Martxoko izpiak (15.03.07)

MARTXOKO IZPIAK

Zertzelada batzuk labur, sintetizaturik, lastoz gabeturik, egungo gizarteak agintzen duen bezain arin azaltzen saiatuko gara.

Apustua. Baietz, hemendik urte gutxi-gutxitara, neurri denetako janari-saltokietan lehengai edo jenero gordina baino ugariagoa aurretiaz prestatutako produktua izan (dagoeneko ez bada, izan).

Banatzaileak. Elikadura munduan ere etekin handiena ateratzen duena gutxien “zikintzen” dena da: banatzaile handiek prezioak ezartzen dizkiete ekoizleari eta erostunari eta, une jakin batean, ekoizlearen jeneroa eta erostunaren dirua dauzkate, batera.

Berritzeaz
Berritzea berritzearren: Bilbo, Milan eta Singapurreko jatetxeetan janari berbera. Zorionak, sustrai, oinarri eta irizpide sendorik gabeko sukaldari berritzaile huts guztiei.

Bistronomia. Hau da, gastronomia, baina bistrot (frantsesez, bodegoi) prezioan. Alferrikako gastuak eta gehiegizko margenak gorabehera, profesionalak ongi eman dezake, elikatze-modu hori eliteetatik herritarren artera hurreratuta.

Ospakizunen aurretiko xahutzea. Hego Euskal Herrian, Eguberrietarako elikagaiak erostean ohikoa duguna baino %34 gehiago gastatu genuela zioen “Consumer” aldizkariak. Ez da datu ona. Hori baino okerragoa da erositako hori ez kontsumitzea. Edo gustura ez kontsumitzea. Ea Aste Santurako erosketetan marka hausten dugun!

Etiketak eta iruzurrak. Marmelada baten etiketa: “Osagaiak: azukrea, %42; abrikota, %32; kanabera-almibarra, %26…” Hau da, azukrea + almibarra (ura + azukrea) = %68 eta fruta, %32. Hauxe da datua: %32, hirutik bat, herena baizik ez.

Janari asko, denbora gutxi. “Jan asko eta denbora gutxi dugunez, gehiegi eta azkarregi jaten dugu maiz” (Zubietako amonak)

Transgenikoak. Europa iruzurgile horretako legeriak produktuaren etiketan genetikoki eraldatutako organismoak dituela adieraztea ez dio behartzen ekoizleari; baina horrelakorik ez daukala adieraztea debekatua zion oraintsu arte.

Hortxe, dena, pare bat minutuan, dohain eta aurrez digeritua. Asteburu zoriontsua izan.

07. martxoa 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu