sagardoaz, bere egunean (15.05.17)

Gaur, maiatzaren 17, usurbildarrek auzolanean sortu eta horrela mantentzen duten Sagardo Eguna ospatuko dute 34. urtez. Zorionak eta eskerrik asko, herritar eredugarri horiek!

sagardo bilaketarekin bat datozen irudiak

sin: sagararnoa, sagarnoa, sagardaoa; es: sidra; fr: cidre; en: cider. Sagardo naturala, sagarra bakar-bakarrik erabiliz eta sagardogintza prozesu osoan inongo gehigarririk erantsi gabe egiten den edaria da. Sagar barietate hauek baliatzen dira gurean: %50ean, garratzak (errezil sagarra, manttoni, txalaka, udare-sagarra, berde-mikatza, txistu-sagarra, bost kantoi, urtebia), %30ean mikatzak (gezamina, haritza, urdin-sagarra, Azpuru garratza, Goikoetxe) eta %20an gozoak (txori-sagarra, mozoloa, gorri txikia, patzolua, Bizkai sagarra eta Aia sagarra). Litro bakoitzeko 1,250 – 2 kg sagar kalkulatzen da.

Sagardogintza tradizionala fase hauetan (denak, ilbeheran hasita) garatzen da:

  1. Sagar biltzea, arbolatik edo lurretik, kizkiarekin jo eta sare izeneko otartxora, osorik eta sano dauden fruituak bakarrik aukeratuz; bildu ahala, dolarera eramaten da;
  2. Sagar jotzea, dolarean utzi aurretik, urez garbitutakoan, sagarra lehertu, zanpatu edo hautsi behar da, matxaka izeneko makinaz;
  3. Dolareko lana: sagarra hautsirik bertan jarri, ongi nahasi eta ordu batzuetan pausatuko da, zanpatu aurretik bera dadin; lehen zanpatze edo estutualdia eginik, patsa bildu eta ardatzaren biran antolatuko da, beste estutualdi bat edo batzuk egiteko;
  4. Muztioa isurtzea: dolaretik muztioa tinara isuri eta, bertatik, azken ontzira (barrikote, bukoi, barrika, kupela) eroango da;
  5. Lehen hartzidura: berton sartu denetik egun batzuetara, likidoa hasiko da bortizki hartzitzen, irakiten eta,
  6. Bigarren hartzidura, motel, lasai, isila hasiko da, ontzia ia erabat itxita; esekiduran dauden hondakinak hondora hauspeatuko dira eta hor geratzen den likidoa sagardoa da.

Sagar bilketa hasi denetik kupela handiko sagardoa botilaratu arte urte erdia-edo, igarotzen da; bukoi eta barrikotekoak egiteko 3-4 hilabete aski du.

17. maiatza 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu