Elikadura, salatari (15.04.17)

 

ELIKADURA ERE, POBREZIAREN BEREIZGARRI

Horixe da Frantziako aditu batzuek (F.Caillavet, E.Andrieu, F.Caillavet, N.Darmon, A.Lhuissier, M.Momic, F.Régnier) 209an eginiko azterketa antropologiko soziologikoaren titulua. Aproposa, gainbehera luze honetan.

Krisiaren labarretik ezinbestez amilduz goazela, konturatuko ginen aberatsen eta boteredunen “aberastasunaren ageriko adierazleetako” bat —automobil, eskuturreko erloju, arropa eta ohikoek aldatzeke dirauten bitartean— zeharo aldatu dela: piura, silueta, itxura. Aspaldiko diruduna potolo zen, oraingoa lirain. Egungo lodiak behartsuak dira eta, gainera, bakarren batek, gainean bitxiak daramatza. Behinola bezain gizen segitzen duten bakarrak elizgizonak dira, oro har, bankeroak, katedratikoak eta artistak mehar dabiltzalarik.


Desiragarria, mehea; lodia, baztergarri

Telebista pizten dugunean, adibidez, albistea nolako auzunean gertatu den berehala hautemango dugu, kamerak irudia hurreratu baino lehenago, bertako komertzio, jantzi, ibilgailu eta, batez ere, jendeari erreparatuz: lirainagoak dira pertsonak, oro har. (Parentesitxo bat egin dezagun, non bizi garen konturatzeko: iaz eginiko azterketa soziologiko zabal baten arabera, AEBetako gizonezko beltzei galdeturik, emakumea potolo nahiago omen dute; zuriek, argal. Zurien eta beltzen topiko soziologikoetan sakondu gabe, gogora dezagun emakumeei ez zaiela galdetu nolako gizon edo emakumeak nahiago dituzten baina, halaz ere, status sozialaren eta obesitatearen arteko loturak ere erakusten du emakumeen arteko obesitatearen baitan faktore sozialek nolako garrantzia duten).

Orain berrogei urte edo lehenago, elikadura ziztrin hartara zihoazen gure irabazi guztien lau bostenak; ondasun iraunkorrak ezin ziren kontsumitu izugarri garestiak zirelako, janaria bera baino areago. Gaur, hemengo populazioaren gehiengoak pobre izateari utzi dio eta, ondorioz, ohiturez aldatu da, ez du elikagaietan jornalaren parte handiena gastatzen, bestelako gastuak baititu: aisialdia, arropa, etxebizitza, kosmetikoak…

Baina txiro segitzen duenak ez du beste erremediorik, jangarrietara bideratu behar ditu bere sos apurrak. Txiro izateak, gainera, informazio ona ez hartzea ere esan nahi du maiz. Eta horrek larriagotu egiten dio panorama baliabide urrikoari. Egiazko txirotasuna alderdi anitzeko pobrezia endogamiko iraunkorra baita.

Sistemak agindutako abiadan (lanean, jornal eta guzti) doazen behartsu frantsesek diru-sarreren %39 uzten dute jangaietan (Hexagonoko batez bestekoa: %18). Horrek, bistan da, ez du esan nahi dirugabeek elikagai fin edo bikainak erosten dituztela; alderantziz, azpiproduktuez osaturiko “3. mailako kalitateko” elikagai gehientsuenak populazio-sektore horri zuzentzen zaizkio, horrelakoen hutsik gabeko kontsumitzaile leialak direlako.

 

Erosteko ohitura desberdinak

Bestela esateko, zenbat eta diru-sarrera urriagoak, orduan eta arrain, labore, lekale, barazki eta esneki gutxiago eta haragi, aurrekozinatu eta edari prestatu gehiago. Bestetik, zigortutako sektore hori gainontzekoen osotasuna baino malgu edo heterogeneoagoa denez, toki, talde edo dena delako batetik besterako kontsumo-indizeak izugarri aldatzen dira, ezin zaizkie parametro finkoak egotzi. Gizonezkoa izan, haur zein emakumea izan, kontsumitzen diren produktuak ez dira berberak: gizasemea baita dirua daukana; besteak, ez.

Espero bezala, elikagai horien kontsumoak, luzera, herritar txiroen osasunean ondorio latzak ekarriko ditu. Bistan da, zenbatzeko modukoa da sektore horrek “zenbat kaloria erosten duen” laguneko, eguneko, etc., baina ezin zehatz daiteke “nolako kaloriak” diren (burdina edo kaltzio ekarpenak, gantz asegabeak, B bitamina). Frantziako emakume “estandarren” artean obesitateak %7ko presentzia du; goi-ikasketak dituzten edo kualifikazio handiko postuan dihardutenen artean, %4; emakume “obreroen” %15ek nozitzen du obesitatea (baita deskaltzifikazioa, aldez edo moldezko desnutrizioa, kariesa, alkoholismoak eragin ez duen zirrosi hepatikoa, etc.).

Beraz, populazio “normalean” elikabidea hautematen ez bada ere, zigorturiko gizarte-sektore horretan bereizgarri eta baldintzatzaile nagusi izateraino iristen da. Esan gabe doa, guraso bakarreko familia txiroetan, bizitzako etapak etorri ahala, elikabide-kontzepzioak ere aldatzen dira baina, oro har, prekarietatean irauten dute, ezinbestez edo ederki ulertzen den utzikeriaren ondorioz. Sektore horretan gorputzaren liraintasunari ez zaio aitortzen sekulako garrantzi estetikoa, bestelako premiak, hagitz larriagoak, hortxe daudelako. Erregimenik egin behar badute, lehena ez da argaltzekoa izango, noski.

 

18. apirila 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu