RZ zuberotarrak (15.03.12)

 

ZUBEROAKO HAINBAT RZ

Negu gorria iraganik dago, dudarik ez, baina oraindik ere haren isatsak bazterrak freskatuko dizkigu tarte batez.

“Küxelüz küxelü. Maite dütüdan sükaltearauak” errezeta liburua zubereraz eman zuen argitara orain dela pare bat dozena urte Maite Tauzinek Xiberoko Botza irratiaren ekimenez. Idazlan bitxi hura plazaratzen, Tauzin andrearekin batera, Maite Lephaille, Luisa Berrogain, Leoni Agergarai, Josette Boscq eta Ani Agerrek ere hartu zuten esku.

Hona hemen hotza bertatik bertara ezagun duten zuberotarrek paratutako otordua, beraien mintzajean, hitzez hitz. Ahalegintxo bat eginik, hitz ezezagun asko ulertzen dira; ez amore eman, merezi duelako antzinako euskal prestaera hauek ezagutzea.

Euskal sukaldaritzaren idazlan-altxor hau ezagutzeko aukera Enrike Letona adiskide onak eman digunez, berari ere esker mila. Beti zorretan.

Baratxuri salda edo oliata

(Gamereko Ager ostatükoa)

 Osagaiak: 1,5 l. hur, tipula lodi bat, 2-3 baratxuri ister, peresil, txarpotx, gatz, piper beltz hobe gorria xiberotarrentzako, olio edo urin txinkor.

 Zartegina batetan ezar olio edo gurin kuilata bat, edo artzainek egiten düen bezala, txinkor (urdai) zerra bat puxkatürik (xehaturik).

 Tipula eta baratxuria hor gorriaraz, hura emenda (erantsi ura), belar hona (ezkaia), gatza eta piperra. Emekiñi (su eztian) egosaraz 10 min.

 Tipiña (eltze) batetan ogi zopak xehe-xehe egin eta salda ganeala hüts (gainetik zabaldu).

Oharra: ahal da salda irazkiei (txino) batetan iraganik eta arrautze gorrinko bateki nahasirik jaten. Ogi zopak zertegiñan gorriarazten dira salda honentako.

 

Llapikia armañakareki

 Osagaiak: llapi (untxi, koneju) bat 1,8 kg, puxkaka muztürik, 200 g. txinkor mehe, 10 tipula ttipi, godalet (edalontzi) baten erdia armañak, 3 golare irin, 2 godalet ardu xuri idor, 50 g. gurin, txarpotx, gatz, piper beltz, peresil.

 Tipulak xuritürik, txinkorra puxkatürik, untzi batetan gurin puxka batekilan (batekin) gorriaraz, gorritü ondoan untzitik elk (atera).

 Ber kaxan (gantz horretan) llapikia ezar eta gorriaraz gibela elkirik (erauzita). Untsa gorritü ondoan irinsta dütützüe (zikindu irinez) eta ardu xuria gaiña hust (zabaldu gainetik).

 Gatz, piper beltxa, tipulak eta txinkor puxkak llapikiari emenda (gehitu). Suia apal (jaitsi sua) eta eztiki egosten, ütz 45 min.

 Jateko tenorean armañak xali (koilaratxo) batetan ezar, sü eman eta saltsalat hüts sütan.

 

Basurde broska

“Errezeta hau emaiten düt Maddalen Agerrek emaiten düan ber moduan, bakoitxak geiak (osagaiak) hartüko dütü beharren edo jentezionaren (mahaikide kopuruaren) arabera.

Usüan (eskuarki) basurde azpiak (hankak) begiratzen dira errerik egiteko edo labean.

Huna ordüan broska:

Basurde espaldak eta soinak puxkaka mutz (ebaki), untzi batetan ezar.

Tipula zerrak muztürik, baratxuri ister (atal) zonbait xehekirik, bi erramü (ereinotz) hosto pausa aragi ganean, hor ospin turrusta on bat eta olioa ere, basurdea zaharra denian.

Ez ahantz gatz eta piper beltxa. Basurde haragia ütz hor trenpan (beratzen) 48 orenez (2 egunez). Haragiaren gozo azkarra ttipitzen da trenpan üztez.

Saltsaren egiteko:

Basurde puxkak olioan arrajinarazten (erregosi) dütützue tipulareki, belztu gabe, eta haragia trenpan zen jüja gaineala hüsten (gainetik zabaldu).

Bestalde beste zartegiña batetan 2 edo 3 golare irin erraz (erre) olio amiñi batetan eta lodiaraz haragia trenpan egon den jüs (zuku) inkai bateki

Ardu hun 13ºkoa gaineala hüts, (ardua hobe, saltsa hobe) eta erdia hur. Saltsa azkar maite bada ez hurik ezar. Belar hon floka (txorta bat perrexil eta ezkai) bat ezar eta 2 edo 3 orenez ütz egosten basuerdearen zailtarzunaren arabera.

Saltsa hau zerbütxatzen da ogi zerra gorritüz üngüratürik.

Oharra: ardua ezartzen ahal da ospinaren partez, haragiaren trenpan ezartzeko.

 

 Morrua txakolatareki

 Osagaiak:

Kremarentako: 4 arrautze osorik, 100 g. sükre xehe, 150 g. txakolat beltz, 140 g. gurin,

 Arroskila zolaren egiteko: 250 g. irin, 125 g. gurin, 100 g. sükre xehe, banila zakütto bat, gatz erpünta bat.

 Kaxa (kazola zabal) txakolata eta gurina hurtaraz, sü ezti baten gainean; beste untzi batetan arrautzeak eta sükrea nahas pasta xurizü jar artino.

 Txakolata hürtu ondoan arrautze eta sükreareki nahas.

 Irina, gurina mardotürik (bigundurik), sükrea eta sükre banila algarreki nahas, hozkailüan begira 30 min. pausatzen.

 Pasta untzian heda (zabaldu) txakolat krema gainean hüts (zabaldu). Labean erre 180º C-tan 30 min.

 Arroskilak behar dü mardoska baratü barnean (barruko kremak guri agertu behar du).

 Eznegain zaflatü bateki (esnegain harrotuarekin) zerbütxatzen da.

12. martxoa 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu