Ots19- Haxoa

2015eko otsailaren 19, osteguna

AZOKA ETA FERIAK

Santo Tomaseko periya, txorixua ta ogiya” entzun izan dugu inoiz, edo -antzina- “Bilboko Feriamuestrasen jente larregi sartzen dok”, edo Bordeleko makineri feriara joan direla baserritarrak, Udaletxeak autobusa jarrita. Azoka, arabieratik —zawq hitzetik— omen datorrela bakarrik.

foire bilaketarekin bat datozen irudiak

Azoka eta feria zertan bereizten diren jakin nahirik, Antzinarotik hasita, bataren eta bestearen zergatiak eta bilakabideak ematen ahaleginduko gara gaur.

Etxean hozkailu eta bidean automobilik ez zebilen garaian, artisauen lantokiak bai baina denda, boutique edo hipermerkatu finkorik artean ez ohi zen; saltzaileak herririk herri joan behar izaten zuen gaiekin tratua egitera, lapurrez josiriko hamaika bide latz, bihurri eta malkartsu zeharkatzea lortzekotan. Egoera hark arazo ugari zekarkion herritarrari (jakia, jantzia, tresneria… noiz, nola eskuratu) eta merkatariari (non, nola, nori saldu).

Segurtasuna, babesa zen kontu nagusia: saltzailea, gaiak erosi eta legoa batzuk oinez edo mando gainean egin ondoren, Otsondo, Irumugarrieta edo Arlabanen dena bertan behera utzi behar izatearen beldur zenez, errege edo jauntxoak emaniko pribilegiotzat eta agintari nahiz herri-botereduna (notarioa, epailea) aurrean zela, gauzak behar bezalako bermearekin salerosteko toki eta egun finkoetan eratzeko jokamoldea hedatzen hasi zen IX. mendean. Agintari haiexek saltzen zuten merkatari aritzeko (salbo-)conductus izeneko baimena eta, horrela, saltzaileak salgai, neurri nahiz bestetan iruzurrik egingo ez zuela eta erostunak dena ordainduko zuela elkarri agintzen zioten agerian, jende aurrean.

Newhampton, Champagne eta Nafarroako Erresuman batera, hamaikagarren mendean gorpuzten hasi zelarik, feria (latindunek “jaiegun, gertakizun” adierazteko zerabilten arren, “astegun, ohikotasun” bilakatu zuten sasoiko stajanovistek) gertakari handia zen: eskualde, herrialde edo nazioarteko mailakoa ohi zen, urtean behin (Kandelario, Eguberri) edo, gehienez ere, bitan (San Fermin eta San Fermin Txiki) egiten zelarik, astebete baino gehiago irauten zuen leku berean (saltzaileak urrutitik baitzetozen, karga-karga eginik) eliz ospakizunen batekin lotuta, oro har (Mendekoste Bazkoa, San Migel). Feria, izan ere, gertakari antolatuago zen azoka baino: XV. mendeko zenbaitetan (Amberes, Genova) lehen astean mihiseak saltzen ziren, bigarrenean larrukiak, hirugarrenean produktu exotikoak (lurrinak, espeziak), laugarrenean ordainketak egiten ziren…

Feria, dena den, historikoki ez da gauza uniforme edo bakarra izan: herri-mailako feria xehe-soiletik (herriko zaindariaren ohorezko jaiburuekin bat datorrena, saltzaile ibiltari, komiko, nekazari eta begiraleen ohiko bilera) hasita, Europako negozio itzel guztien derrigorrezko gune ziren ospe handietaraino (Venezia, Medina del Campo). Horrela, feria nagusi batek zortzi eguneko sarrerak irekitzen zuen; ondorengo astean generoak salerosten ziren eta, azkeneko hamar bat egunetan ordainketak egiten ziren, zorrak kitatzeko. Feria zenbait monografiko ziren bitartean (ardoa, ganadua, arrain gazia, dibisak), bestetan denetik eskaintzen zen.

Bestelako kontua zen herri guztietan astegun finko batean (larunbata omen zen gutiziatuena) egiten zen premiako gauzen (nekazaritzako produktuak, haragia etab.) azoka, feriak ezin baitzituen behar guztiak asetu. Azoka –azogue, erromantze zaharrean, merk-urioa bezala- omen da urtean behin egiten den feriatik eguneroko saltokira bitarteko zubia, denda finkorako bidean. Topaketa-mota honen eragina dezente urriagoa da, produktuen jatorri eta pleguei dagokiela: dena herrian edo eskualdean bertan ixten dela esan dezakegu.

Bai batak bai besteak ere, herrietan merkataritza hartzen ari den garrantzia nabarmentzen dute: harreman horretako eskaintza eta jarioa oparo izango bada, itsaso eta lehorreko komunikabideak hobeto antolatu beharko dira (untziak, galtzadak, orgak, postak, portuak, zamaltzainak, zaindariak, ostatuak…) bertan esku hartzen dutenak zergetatik salbuetsiz, sarri, edo bestelako erraztasunak emanez, herritarrentzat onuragarri baitzen horrelako trafikoa. Aipa dezagun, bukatzeko, 1466 urtean Elo –idazkian, Monreal (Nafarroa)– herriari erregek eman zion pribilegiozko kartan, honelatsu esaten zela “…kristau, judu edo mairu direla, gizonezko edo emakume direla, denek izango dute merkatura joateko, bertan izateko eta bertatik beren herri eta etxeetara itzultzeko eskubidea, bai herritarrek, bai mundu zabaleko jaurerri guztietako kanpotarrek, beren ondasun, hornidura eta gauzak harturik, eta ezin direla atxilotuak gertatu eta ezin zaiela lepoa egin… merkatura doazela edo handik datozela…”. Aski testu modernoa, beraz.

(Euskaldunon Egunkaria, 1999ko otsailean)

19. otsaila 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu