Xahu eta garbi: aholkuak (15.05.12)

Aholku eta burubideren bat garbitasunaz

  1. Garbitu eskuak eta tresnak behar bezain maiz.
  2. Aldatu zapia behar bezain maiz. Ez utzi kiratsik hartzen.
  3. Ez erabili eskularru edo guanteak behin eta berriz, garbitu gabe.
  4. Ez utzi sartzen animalia bizirik sukaldean.
  5. Erabili aurretik, garbitu arretaz elikagaiak, are zapore pittin bat galtzen badute ere.
  6. Finkatu trangadera (ebakitzeko ohola) xabal-xabal ipinitako zapi gainean. Horrela ez zara zikinduko zure odolaz.
  7. Hegaztiak eta arrainak garbitzen bukatutakoan, ikuzi den-dena zorrotz xaboi-urez.
  8. Kuzinatu ehiza lehenbailehen. Prestatzen ari zarela, garbitu dena behin eta berriro, zorrozki.
  9. Eskuina bazara, eskuratu gaiak ezkerretatik eta utzi, garbirik, eskuinean; ezkerra bazara, alderantziz. Ez nahasi garbitutakoak eta gainerakoak.
  10. Garbitu ahala, kendu tartetik hondakinak eta sartu zakarrontzian.
  11. Erabili ondoren, garbitu labanak, aldiro-aldiro, eta utzi eskura. Zorroztu maiz. Labana zorrotzak, arrisku txikiagoa.
  12. Erdipurdiko iruditzen zaizuna (pote hanpatuak, likido uherrak…) zakarrontzira: hobe galera bakarra horixe izatea.
  13. Biltegiko araua: sartutako lehena, lehena aterako.
  14. Olioa erabilitakoan, utzi epeltzen eta iragazi filtrotik; gorde, hurrengo batean erabiltzeko.
  15. Ontzi bat labetik atera berria denean, zikindu irinez: horrek esan nahi du, bero-beroa dagoenez, kontuz heldu behar zaiola.
  16. Lurrera oliorik erori bada, zabaldu eskutada bat gatz, ez labaintzeko; ondoren, garbitu lehenbailehen.
  17. Labea bero ireki aurretik, atzeratu burua, lurrin beroak erre ez zaitzan.
  18. Ez erabili zapia bustirik, arriskutsua baita: argindarra eta beroa ondo eroaten ditu bustiak.
  19. Aldian behin garbitu lixibarekin ontzi eta tresnak, zurezkoak batik bat.
  20. Saioa amaituta, (uda partean, batik bat) gorde berriro elikagai galkorrak hozkailuan.

 

12. maiatza 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu