Ots15- Iruñeko San Blasetako erroskilak

2015eko otsailaren 15, igande edo Zaldun Inaute, Igande inauteri, domeka haratuzte, zaldunieta, zaldunite, zalduniote,  zalduiñati, zaldiñabete, etab.

Inauterietako postre eta gozoki tradizionalak

 Tostada, torrada edo torrijak

Ogi zaharra xerratan ebaki, kanelaz aromatizatutako esne gozotan beratu eta (irinetan bildurik edo biltzeke) frijitu. Gainetik, bota azukrea eta kanela hautsetan.

 Ensarinadak

 Paderan txintxorrak edo txantxigorriak (urdai-azalak: gantz txigortuak) jarri, erantsi azukre asko eta, karamelatu direnean, xehatu aizkora edo ganibetaz. Landu hauek ogi-orez, zabaldu eta, mehe-mehe daudela, hautseztatu gainetik azukrea eta kanela. Sartu labean, ogia egin dadin.

 Piper-opilak

 Arrautza irabiatu, azukre eta galirin xehea nahasi behar dira, ore lodia egin arte. Eman nahi duzun itxura (txerritxoa, gurutzea, ilargia, e.a.) eta erre labean.

 Krepe, kausera eta kruxpetak

 Krepeak egiteko, arrautza, irin eta esnez eginiko ore likido xamarretik burduntzalikada bat (edo erdi bat: kontua ez da tortila egitea, taloaren antzeko fin-fina baizik) hartu eta gurinez igurtziriko paderan erreko duzu; ipini krema erdialdean, bildu eta kito.

 Kauserak buñueloak dira: legamia, garagardoa edo bestelakorik erantsita, irina duen oreak epelean hartzirik, koilarakadak banan-banan hartu eta olio bero-beroan frijituko duzu. Azkenean, beti bezala: bete kremaz eta garaztatu azukre eta kanelaz. Oretan anis-aleak sartu nahi izanez gero, ondo.

Kruxpetak Lapurdin (gutxienez) egiten dira, galirina, azukrea eta arrautza nahasi, uretan egosi eta azkenean gozatuz.

15. otsaila 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu