RZ: bakailao busturiarra (15.04.16)

Bakailao busturiarra

Bakailaoa langileen jakia izan da, merkatuaren eskaintza/eskakizunen gorabehera latzak jasan behar ez zituelako, gaziturik kontserbatzen zelako kontsumitu arte.

Beraz, etxe askotan nahikoa maiz jaten omen zenez, prestaera aldatu egin behar izaten zen, jatunak ez aspertzeko. Gaurko hau, Bilboko Udaletxeko plazan zegoen tabernan neskame ziharduen Marzelina Elezgarai  emakumeak sorturiko gutizia da, pil-pil prestaeran oinarri hartuta.

RZ

(6 lagunentzat)

Beratu 6 pusketa bakailao, 150-200 gramokoak, 24 – 30 ordu ur hotzetan, ura gutxienez hiru aldiz aldatuz. Beratzen ari den bitartean, uda partean batik bat, bakailaoa hozkailuan edukitzea komeni da, tenperatura-gorabehera latzik ez nozitzeko.Gezaturik, xukatu pusketak,  ezkatatu eta erauzi hezurrak. Garbitu pusketak uretan, xukatu eta lehortu.

Litro erdi olio eta lau baratxuri xerratan ebakita dauzkan kazola su eztian jarriko dugu, berakatz horiek arinki gorritzen eta azaleratzen hasi arte. Kazola sutan ipini dugunetik baratxuriak oliotatik atera arte 15 minutu igaro behar dira, gutxienez.

Utzi olioa epeltzen eta, erre gabe, hatza sar dezakegula ikusten dugunean, jarri bertan arrain pusketak azalez gora. Ipini berriro kazola su eztian eta eragin aurre-atzeraka.

Bakailaoa jelatina jariatzen eta olioa loditzen hasiko da, saltsa zurixka osatzen. Poliki-poliki, ez du biziki irakin behar: hobe azaleran irakinaldi ñimiñoa baino agertzen ez bada.

Erantsi 2 koilarakada perrexil xehatu eta, beharrezkoa bada, arindu saltsa oilo-salda hotza erantsiz. Oraintxe gehituko ditugu hiru arrautza gorringo, irabiatuta.

Atera kazola sutatik eta eragin berriro kazola aurre-atzeraka arrainari jelatina guztia erauzi, saltsa loditu eta osotasun homogeneoa moldatzeko.

Azkenean, zabaldu azaleran 200 gramo ilar fresko (ur irakinean galdarraztaturik) eta dozena zainzuri buru. Eragin kazolari beste pittin bat, oraino. Saltsa lodiegi badago, arindu salda ttantta batez. Zuzendu gatz puntua, bidezko bada.

16. apirila 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu