trazabilitatea (15.05.20)

ELIKAGAIEN TRAZABILITATEA

trazabilidad bilaketarekin bat datozen irudiak
Logotipoa

Motiboa
Europan gauzek prezio handia dute. Kontsumitzailea, oro har, prezio hori ordaintzeko prest dago baina, bueltan, kalitatea exijitzen ere ikasi du. Arestiko historiak (behi eroen gaitza, txerrien izurritea, ekologikotzat saltzen ziren barazkien iruzur masiboak, etc.) erostunaren sinesgarritasuna galtzeko zorian jarri zutela ikusirik, elikagai batzuen “zintzotasuna” frogatu beharra zegoela erabaki zuten enpresa eta administrazio europar batzuek.
Zientzialariak piztiari, bere mugimendu eta gainontzeko gorabeherak segitzeko, lepotik edo hankatik txipa eskegitzen dion bezala, jangaiei ere beste horrenbeste atxikitzea deliberatu dute arduradunek, kontsumitzaileak ez ezik, ekoizleak, fabrikatzaileak, osasun alorreko agintariek eta nahi (eta ahal) duen guztiek elikagai horren curriculum antzekoa irakurri ahal izan dezaten, lehen osagaia jaio edo sortu zenetik jatunaren mahaira iritsi arte. Horrela ezagutu ahal izango dute produktu horren bizitzan zehar zer gertatu zaion janari horri.

Azalpena
Euskaraz, nahi izanez gero, “identifikagarritasun” berbaz adieraziko genukeen kontzeptua hau da, gutxi-asko: produktua, jatorritik azken helmugaraino, erregistratu eta identifikatzea ahalbidetzen duten neurri, egintza eta prozedura teknikoen osotasuna da trazabilitatea.
Kontzeptu legala ere eratua dago, horretara jo nahi izanez gero, hara: elikagai, pentsu, animalia jangarri edo jangai bilaka daitekeen zer baten ekoizte, eraldatze eta banatze etapetan barrena, bere lorratz edo aztarna bilatu eta aurkitzeko ahaltasuna.
Beste ikuspegi batetik, produktu —edo, gure kasuan, elikagai— jakin baten historia, ibilbidea edota aplikazioa berrosatzeko gaitasuna da trazabilitatea; hainbat aspektuk lagunduko gaituzte hori identifikatzen:
• Osagai guztien jatorria.
• Produktuari aplikaturiko prozesu denen historia.
• Banakuntza eta, entrega egin ondoren, kokapena.
Informazio hori eskuetan, badago produktu jakin bat berariazko merkatuan (errentagarritasun handiagoa lortzeko, adibidez) entregatzeko aukera, merkatu horretako bezeroak produktu horren jatorria eta historia zehatz-mehatz ezagutzea exijitzen badu. Trazabilitate kontzeptua, ekoizpen prozesu modernoekin eta, azken bezeroarentzat, kalitate eta balio handiagoko (balio erantsia duten) produktuekin lotua dago, alderdi horretatik.

Bitartekoak
Ekoizpen- eta merkaturatze-kateetan barrena produktuak egiten duen ibilbidea zehaztasun osoz arakatzeko aukera ematen digu egungo teknologiak. Eremu horretan Internet, komunikazio sareak, haririk gabekoak, software espezializatua, dispositibo mugikorrak, GPS eta gainerakoak integratzeak zerbait gertatu zen unea eta gunea zehazki atzematea ahalbideratu dute.
Lege bioterroristak, Europako arauteriak eta ekoizpen-prozesuetan iritsitako eraginkortasunak zeinahi produkturen trazabilitatea ezagutzea ezinbesteko bihurtu dute, inork lehiakor izaten segitu nahi badu. Egun, adibidez, nekez merkaturatzen da kalitateko produkturik datu horiek gabe.
Zergatik, zertarako
Elikadura-kate osoan zehar —ekoizpena, transformazioa, garraiatze eta banaketa denetan— jangaiaren gaineko informazioa berehala jakin ahal izatea da trazabilitatearen helburu behinena.
Hortaz, kontsumitzaileak gogoz kontrako ezustekorik har ez dezan eta, adiera horretan, elikadura-eremuan xedaturiko lege-baldintzak zorrozki beteko direla bermatzeko jomugaz eransten zaio jangaiari zintzotasunaren testigu (omen?) den txip hori, kutsadurak, bioterrorismoak, gaitzen eta izurriteen transmisioak sor dezaketen arriskuaren aurrean

Aplikazioak
Egun identifikazio moduko honek industria eta merkataritzako alor askotan aplikatzeko modukoa bada ere, elikagaien munduan du kemenik biziena, abeltzaintzan eta laborantzan, batik bat. Arrantzan ere lehen pausoak ematen hasiak dira, aitor dezagun, baina araudiak ez dira zorrotzak (arrandegiko karteltxoak iragartzen duen “Kantauri itsasoko antxoa” hori fedearen fedez sinetsi behar izaten dugu).
Beste hainbat sektoretan, berriz, trazabilitatea aplikatzeko erabakia faktore ekonomiko hutsek harrarazi dute: eraginkortasuna, kostu murrizketa, denborak laburtzea, zerbitzuak optimizatzea, etc. Zorrotz eginez gero, horixe da publizitate ezin hobea produktuarentzat.

Formatu estandarrerantz
Orain arte elikagaien segurtasunaz arduratzen ziren erakundeak era askotakoak ziren: hor zebilen Eskandinavia osoa, Frantzia, Holanda, Alemania, etc., batetik; bestetik Conseur izenekoa ere (“europar” iradokitzen omen duen kontsumitzaileen elkarte ofizial horrek Belgika, Italia eta Portugalgoak biltzen ditu), bakoitza bere aldetik, sakabanaturik. Gaur, ordea, badugu Europa osoan elikagaien trazabilitatea gorde, transmititu eta partekatzeko balioko duen formatu bakarra eratzeko proposamena: ILE artxiboak dira horiek, ilEAN Writer 2.0 eta ilEAN Reader 2.0 (www.ilean.net) freewareen bidez doan ikusi eta edita daitezkeenak.
Oraintxe, Europar Batzordearen sostengu eta finantzazioarekin egosten ari den proiektu erraldoi horrek lau hanka edo fase ditu:
• Ikerkuntza: egun indarrean dauden trazabilitate sistema publiko eta pribatu denen alderdi egokienak bilduko ditu.
• Azterketa. Ondorioak aterako badira, fase honetan oinarrizko printzipioak, elikagaien segurtasuna, jangaien ezaugarriak, kontsumitzaileak nozi ditzakeen eraginak eta antzekoak aztertuko dira.
• Aholkularitza. Helburua da Europar Batasunari aholku independente, argi eta objektiboak eman ditzala proposatzea, trazabilitate sistemak sustatuz, garatuz eta harmonizatuz.
• Informazioa. Bildutako datuak eta ondorioak ekoizle, banatzaile, kontsumitzaile eta agintariei jakinaraziko zaizkie, proiektua antzu gerta ez dadin.

Adibide praktikoa
Auzategiko harategian edo hipermerkatuko bitrina hotzean salgai dagoen behi zankarrak, 2015eko maiatzaren 20 honetan, porexpanezko ontziko etiketan edo pieza osoari josirik, jaki hori identifikatuko duten hainbat datu eman behar ditu: azienda zein etxaldetan sortu eta bazkatu zen, zein hiltegitan bota zuten, zein gelatan laurdendu zuten, zein banatzailek entregatu zuen, etc. Egin dezagun kontu, behi zankarraren ordez, kalderete industrial prekozinatua dela: aurrekoaren datu guztiez gainera, barazkiak nongoak diren, saltsa moldatzeko nolako osagaiak erabili diren, etc., agertuko da, zehatz-mehatz. Akatsik bilatzen baduzu bertan, analistak berehala determinatuko du zein etapatan egin da okerra eta noren ardurapean.

19. maiatza 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu