Jan ala kezkatu? (15.05.27)
Euskal Herrian sortu eta erabat espainiartu zen elikagaien banatzaile erraldoiak bere hileroko aldizkarian “Elikadura” sailean ez ohi dakartza jan-edanen ezaugarri fisikoak (usaina, zaporea, kraskatsu izatea), nutrizionalak baizik: sardinak ez dira goxoak, Omega-3 ugarikoak baizik; brokolia ez da berdura polit bat, minbiziaren kontrako eragilea baizik; intxaurra lehen gaztaren bidelaguna zen baina orain toniko kardiobascularra; izokin fresko edo keztatua jatean kolesterol gaiztoaren aurkako gerra irabazten ari zarela gogoratu behar duzu, etab., etab.
Aspertuak gaude. Aspertu eta amorrazioz beteak, jan-edanari alderdi hedonista kendu eta medikuntza alorreko ondasunak bakarrik adituta, irakurrita. Ez dakigu elikagai horiek eta antzekoak osasunarentzat onak diren baina gustatu egiten zaizkigu eta, horregatik, plazer-iturri ditugu. Horiek eta bonboiak, eta txorizo bokata, eta antxoa oliotakoak, eta beste hamaika. Gure aiton-amonek hala jaten zuten eta laurogeita hamar urteak gainditu zituzten, ajeak aje.
Konpainia banatzaile horren hipermerkatu batean, hala ere, “Anillas de chipirón” irakurrita, etiketa txikira jo dugu eta… POTA. Pott!