zuberoan, dena historiko, poetiko eta zoragarri, baina inortxok ez du bertan bizi nahi. Urrunegi bizi izan gara euskal metropolitarrok eta urrutitik eguzki horri begiratzeak itsutu egin gaitu.

Hiru eskualdetan hedatzen da Zuberoa: Pettarra goiko muturrean, Basabürüa hegoaldeko arroila eta oihanen kontrako bazterrean, eta Arbailla, tarteko basoetako patxadan. Gaurkoan, azken eskualde honetako laborari familiak eguneroko bizitzan nolako elikabidea daraman jakin nahi izan dugu. Horretarako zabaldu dizkigu Urdiñarbeko Ahüsborda baserriko ateak bertako alaba Genevièvek.

Nola bizi zarete etxe eder honetan, mahaiko kontuez ari garela?
Sukaldea da etxeko gela nagusia, bertan baitago supazterra. Han zegoen zintzilik edo pausatua kobre gorrizko bertza (galdara), sutan, eta handik gertu biltzen gara gu orain ere, egunero, ahaide bakoitza bere ohiko tokian, züzülian, baina mahaiburu edo ohorezko tokirik izan gabe.

Zer dauka mahai gainean familiak egunero?
Baserrian lana eta jana txandakatzen dira. Aitak, adibidez, goizean jaiki eta kafea hartzen du. Hamarrak aldera txingarra (urdaiazpikoa) eta arrautza frijituak, hau baitu langileak jaki ohikoa, eta postrerako gasna, arno beltzarekin. Eguerdian bazkaltzen gara guztiak: legumazko (barazki) zopa eta postreren bat. Lau-bostak alderako janaria da arratsaskaria, ogi eta gasnak osatua. Afaltzeko ere zopa izango dugu mahai gainean, bera ez baita inoiz falta. Aitak, artzain zebilenean, pastexa (taloa), zenbera (zirikota edo gazura kendutako mami joa) eztiz, konfitaz edo azukrez gozatua jaten zuen maiz, guk etxean bezala.

Baserri autarkikoaren adierazgarri, nonbait?
Etxean dagoenetik eta ekoizten denetik elikatu behar: baratzea dago etxaldean, artaldea, ahuntzen bat agian, mahasti edo sagasti ttipia, ibaia, kabalak (abereak), e.a. Udara ala negua izan, janaria aldatu egiten da, baina ez asko: fresko hartu edo negurako kontserbatzen da (ahateak, mahats edo sagar gozokiak, gasna…). Dendatik gutxi ekartzen da etxera: jogurrak, barazkiren bat, txokolatea…

Ospakizuna atzematen da platerean, noski.
Bai, nolako festa den. Udan, tomate eta beste barazkiez osatutako entsalada hartzen dugu, eta fruta asko: sagarrak, udareak… Inauterietan kausera frijituak, merbeillák (ahia) eta matahámiak (krepeak) agertzen dira. Besta berezia bada, arraina (amuarraina, eskuarki) ekarriko dute, edo idikia. Pittika (antxumea) ere jaten da inoiz, jai handiren batean.

Pazko eguneko bazkaria, adibidez, zein litzateke?
Zoparekin hasten gara beti. Errai-saltsa (arkume-barrunbeak) gero, eta axuria, teka (leka) edo patatekin. Entsalada eta gasna. Azkenean, postre gozoren bat: etxean egindako bixkoxa, adibidez. Arno txuri fina ospakizun bakar batean eskaintzen dute gurasoek: etxeko alabaren ezkontza aurretik.

E.: Mahai inguruan, zuberotarra khantorian…
Gizonezkoak, gehienbat. Euskalduna erlijiozale izan da, arras matxista ere bai, baina egungo mutilek emakumeari aski laguntzen diote. Emakumeak ontziak garbitzen zituen bitartean, gizonezkoak kantari zebiltzan gaurdaino. Bai, batzuetan kantatu egiten da bazkalburuan, baina eguneroko ohitura lo-kuluska egitea da, mahaian bertan.

Zein hordi-bide du jende helduak?
Arno beltza bakarrik, ia. Etxeko mahatsetik bildu eta bertan egiten da urte osorako, baina ez da zahartzen arnoa. Sagarnoa ere egin izan da, aresti (1950 aldera) arte. Aitak ezagutu du etxean, guk ez.

Gogoan al duzu amonari edo, aspaldian ikusitako jakirik?
Neguko jaki aparta izango zen hura: oilo betea ikusi nuen nik aspaldi, baina bestenez ez naiz oroitzen.

Nolako jaki arruntak egin ohi ditu etxekandereak?
Phiperrada xuria (arrautza txuringoz) eta gorria udaran (aski piper eta tomate dago etxean), leguma-zopa, tripota (odol gutxi eta buruko haragi askoz egindako hestekia) bere sagarradaz (sagar xerrak gantzetan frijituak), etxeko kontserbak (txerrikiak, ahatea, esnekiak, onddoak, e.a.), gazna, khaillatua (mamia, gatzatua), mahats eta sagar-konfita (marmeladak)… bost gauza!

28. urtarrila 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu