Abelazkuntzaz (15.06.11)

Atzo bertan, pilota inguruko apustuak bazterrean utzita, abelazkuntzak hartu zuen eztabaidaren erdigunea. Zein animalia hezi zuen gizakiak aurrena, orain dela zenbat, etab.

Elikaduraren hiztegira jota, bertatik ekarri dugu gaurko artikulutxoa, begira:

 

ABELTZAINTZA

sin: abelazkuntza; es: ganadería; fr: élevage; en: cattle raising, stockbreeding. Abereak hazi eta zaintzeko jardunbidea da, horri esker gizakiak animalien ugalketa bermatua izan dezan.

Piztia basatia heziz, etxeko animalia bilakarazi eta honela jardun zuen gizakiak hasieran; esplotazio-ekonomiatik (arrantza, ehiza, bilketa) nekazaritza eta abeltzaintzara igarotzea, beraz, ez zen bat ere naturala izan; bigarrenaren estreinako aztarnak (orain dela 11.000 urtekoak) Mesopotamian aurkitu dira eta, orokorki, gizakia duela bospasei mila urte saiatu izan da animalia zenbait etxeko bihurtzen, haien hastapeneko ezaugarri eko-paisajistikoak aldaraziz, etekinak ateratzeko, hala nola: okela, adarra, esnea, artilea, ongarria, gurina, arrautzak, oskolak, larrua, hezurra, garraioa, eztia, lanerako indarra, lumatxa, defentsa, konpainia, etab.

Euskal Herrian abere ohikoak ahuntz, txerri, behi, ardi, untxi eta ahateak diren arren, zaldi, asto, antzara eta bestelakorik ere geratzen da oraino, aurreko gizarteen zantzu. Hona hemen horien etxekotze-data eta lekuak:

 

Animalia Data (aspaldikotasuna) Eskualdea
ahuntza 12.000 Iran
ardia 10.000 – 9.000 Ekialde Ertaina
behia 10.000 India, Ekialde Ertaina
urdea 9.000 Txina, Europa
oiloa 8.000 Asia Hego-ekialdea
astoa 7.000 Afrika Iparraldea
zaldia 6.500 Kazajstan
bufaloa 6.000 Txina
llama 5.500 Peru
usoa 5.000 Egipto
gamelua 5.000 Asia Erdialdea
dromedarioa 4.500 Arabia
antzara 3.500 Europa
alpaka 3.500 Peru
ahatea 3.000 Txina
elur-oreina 3.000 Siberia
indioilarra 2.500 Mexiko
untxia Europa

 

Abeltzaintza moldeak klima, orografia, merkatu, biztanleria eta abarren arabera aldatzen dira. Jardute-moduari dagokionez, hainbat abeltzaintza plegu ezagutzen ditugu egun, hara:

  • artzaintza: aspaldi-aspaldikoa, ibiltaria, abeltzaintza estentsiboaren ondorekoa;
  • tradizionala: lurren laborantzari lotutakoa, autosufizientzia osoa edo partziala bermatzen duena;
  • bio motako abeltzaintza: animali produzitzean eta komertzializatzean sustraitua, ingurugiroan ahalik eta eragin kaltegarri txikiena eginez;
  • konbentzionala: animali produzitzean eta komertzializatzean sustraitua, eskala handian;
  • intentsibo edo industriala: konbentzionala, errentagarritasun handienean oinarritua;
  • mini-abeltzaintza: famili mailakoa, eskala txikikoa, tradizioz baserriari lotutakoa, gurean.

Horiez gainera, badira animali espeziearen arabera bereizten direnak: behiena, ardiena, ahuntzena, ahate edota antzarena, behorrena, urdeena, etab.

11. ekaina 2015 by edortagirre
Categories: Sailkatu gabea | Leave a comment

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu