Ots5- Sukalkia

Otsailaren 5a, 2015ean, ostegun edo eguena

Elikagai-bankua

es: banco de alimentos; fr: banque alimentaire; en: food bank.

Injustiziaren ondorioz, herritar denek ez dute bizimodu duina egiteko aukerarik. Erakundeek, sinaturiko akordio ekonomikoez gogoratzen dira baina beste erabaki guztiak (sozialak, humanitarioak) bazterrean geratzen dira behin eta berriz, gobernu batekin eta bestearekin, herrian, herrialdean eta Europan.

Elikagai-bankua, eskuarki, galkorrak ez diren elikagai-soberakinak merkataritzako enpresa eta saltokietatik bildu, kudeatu eta horren premian dauden edo bizimodu prekarioa nozitzen duten herritarren artean (edadeko pertsonak, langabetuak, elbarrituak, laguntzarik gabekoak, gazteak, gizarte bazterrean edo bazterturik bizi direnak) doan edo ia doan banatzen dituen irabazteko asmorik gabeko erakundea da. Lan guztia edo gehiena boluntarioek egiten dute eta, horri esker, justiziak beteko ez dituen hainbat helburu lortzen dira:

  • laguntza soziala bultzatzea,
  • giza balioak eta elkartasun izpiritua sustatzea,
  • jan-edanen xahutzeari hein batean saihets egitea,
  • justizia zorrozki aritu ez den lekuetan desberdintasunak behin-behingoz arintzea,
  • gehiegizko kontsumoak alferrik galdutzat joko lituzkeen elikagaiei bestelako helburua ematea, etab.

Giza Eskubideen 25. atalak honela dio: “Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, berari eta bere familiari osasuna eta ongi izatea bermatuko diena, eta batez ere janaria… Amek eta haurrek laguntza bereziak jasotzeko eskubidea dute. Haur guztiek, senar-emazteengandik nahiz ezkontzatik kanpo jaiotakoek, gizartearen babes berbera izateko eskubidea dute”.

Gizarte industrializatuan ondasunak haziz doazen bitartean, bertako herritar batzuek egokiro elikatzekorik ere ez dute, paradoxa batzuen ondorioz, hala nola:

  • desberdintasunak areagotzea, miseria eta pobrezia gorria garatzea. Desnutrizioa endekapen fisikoaren eta baztertze profesionalaren kausa behienetako bat da. Bitartekoen gabeziak, langabeziak, prekarietateak eta bazterketa sozialak dakarzkiote gizakiari desnutrizioa eta elikagaien eskasia.
  • elikagai edo jaki batzuk alferrik galtzen uzten dira, erabat jangarri direnean;
  • gai ez dira elikagai bihurtzen ere, nekazaritzak edo arrantzak, transformazioaren aurretik, galarazten dituelako
  • erosketa jaitsiko den beldur, elikagai asko saltokitik kentzen dira erabat jangarri direnean.
  • merkatuko ekonomiak gaiak kontsumitzaile kaudimendunari bakarrik entregatzen dizkio, etab.

 

05. otsaila 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu