Monsanto eta gainerako sainduak (15.03.26)

HAZKURRIAREN GEROA: MONSANTO, MON DIEU!

Geroz eta landare espezie gutxiago ditugu, ez selekzio naturalaren erruz, hautapen industrialaren eraginez baizik: milaka espezie galdu dira, enpresek nahi adinako irabaziak erdiesteko balio ez zutelako (Euskal Herrian, halaxe gertatu da gaztarekin: 23 gazta desagertu dira, Idiazabali bidea urratzeko). Orain laurogei urte 120.000 arroz mota kontsumitzen omen ziren; egun, mundu zabalean lau klase dabiltza nagusi eta gainerakoak, pixkanaka, desagertuz doaz. Patata, arto eta enparauekin, beste horrenbeste. Bertoko zaharrek sagar mordoa ezagutzen zuten; orain, aldiz, granny smith eta golden baizik ez dago saltoki handietan. Hitz gutxitan, hamabi landare espezie eta lehorreko bost animalia (behia, ardia, untxia, oilaskoa eta txerria) baino ez ditugu kontsumitzen planetako gizakiok, harrigarria bada ere.

Atzo goizean

XX. mendean urrats handia egin dugu, bioteknologia edo iraultza berdeari ekinez: ongarri eta intsektizida ahaltsuak, ureztatzeko teknika modernoak, monolabore mugagabeak… Horri esker, ekoizpen handiagoak, prezio txikiagoak eta elikagaien eskuragarritasun zabalagoa lortuko genituzkeela agindu ziguten agintariek, baina bazen hor errealitate bilakatuko zen amets bat ere: munduko gosea desagertu egingo zen, iraultza hari esker.

Munduko gosea ez zen barazki faltaren ondorio, gehiegizko injustiziarena baizik.

Monolaborantza ohiko baratza edo soroa baino errentagarriagoa gertatzen denez, hektareak eta hektareak bete ziren espezie bakar batez (arto, soja, tomate, ilarra).

Urterik urte laborez ez aldatzeak (Arabako lautada osoan, adibidez, soja ia bakarrik) lurraren pobretzea dakar.

Hor intsektu batzuk ikaragarri indartsu egiten direnez, berariazko intsektizidak erabili behar ditugu. Eta ongarriz elikatu behar dugu lurra, 20. urtez ere soja eman dezan.

Horrek, gerora, ingurugiroan, gizakiaren osasunean eta poltsikoan eragin kaltegarriak ditu.

 

Monsanto: ezin gaiztorik izan…

Franco jenerala hiltzen ari zelarik, ingeniaritza genetikoak iraultza egin zuen: ordura arte elikagai hibridoak sortzeko gauza ginen baina oraingo hibridazioak maila molekularrean lortzen hasi ziren. Elikagai transgenikoen lasterketa abian da, hazkurri perfektua lortzen duenak mundua berea izango du.

Hazkurri perfektua ez da usteltzen, ez du nazkatzen, kolore eta itxura erakargarrikoa da, ale guztiak berdin-berdinak dira, garraioaren, hotzaren, intsektuen… aurrean sekulako erresistentzia du eta oso-oso kostu txikian ekoizten da. A!, eta adiktiboa da, morrontza sortzen du jatunarengan.

Herbizida hura saltzen zigun enpresak orain genetikoki eraldatutako haziak saltzen dizkigu, gure sojak arazorik izan ez dezan. Gainerako soja eta landare guztiak hil egingo dira, noski.

Egun, elikagaiak dira herbizida: landareak berak ekoizten du substantzia hondatzaile hori eta lehiakide guztiak (belar gaiztoak eta zintzoak, intsektu guztiak, gainerako elikagaiak) desagertzen ditu. Elikagaiek elementu kimiko berriak dauzkate eta, horren eraginez, sekulako iraultza genetiko eta molekularra nozitzen ari dira bere baitan.

Konpainia handien negozioa elikagaiak patentatzea da: landarezkoak (koltza, kakahuetea, tomatea, mahatsa, patata, artoa…), arrainak (15 arrain daude itxaron gelan, genetikoki aldaraziak izateko), oilaskoak, ardiak… dena. Horri esker elikadura mundua horien monopolioan sartu eta berealdiko etekin ekonomikoak aterako dituztelako.

Monsanto enpresak milaka enpresa hazi-ekoizle (eta hazi-patente) erosi ditu. Hazia berea du dagoeneko planeta osoan. Beraz, etorkizuneko haziak, transgenikoak izan, konbentzionalak izan, Monsantoren jabetza pribatukoak dira.

Eskandalagarria: zure baratze koxkorrean arto ale bat agertzen bada, haizeak ekarrita, erre ezazu lehenbailehen. Oso litekeena da Monsantoren patentekoa izatea eta, beraz, su lapurretan aritzea (patentea ordaindu ez duzu, ezta?). Izan ere, landare transgenikoak, liberatuz gero, ezin kontrola daitezke, hori saihesteko baliatzen diren hesi mota asko alferrikakoak gertatzen dira.

Gaur arratsaldean

Horrek denak erakusten digun panorama aski lausoa da: informazioa ukatzen zaigu goi-goitik, legez. Jaten dugunaz ere, informazio gabe bizi gaitezen ohitu nahi gaituzte. Munduko segurantzia mantentzea sekretu militar, omen.

Hortaz, Slow Food erakundeak eta Euskal Herriko horren kideek egiten duten lanari (hazi eta espezie tradizionalak zaintzea) ezinbestekoa eta miresgarria deritzogu:

  • Alde gastronomikotik: galzorian zeuden elikagaien (kiratsa harrotzen duten azaloreak, sagar ttiki itsusi gozagarriak, gustu amaigabeko intxaur zimurtsuak…) haziak berreskuratu, prozesatu eta indarrean jartzea guri eta gerokoei ere egin dakigukeen mesederik politenetakoa da.
  • Kulturaletik: gureak ziren landarezkoak horrela galduko ez diren bermea dugu, hein txiki batez, eta arbasoen ildotik segituko dugu guk ere.
  • Ekonomikotik: monopolioak nagusitzeko (beraz, kostu-prezioak neurri gabe ugaltzeko) aukera gutxiago omen dagoi mugimendu horiei esker.
  • Osasun aldetik: sanoago omen da zure etxetik berrehun metrora lantzen dena Ameriketatik datozen urrezko zer horiek baino.

 

26. martxoa 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu