Ots1- Txipiroia, txibia, begihandia

Otsail, zezeil, barantail hotz ilunaren  lehen eguna dugu gaur, igandez

Txipiroiez

(Elikadura Hiztegitik hartu dugu gaurko hau ere)

Zientzialariek teutido derizten zefalopodo (grezieraz, hankak buruan) hauetako bat da egundo aurkitu den animaliarik handiena (1933an, Zeelanda Berrian ustekabez atzitutakoa: 275 kiloko pisua eta 21 metroko garroa), baina normalean ez dute 60 cm baino luzera handiagorik.

Ekialdeko Atlantiko osoan, 500 metroko sakonerainoko uretan, ugari dabiltzan molusku hauek 60 cm luze izan daitezke. Mantu gris garden edo gorrixkaren (ingurunearen eta txipiroiaren aldartearen arabera alda daitekeena) barnean daukate oskola edo “luma”, albo banatan hegatsak eta, harrapakinei heltzeko, bentosez josiriko zortzi beso ahaltsuak eta bi garro; etsaiaren helmenetik alde egiteko, ura uhertzen duen tinta proiektatzen dute eta, normalean ere, ura presio handiz atzerantz jaurtiz mugitzen dira, bizi-bizi.

Harrapari karniboro huts, burutsu eta azkarrak dira txipiroi guztiak (taldeka antolatzen dute ehiza, komunikazio aktiboaz baliatuz) eta ez dute eragozpenik elikatzeko garaian: txiki-txikitan hazkurri bakarra zooplanktona badute ere, helduarora iristean krustazeoak, arrainak edo moluskuak (are zefalopodoak eta, areago, txipiroiak berak ere) gustuko jangaiak dituzte.

Uda eta udazkenean korainaz (berariazko amu anitza)

harrapatzen dira kostaldetik gertu, goiztirian eta ilunabarrean, batik bat. Urpekarien arpoietan ere erortzen dira eta, noski, arrastako sareek harrapatzen dituzte gehienak, balio komertzial handiko eta prezio biziko moluskua delako.

Euskal sukaldaritzak historikoki estimazio handikoa izan ditu txipiroi denak eta modu bat baino gehiagotan prestatu izan ditu, hala nola tintan, Pelaio estiloan, plantxan edo parrillan, garroak ore batean bildu eta frijituak, etab.
Tentuz kuzinatu behar da zefalopodo hau: oso gutxi edo, bestela, luze eduki beharko da su gainean, bigun jan ahal izateko. Berotzen hasi eta, lauzpabost minutu pasatakoan, gogortu egiten da, molusku guztiak bezala.
Gainerako zefalopodoez aparte (olagarroa, txokoa, pota), txipiroi hauek ditugu ezagunak gure artean:

txipiroi, txibi, begihandia, (Loligo vulgaris, L. forbesi); es:  calamar, chipirón; fr: calmar; en: common squid, long-finned squid
txipiroi txiki, (Alloteuthis media), es: puntilla, calamarín; fr: petit encornet, casseron; en: bambou little squid
iltzea Alloteuthis subulata calamarín picudo.
txipiroi zerrodun, abarka (Loligo Forbesii), es: calamar veteado; fr: encornet veiné; en: veined squid

01. otsaila 2015 by edortagirre
Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu