Sagarraz (15.03.03)

Sagardoaren ama

sagardo bilaketarekin bat datozen irudiak

(Malus sp.); es: manzana; fr: pomme; en: apple.Hizkuntza zahar askotan, frutaren izen orokorra zen sagarrarena.

Gehien landu den fruta arbola historian, planeta osoan: hogei mila mota dira munduan, gehien kontsumitzen direnak hogei ere ez izaki.

Hemengoak sagardogintza izan du helmuga batik bat, jatekoa (bestearen aldean) baztertu samarra dagoela. Tradizioz, ospakizunetan, ogi-labean erreta hartzen zen. Orain gordinik ere jaten dugu, azal eta guzti edo zurituta, egosita (uretan edo sagardotan), konpota bihurturik, erreximenta eginik, kausera, pastel eta tartetan (Tatin), “tripotx eta sagarrada” jakian, etab.

Edari askotxo ere egiten dira sagarrez: sagar muztioa, sagardoa, sagardoza (calvados), ozpina, pommeau (sagardoz eta muztioz osatutakoa), pitarra, zizarra. Erdi Aroan, monasterio eta komentuek zaintzen zuten eta aberastasunaren ikurra zen sagarra: garrantzi handiko agirietan sagasti eta ur lasterrak agertzen dira. P. Delancre inkisidoreak (XVI. m) aitzakia aurkitu zion sagarrari, emakume lapurtar asko sutan erretzeko: sagardoa edatea, Ebak sagarra jan zuen bezala, deabruarekin mintzatzen ziren seinale zen. Andre haietako asko bakarrik bizi ziren lehorrean, senarrak itsasoan baitzebiltzan, balea edo bakailaoa harrapatu nahian, eta beste emakume zahar eta gazte asko alargunak ziren).

Esaera zaharrak dio, sagar bat egunero hartuz, sendagilea etxetik urruti ibiliko dela.

Sagarrak irizpide askoren arabera sailkatzen dira, hala nola kontsumitzeko era (gordinik jatekoak, sagardotarakoak, egostekoak), jatorria (eskualdea, lurraldea, sagastia), umatzeko garaia (udakoak, udazkenekoak, urte osorakoak), ezaugarriak (kolore, zapore, tamaina)…

Honetan oin hartuta, mundializazioak sartutakoez beste aldera, gurean sagar hauek izan ditugu:

  • gaziak (boskantoi, errege s., errezil gorria, gazi haundi, ibarbia, kanpandoja, libra, mendiola, udare s.),
  • gazi-gezak (agor mokote, aldakoa),
  • gezak (abalia, andoain, bizkai, geza gorri, geza zuri, loixtiña, mamula, mokote, patzulo, potrokillo),
  • geza-garratzak (adaburua, altza, andra mari, palazio, piku s., saluate),
  • garratzak (buztiña, gezamiña, haritza, azkoneta, merkaliña, ugarte, urkizu),
  • gazi-garratzak (errege-gaxi, haritza, aziloka, goikoetxea, merabi, munduate, periko, txalaka),
  • gazi-gozoak (ale haundi, aleman, anixa, manttoni, pelestiña, reñeta gorria, txurten luze, uriña, urtebi, zelaia),
  • gozoak (burni, gorri txiki, kamuesa, limoi s., mozolo, oru, patzolu, praixku s., txori s.),
  • geza-gozoak (burgo gorri),
  • gozo-garratzak (joxepa)… gutxienez.

Aukeran: hautatu txorten berde, tente, usain garbikoa.

Saihestekoa: baldintza horiek betetzen ez dituen oro.

Kontserbatzeko: ez da komeni hotzetan sartzea. Gerturatu azoka edo baserrira, unean unekoak kontsumitzeko.

03. martxoa 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu