Bakailao brandadaz (15.03.21)

BAKAILAODUN BRANDADA

Arituko gara hurrengo batean, tartetxo bat harrapatuta, bakailaoak Historian izan duen  garrantziaz: nola izan den diru, nola lehorreko herri txiroen proteina-iturri bakarra, nola biderkatu dituen etxekoandre gajoaren neuronen arteko konexioak infinituraino, nola aberastu duen errezeten zerrenda erlijio monoteista batek haragia jatea galarazten zuen herrialdeetan gastronomiako tenpluan oraindik garatu gabe zutenean, nola balea ordezkatu zuen, hura baino askoz arinago eta marketing errazagokoa zelako, nola izan den laurehun urtez euskaldun askoren ogibide bakarra eta, bide batez, Delancre euskaldun damutuaren aitzakia, berarekin ongi portatzen ez ziren emakumeak sorgintzat hartu eta surtan erre…

Brandare
Brandare aditzak, latin berankorrean, adiera ugari zituen: zanpatu, txikitu, birrindu, eragin, astindu… Denak, bata bestearen lehengusu propioak, dirudienez. Horrela, erraz konturatu gara zertan den bakailaoz osaturiko jaki horren ardatza: arrain xehatua. Itxura oneko arraina, bakailaoarena bera ere, boteretsuak, dirudunak kontsumitzen zuelako. Apurrak baizik ez, ordea, langileak.

(Digresio maltzur bat? Sagardotegietan ere bakailao plater (piperrekin, moda berriaren arabera) haren ordez ajoarrieroa sartzen hasiak direla. Horrela, hondo-hondoan geratutako kondar guztiak ere mahaira atera dezakete, 30 euroren truk. Norbaiten kostilak ere brandatzea merezi…)

Nongoa ote?
Kantauriko zipriztin xumeek ia etxetik atera gabe alaitzen gaituztenok ere dieta mediterraneo sano baina zurrunaren uztarpean sartu nahi gaituztenek pure hutsetik krema apainerako jauzia emana duen brandada itsaso hark blaituriko eskualdeetako jakia dela dioskute, baina… horiek beti erdi egietan. Irlanda, Portugal, Lonbardia eta Normandiako etxe behartsuetan dezente jan izan da brandada horren aldaeraren batetik, neguteko hotzak astintzeko jaki eskuragarri bakarra zelako.

Gaur egungo joerak bakailaoa olio onarekin nahastea agintzen badu ere, herri sukaldaritzetako formuletan esnea sartzen zen, emultsioa moldatzeko egokia zelako eta, azken finean, ez zen ur tristea. Egungo industriak ikerkuntza ildo horretan barrena sakondu eta gauza berbera  egitea deliberatu du: Hexagonoan  salgai dauden brandada prefabrikatuen etiketari si eta “esnea, ura, fekula… bakailaoa, gatza” irakurriko dugu, osagai ugarienetik hasita.
Eta, guraso asko dituen umeei gertatzen zaien bezala, brandadaren osagai gehientsuenak auzitan jartzen dituzte tokian tokiko adituek: “Baratxuria? Mesedez!!”, Infernua merezi du patata sartzen dionak”, “Nola liteke esnearekin nahastea brandada bat, alferrik galtzeko ez bada?”…

Ondorioa: formulatxoa bihar hementxe emango dugu (gaur, dagoeneko, luzeegi egin zaigu totxo hau). Zuk errezeta irakurri, hori bai. Hortik aurrera, nahiena duzuna.

21. martxoa 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu