Ots14- Saltsa-perretxiko beltza

2015eko otsailaren 14, larunbat inaute (erdipurdikoa)

HARATUSTE, KARNABAL ETA INAUTERIAK MAHAIAN

 

Merezi zuen eta: bidezkoa denez, Urepeleko artzaina, Ondarroako arrantzalea edo Oiartzungo meatzaria bozkarioz zeuden Santa Ageda italiarra martirio-bidetik zeruan ingresatu zela jakin zutenean, sindikatua zer izango ote zen arrastorik ez baitzuten artean. Alegia, judu-kristau hauxe bezain mitologia konbentzionala baina antzinagokoa dela bestea, hau da, ilargiak, ortziak eta enparauak osatutako gure bestea; orain “mugikorra” dela uste dugu, ilargiarekiko egutegiaz baliatu ordez eguzki greenwichtarra nagusi duena aukeratu digutelako. Meteorito bat jauzi? Ermita izendatu. Eguna luzatzen hasia dela? San Tomas. Gaua? San Joan. Eguerdia? San Etorri. Bada denetarako adabakia, nonbait. Santu horien modak honaino iritsi aurretik egonkor bilakaturiko jendeak pozik egoteko arrazoiak izango zituen otsail-martxoan negua amaitzen hasia delako, besterik gabe: aurrerantzean fresko jan zitekeen, iaz gorde genuenaz kezkatzeko beharrik izateke. Hortxe gure –ororen– santu eta jainko prosaiko egiazkoak. Horregatik jotzen dugu lurra makilez, azpian, Ama Lurraren altzoan lo datzan Eguzki amandrea esna dakigun behingoz.

Bazen garaia!

Neguarenak egin du, ia, eta pozarren gaude, txoria baino kontentuago: ospatu beharko! Nola? Gorderik ditugun kondar eta puska guztiak gazte jendeak, odol berriak garbitzen dituela, beste urte (negute, eurite, urte) bati hasiera zerotik eman diezaiogun. Katarsia hau ere, beraz.

Bere apainkeraz batez ere baserri-giroan iraun duten Ihauteriak hamaikatxo ospakizunek iragartzen dituzte gure artean: Ituren eta Zubietako Zanpantzarrak, Zuberoako Maxkaradak, Kaldereroak, Santa-Eskea eta hamaika herriskatako (Donostia, besteak beste) festaburuak. Eta denek dute leit-motiv bakarra, ia: sasoian direnek jan, edan eta ongi pasatzea. Gizarteko kide denok garela ohartaraziz doaz etxerik etxe doaz (orain, bazen garaia, bi sexuetako) gazteak, dantzari eta musikarien laguntzaz herria girotuz, afari-merienda eder bat antolatzeko lehengaien bila. Neguteko azkeneko kontserbak kenduko dizkizute, txerrikiak bereziki: txorizoak, arrautzak, urdaiazpikoa, gazta eta sosen bat, ahal dela.

Jokabidearen bereizgarriak

Gure ikuspuntu igandekoitik begira, eguneroko arruntasunetik ateratzeko ahaleginetan dabilela, hiru ziratekeen sasoi honetako orain arteko jendearen portaeraren bereizgarriak:

– Egun sinalatuetan txerri-hilketatik geratzen diren puskak eta gantzak (urdaia, lukainkak, hankak, belarriak, urdaiazpikoa) jatea.

– Etxeko bazkariei postre tradizionalen batekin amaiera ematea.

– Etxez etxe ume eta gazte jendeak egiten dituen jaki- (arrautza, gazta, ogi, txerrikiak) eta diru-eskeak, janaria etxetik kanpo antolatzeko.

Teorian, Inauteriak izugarri luzatzen dira (estudiante –tunante— zarenean, batik bat): ostegun, Otsabilko Ostegun Gizen edo Eguen Zuritik hurrengo asteartera arte. Langileak (baserri, kale zein fabrikakoak) bestelako kontuak ibiltzen ditu: jaiegun bakarren bat aski izango du eguraldiak aukera ematen duenean. Baztango hainbat gunetan Inauterien aurreko hiru ostegunetan ere ospatzen ziren lekuko, Barandiaranek jaso bezala, izen propioak ditugu: Gizakunde (gizasemea nagusi), Emakunde (anderea jabe) eta Orakunde (darwinismo sozialaren eguna) alegia. Eta ia egunero egiten zen aparteko janariren bat, gehientsuenetan kanpotik (besteren etxetik) ekarritako puskei esker.

Jakingarrien artean eta ohikotasunetik at, zenbait datu ditugu aipatzeko modukoak: Nafarroako Eugi herrian Karnabaletan arrozesnea astemearen esnez prestatu eta plazako herri janarian dastatzen zuten denek. Bernedo arabarrean, aldiz, herriko gazteek txerri-belarri eta hankekin osatzen zuten gisatua edo, bestela, ahal izanez gero, aharia erosi eta beraiek afaltzen zuten ostatuan. Oso hedatua zegoen gerren (plat, kikili, salda) edo burduntzia nabarmen eramatea, ea eskuratutakoak hurrengo etxekoandrea animatzen zuen.

Venezia, Rio de Janeiro edo Municheko inauteriak ezagun ez zituzten arren, ederki dastatzen omen zituzten jaiok Lantz, Tolosa edo Uztaritzeko gazte-zaharrek herri-giroan. Jairik gabe zertako, ordea, lana?

(Euskaldunon Egunkaria, 1997ko otsailean)

 

14. otsaila 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu