Espeziala

  1. Tipulina (Allium schœnoprasum). Usaintsua. Ez nahasi tipularen ahizpa txiki-samur den tipuleta (tipulina ere esaten zaiona) eta belazeetako landare etxekotu gabe hau: honen zain luze, huts eta freskoaren kolorea berde-urdin bizia da. Tipularen tankerakoa, baina finagoa. Gazta freskoekin eta entsaladan hartzeko. Hobe azken unean ipintzea: beroak zaporea suntsitu egiten dio.

  1. Aneta, ezamihilua (Anethum graveolens). Usaintsua. Eskandinavia eta Ekialdeko Europako sukaldaritzan, ohikoa. Luma erakoak izaki, hostoak bildu berri erabili behar dira. Gazta fresko, izokin, patata-entsaladan. Hobe azken unean ipintzea: beroak zaporea ahuldu, suntsitu egiten dio.

  1. Aingeru-belarra (Angelica archangelica). Usaintsua. Dena du jangarri. Hostoek besteren garraztasuna apaltzen dute; lehortuta, lasaigarri eta digestio-eragileak. Fruta-entsalada, pattar, gozogintzan. Zainak egosita, igurtzi azukretan, lehortu sarexkan eta gorde ontzi hermetikoan.

  1. Perraitza, apoperrexila (Anthriscus cerefolium). Usaintsua. Udaberriko goiztiarra, etxean erraz landa daiteke. Perrexilaren antzeko eta ordezkari, askotan. Hostoak fresko erabili behar. Gazta guri, izokin, zopa, entsaladan. Hobe hostoak azken unean ipintzea.

  1. Estragoia (Artemisa dracunculus). Usaintsua. Frantziar sukaldaritzan, funtsezko. Zapore sakon-bizikoa izaki, kontuz erabili beharrekoa. Oilasko, entsalada, gurin, perretxikoekin. Ozpina lurrintzeko: jarri botila esterilizatuan kimuak, irakin ozpina eta, botila beteta, gorde ilunpetan.

  1. Belar finak. Lau dira landare usaintsu ospetsuok: estragoia, perraitza, perrexil-hostoak eta tipulin-zainak. Fresko daudela, xehatu ganibet edo labana zorrotzarekin, kopuru berdintsutan, nahasi eta erabili orduan edo, bestela, izoztu. Tortilla, hegazti eta ibaiko arrainekin, adibidez. Hobe azken unean ipintzea.

  1. Borraia (Borago officinalis). Erromako mertzenario inperialek Ekialde Hurbiletik ekarritako landare eder honen hostoak belusezko izaki, loreak ilargiaren argitasun moreaz jantzitako izarrak dira. Usain eta zapore freskoz bizkortzen dute janari eta edaria. Hosto eta loreak (bizi-bizi baliatuta, bestela zimeltzen baita), xehe-xehe, entsalada, gazta fresko, jogurt, fruta-zopetan. Borraia-mota hau, barazki gisa hartzen dugunaren ahaidea da, ez bera.

  1. Martorria (Coriandrum sativum). Usaintsua. Perrexilaren antzeko hosto eta lore zuri-urdin-gorriskez apainduriko landare polita. Dena du jangarri. Haziek laranja-azala gogorarazten dute. Zopa, kroketa, haragi, hegazti eta barazki batzuekin. Hostoak (behealdekoak, hobe) zapore nabarmenekoak izaki, kontuz erabili behar.

  1. Mihilua (Foeniculum vulgare). Usaintsua. Usain-belar, espezia eta barazkitzat milaka urtez baliatua. Hosto urdin-berde lumatsuak arraina lurrintzeko bouquet garni-ren osagai dira. Ozpin edo oliotan kontserba daitezke. Hostoak, xehe-xehe, entsalada, arrain, maionesa, txerrikiarekin. Haziak, ogi, gaileta, crêpe, sagar-tarta eta bestetan.

  1. Mota-belarra (Tanacetum vulgare). Grezian hilezkortasunaren ikur zela, landare iraunkor honek garoaren gertuko dirudi eta lore laruak ditu, ikusgarriak eta karraskarientzat izugarriak. Mikatz-mikatza denez, ez du oso erabilera zabala, baina gozogintzan usu baliatzen da. Hobe hostoak fresko, xehe-xehe eginik, amiñi bat eranstea entsalada, Tortilla, flan, natilla eta ehizari. Erre aurretik, igurtzi landarearekin haragia, mikaztu gabe, zaporeaz hornitzeko.

  1. Isipu-belarra (Hyssopus officinalis). Orain usaintsu, iraganean sendabelar. Menda eta mikatzaren arteko zaporedun landare honen loreak more, gorrixka edo zuriak dira: entsalada, zopa eta arrauzkietan. Hostoak, entsalada, ore eta gazta freskoekin. Ez da komeni batzuk eta besteak janari berean jartzea, hostoak nabarmenagoak baitira.

  1. Ereinotza, erramua (Laurus nobilis). Usain-zaporetsua. Antzinako irabazleen ikur, zuhaitzaren hostoak ebakita patata, ehiza, eskabetxe eta postreren batean erabiltzen dira, fresko edo lehor. Kontuz ibili behar, espezia hau oso nabarmena baita. Ebaki berritan hostoa mikatza bada ere, astebetera gozatu egiten da. Mahaira gabe, kendu ereinotza.

  1. Mendi-apioa (Levisticum officinale). Usain-zaporetsua. Zainak huts eta hosto berde zerratuak dituela, udaberriko goiztiarra da. Egospen luzea onartzen du. Zain eta hostoak –aingeru belarrarenak bezala— azukrezta daitezke. Zopa, entsalada, potaje, haragi gisatuetan. Kontuz ibili behar, arras zapore sakon-bizikoa baita.

  1. Garraiska (Melissa officinalis). Usain-zaporetsua. Landare polita, etxeko apaingarri: lore zuriak erlearen (grekeraz, melisa) erakarle izaki, kendu egin behar zaizkio. Hainbat pattarretan erabilia (Izarra, adib). Limoi-zukua daukan jaki edo edaria hobetu egiten da garraiska-hostoak erantsita. Patata, entsalada, ehiza, fruta eta postreetan. Hostoen infusioa, lasaigarri.

  1. Menda (Mentha, sp). Usain-zaporetsua. Baita, espezie eta barietate gehienak (beltza, piperita, etc.) apaingarri ere. Ugari-ugaria gure artean. Hobe fresko erabiltzea. Haragi erre, fruta, postre, txokolate, edarietan. Infusioan, desinfektatzaile, lasaigarri eta digestioaren eragilea. Erratzari erantsita, usain-emaile.

  1. Albaraka (Ocimum basilicum). Usain-zaporetsua: berarekin aberasten dute Chartreuse pattarra. Etxean erraz landatzekoa. Goialdeko hostoak, gozoago. Erauzi, ebaki ordez. Neguan, landarea hil aurretik, eman gatza hostoei, sartu kristalezko txarroan eta bete olioz. Tomate, ore, barbarin, perretxiko, oilasko eta arrozekin. Erantsi azken unean, ozpinak zaporea ahultzen dio eta.

  1. Mendaroa (Origanum majorana). Usain-zaporetsua. Itsasertzetik hegoalderainoko landare polit honen hostoak berde (eguteran, horizta) eta loreak, zuri, mordoskatan daude antolatuak. Pizzaren euskarri, Aralar aldeko odolkigileak usu darabil origanoa: mendaroa finagoa da, ordea. Fresko zein lehor (toki aireztatuan edukita) kontsumitzeko modukoa. Entsalada, barazki, ore, tomate-saltsetan.

  1. Perrexila (Petroselinum crespum). Usain-zaporetsua. Hamaikatxo bitamina eta mineralen iturri. Gezurra badirudi ere, aztertu zuen zientzialariaren izen-abizenetik datorkio izena. Kizkurtua (apaingarri fina), baleko; bestea, espezia “nazionala” dugu. Saltsa berdearen errudun. Zopa, arrain, eltzekari, arroz, ore, haragietan.

  1. Gaitun txikia (Sanguisorba minor). Usain-zaporetsua. Hosto polit-politek ondo jasaten eta apaintzen dute negutea. “Odol-urgazle” zientifikoki bataiatzean, hemostatikoa zela uste zuten. Hostoak jaso eta berehala hoztu behar dira, ez zimeltzeko. Zaharrak baztertu, gogorregi dira eta. Oilasko, patata, entsaladetan eta ozpina lurrintzeko.

  1. Erromeroa (Rosmarinus officinalis). Usain-zaporetsua. “Ihintz itsastarra”, latin makarronikoan. Nafarroa eta Arabako hegoaldean ugari, zapore sakonekoa da. Haragi erre, oilasko, patata, eskabetxe eta izozki batzuetan. Landarea esekita, luzaro kontserbatzen da. Usainari motel baderitzozu, zanpatu hostoak mortairuan erabili aurretik. Ahal dela, ez zerbitzatu platerean. Zainak zotz gisa erabil daitezke, brotxetak eratzeko.

  1. Uztao txikia (Rumex scutatus). Usain-zaporetsua. Janari astunen digestioa eragiteko baliatzen zen antzina. Orri handiak C bitamina eta potasio iturri dira. Haragia samurtzen du, are gordinik dagoela ere. Gazta fresko, arrain eta haragi koipetsuetan. Kimu berriak, motelagoak izaki, egokiak dira entsaladetan. Lehortzeko egokia ez izaki, izoztu egin dezakezu.

  1. Salbia (Salvia officinalis). Usain-zaporetsua. Udaberriko berantiarra. Sukaldean sartu aurretik “salbatzen zuen” sendabelarra izan zen (tonikoa, suge-edenaren aurkakoa). Lehortu ahala, usaina areagotu egiten da; zaporea, berez, nabarmena. Haragi koipetsu, entsalada, ore eta arrozetan. Udaberrian ebaki eta toki aireztatuan lehortzen da.

  1. Azitraia (Satureja, sp.). Zaporetsuak. Udaran zehar loratzen diren landare hauen hostoak, lehorturik, zapore sendo eta iraunkorrekoak dira, mintsuak nonbait. Gatzik ezin hartu dutenentzat egokia. Lekale, barazki egosi, ahuntz-gazta eta eskabetxeetan. Lorea agertu aurretixe jaso behar dira hostoak, lehortu eta gorde. Zaporea ahultzeko, beratu kimu berriak ozpinetan.

  1. Bouquet garni. Klasikoa: 3 adaska perrexil, beste bat erromero eta ereinotz-hosto txiki bat, barazki usaintsuren batean (porru-berdea edo apioa) bilduak. Bertsio “modernoak” ere sor daitezke, jakien arabera: laranja-azala, menda, tipulina… Kontuan hartzekoa: janaria lurrintzea da kontua, ez ezabatzea. Begira txortaren tamaina. Hobe mahaira aurretik kentzea.

  1. Herbes de Provence. Ezkai, mendaro, erromero eta azitraiak osaturiko sorta klasikoa, fresko zein lehorretan (buztinezko txarrotan), Frantziako hego-ekialdeko jakien lagungarri da. Potaje, tomate, okela erre eta ehizarekin.

  1. Ezkaia (Thymus vulgaris). Usaintsua. Etxean erraz landatzekoa. Errota eragiten duenez, haragi koipetsuekin baliatzen da. Lurrin politekoa, ez die besteei berea estaltzen. Barazki, zopa, okela erre eta saltsetan. Ozpin eta olioa lurrintzeko. Lehorrik ere usainari heltzen dio. Hostoak sardexkarekin (zaina “orraztuz”) kentzen dira. Platerera aurretik, kendu

  1. Berbena limoi-usaina (Lippia triphylla). Usaintsua. Etxean erraz edukitzekoa. Berbena-belarraren ahaide hurbila izaki, landare hau igurtzi eta lurrina eskuan geratuko zaizu. Mazedonia, gozogintza, postre, edari eta infusioetan. Kontuz ez erantsi gehiegi, jaki edo edariak “botika-tejoa” har ez dezan.

  1. Apio (Apium graevolens) haziak. Usain-zaporetsua. Hazia usaintsu eta mikatza da, atsegina; zaporea indartzeko eransten dute. Neurriz erabili behar: zopa, saltsa, entsalada eta arrauzkietan.

  1. Ziape (Brassica juncea) prestatua. Antzinako Egipton bertan klasikoa. Landarearen haziak ur, ardo, sagardo edo ozpinetan beratu eta ore fin bihurtu arte nahasten dira. Batzuetan, ore horri espeziak gehitzen zaizkio, usainak aberasteko. Zopa, eltzekari, entsalada, haragi hotz, maionesa eta arrain keztatuetan.

  1. Piperrauts gorria. Usain-zapore-koloratzailea. Ameriketatik ekarria, piperra Mendebaldeko Europan berehala herritartu zen. Txorizeroen (txorizoa egiteko, noski) mamia bizkaitar saltsaren osagai behinena da. Gozo, gozo-gazi eta mina izan daitekeelarik, potaje, barazki, patata, hesteki eta okela gisatuak bouquet ederraz janzten ditu.

  1. Txarpoila (Carum carvi). Erdialdeko Europan ohikoa, neurri-neurriz erabiltzekoa. Sustraiak egosita hartzen dira, barazki bezala. Hostoak, berriz, entsaladen apaingarri. Haziak, patata, choucrout, gazta ogi eta haragi koipetsuetan. Zaletasunak zaletasun, atal denek ematen diote jakiari berariazko grazia.

  1. Kanela (Cinnamomun ceylanicum). Usaintsua. Sri Lankatik antzina hedatua, ereinotzaren antzeko zuhaitzaren adarretako azala da. Gozogintza eta postreetan, batik bat: konpota, flan, arrozesne, gaileta etab. Bakailaoz osaturiko porrusalda apaintzeko ere baliatu izan dugu Euskal Herrian fungizida eraginkor hau.

  1. Azafraia (Crocus sativus). Koloratzailea. Milioi erdi lore bildu eta hiru estigmak eskuz bereizi behar omen, kilo bat azafrai osatzeko. Garesti eta zaharrenetako bat. Arroz, patata, pattar (Chartreuse), gaileta eta suediar opiletan. Hobe azken unean eranstea, zapore eta lurrinik ez galtzeko. Gorde ilunpetan, ongi itxita.

  1. Kuminoa (Cuminum cyminum). Landarearen haziak baliatzen dira. Ahogozo epel-bero bereizgarria, ezin nahasizkoa, Ipar Afrikan ohi-ohikoa. Ogi, kus-kus, kurri, gazta eta okela koipetsuetan erakusten ditu bere dohainak.

  1. Iltze-belarra (Caryophillus aromaticus). Usaintsua, beroak ahultzen dio mikaztasuna. Itxurak bataiaturik, arbola baten ireki gabeko lore-kuskua da iltzea, ez belarra. Holandaren monopoliokoa izaki, frantsesek lapurtu zieten hazia eta, egun, itsas klima tropikaletan poliki etortzen da. Erabiltzeko unean, tipula-pusketan josten dira: potaje, opil espeziatu, arkume eta txerri, ozpinetakoetan.

  1. Anis-belar txinatarra (Illicium anisatum). Txinako zuhaitz bateko fruitu izartsua da anisaren antzeko espezia hau. Sendabelar diuretiko eta pizgarritzat baliatu izan da. Pattarretan eta Ekialde Urruneko jakietan: txerri, ahate eta oilasko, barazki frijitu eta itsaskietan.

  1. Ipar-ipurua, ipar-orrea (Juniperus comunis). Europako mitologietan magal-arbola da. Patxaranen itxurakoak, sendo-fuerteegi gertatzen dira freskotan ipuruaren baiak: basurde, orein, uso eta erbi gisatuei (neurriz) laguntzeko, zanpatu egiten dira. Gin-tonikaren osagai funtsezkoa.

  1. Intxaur muskatua (Myristica fragans). Fruitu barruan hazia (intxaurra) mazis sare gorri biziak biltzen du. Intxaurrarekin batera birringailua saldu izan ohi da, birrindu berri eta azken unean gehituta kontsumitzea baita aztura. Ore, kroketa-bexamel, ziazerba, patata-purearekin. Mazisa, soufflé, postre eta gozogintzan.

  1. Katu-bizarra (Nigella damascena). Hazia berde da jangarri. Kalonji izenarekin ohi dago salgai piperbeltzak baino ahogozo mikatz xuabe eta sakonagoko espezia hau. Haragi erre, barazki egosi, lekale erregosi eta entsaladaren zaporea bizkortzeko, erabili aurretik xigortu haziak paderan.

  1. Lo-belarraren (Papaver somniferum) haziak. Edo opio-belarrarenak, herrialde askotan landatzen debekatua. Hazi ñimiño kurruskariek intxaur-zapore arina dute; paderan xigortuta, suspertu egiten da gustua. Okintza, curry, ore, arroz eta barazkietan.

  1. Anis-belarra (Pimpinella anisum). Aneta, mihilu, kumino eta besteren ama, honen lurrina biziena denez pattargintzan ugari erabiltzen da antzinatik. Postre, opil, ogi eta gozokietan, gaztainak egosteko, etab. Erosi gutxi, eho edo zanpatu azken unean.

  1. Piperrautsa, piperbeltza (Capsicum annuum). Espezietan behinena mundu zabalean. Behinola urre-prezioan saldu izan zen eta Historia berriaren bidea adierazi zuen, okerreko bide bazen ere. P. berdea ez da heldu baina mina da; eguzkitan lehortutakoan P. beltza da: ahoan indartsuago. Baiak arbolan heltzen badute, usain biziko P. zuria izango da; P. gorria ez da egiazko piperbeltza, Hegoamerikako baia bat baizik.

  1. Zumakea (Rhus coriaria). Mendebaldean zuhaiño apaingarri hutsa bada ere, frutazko mikaztasun polita darie baiei. Jogurt eta usain-belarrekin nahasita oso saltsa freskagarria osatzen du, patata egosiak edo arroza laguntzeko: beratu ordu erdiz uretan eta xukatu zapi baten bitartez. Estraktu hori duzu zumake-zuku erabilgarria.

  1. Sesamo (Sesamum indicum) haziak. Berde bildu behar, helduz gero sakabanatzen direlako. Fruitu lehorren ahogozoa duela, ogiak, opilak, gailetak, pastelak… biltzen dituzte sesamoz, zaporeaz gain kolorez ere (hiru sesamo-mota baitaude) apaintzeko. Haziaren ahogozoa xigortuz gero bizkortu egiten da.

  1. Kurkuma (Curcuma albiflora, C. odorata). Bengalan du jatorria “Indiako azafrai” mingoxka honen aldaki preziatuenak. Koloratzaile hori gisa baliatzen da, hautsetan. Azafraitzat sartzen dute, iruzurka, batzuetan.

  1. Gatza. Liskar askoren iturri, merkagai preziatuena izan da maiz, jana gazitu, elikagaia kontserbatu eta kloro eta sodioa aportatzen digulako. Itsastarra edo lehortarra izan daiteke jatorriz, larria edo xehea itxuraz. Bata eta bestearen gustuez, eztabaidak. Gatzari espeziak (baratxuria, apioa, sesamoa, etc.) eransten zaizkio, usainez apaindu eta zaporeak ugaltzeko.

  1. Tamarindoa (Tamarindus indica). Lurrin gazi-gozo frutatsu eta ahogozo politekoa, ez da limoia bezain nabarmena, arrain edo hegaztiei eransteko, adibidez. Fruta-freskagarri, mazedonia, entsalada, oilasko, marmelada eta jeleetan.

  1. Ailorbea (Trigonella foenum-graecum). “Greziar sarale hirusta” honen tejoa zuen aspaldi ukuiluan azkarregi hazitako ganaduaren okelak. Mikaztasuna ezabatzeko, haziak neurriz xigortu eta mortairuan zanpatu behar dira erabili aurretik. Uretan ernaturik, hosto fresko batzuekin batera, entsaladan kraskatsu gertatuko dira.

  1. Bainila (Vanilla fragans). Azteken txokolatearen jatorrizko usainkia, mundu zabal osoan hedatua dugu leka arrea: horixe da guk erosi behar duguna, guri eta potoloa, sintetikoari saihets eginik. Azukre-ontzian sartuta, lurrin bikainaz edertuko dizkizu etxeko postre, izozki eta gozokiak. Behin eta birritan erabil daiteke, tamainan.

  1. Jengibrea (Zingiber officinale). Asia osoan eta Ekialdeko Europan zabaldua, landare horren errizoma (sustraia) birrindurik baliatzen da, mikaztasun freskoa dariola, curry, berdura, gazta, mazedonia, bizkotxo, opil eta edarietan. Lehortuz gero, toki ilun freskoetan gorde behar da, zeharo estalita.

  1. Baratxuria (Allium sativum). Toniko, arteria-zabaltzaile, minbiziaren kontrako, antibiotiko, kolesterol-murriztaile, diuretiko, banpiroen uxatzaile… Zuriak hobeto dirau, morea finago da. Udaberriko zain fresko erregosien arrauzkia gozoa izaki, urteko egun luzeenetan zoragarri daude atal potoloak oliotan mantso-mantso konfitaturik.

  1. Kardamomoa (Eletaria cardamomum). Espeziarik garestienetakoa. Ilarraren tamaina eta zapore bero-bizia du hazi beltzaranak. Magreben kafea, Indian tea, Eskandinavian, gozogintza lurrintzeko baliatzen dute.

  1. Txalota, tipulatxa (Allium ascalonicum). Tipulak baino zapore suabe eta berakatza baino mingostasun apalagokoa, tipula-ahaideen finena dugu berau. Saltsa finetan nabarmentzen da. Osorik erreta ederki laguntzen du parrilla edo labeko jakia. Ozpin onetan beraturik, itsaski-entsalada goxoak osatuko ditugu.

  1. Tipulina (Allium schœnoprasum).

  2. Aneta, ezamihilua (Anethum graveolens).

  3. Aingeru-belarra (Angelica archangelica).

  4. Perraitza, apoperrexila (Anthriscus cerefolium)

  5. Estragoia (Artemisa dracunculus).

  6. Belar finak

  7. Borraia (Borago officinalis)

  8. Martorria (Coriandrum sativum).

  9. Mihilua (Foeniculum vulgare).

  10. Mota-belarra (Tanacetum vulgare)

  11. Isipu-belarra (Hyssopus officinalis)

  12. Ereinotza, erramua (Laurus nobilis)

  13. Mendi-apioa (Levisticum officinale)

  14. Garraiska (Melissa officinalis).

  15. Menda (Mentha, sp)

  16. Albaraka (Ocimum basilicum).

  17. Mendaroa (Origanum majorana)

  18. Perrexila (Petroselinum crespum)

  19. Gaitun txikia (Sanguisorba minor).

  20. Erromeroa (Rosmarinus officinalis)

  21. Uztao txikia (Rumex scutatus).

  22. Salbia (Salvia officinalis).

  23. Azitraia (Satureja, sp.).

  24. Bouquet garni

  25. Herbes de Provence

  26. Ezkaia (Thymus vulgaris)

  27. Berbena limoiusaina (Lippia triphylla).

  28. Apio (Apium graevolens) haziak

  29. Ziape (Brassica juncea) prestatua

  30. Piperrauts gorria.

  31. Txarpoila (Carum carvi)

  32. Kanela (Cinnamomun ceylanicum).

  33. Azafraia (Crocus sativus)

  34. Kuminoa (Cuminum cyminum).

  35. Iltze-belarra (Caryophillus aromaticus).

  36. Anis-belar txinarra (Illicium anisatum).

  37. Ipar-ipuru edo ipar-orrea (Juniperus comunis)

  38. Intxaur muskatua (Myristica fragans).

  39. Katu-bixarra (Nigella damascena).

  40. Lo-belarraren (Papaver somniferum) haziak

  41. Anis-belarra (Pimpinella anisum)

  42. Piperrautsa, piperbeltza (Capsicum annuum).

  43. Zumakea (Rhus coriaria)

  44. Sesamo (Sesamum indicum) haziak

  45. Kurkuma (Curcuma albiflora, C. odorata)

  46. Gatza

  47. Tamarindoa (Tamarindus indica)

  48. Ailorbea (Trigonella foenum-graecum)

  49. Bainila (Vanilla fragans).

  50. Jenjibrea (Zingiber officinale).

  51. Baratxuria (Allium sativum).

  52. Kardamomoa (Eletaria cardamomum).

  53. Txalota, tipulatxa (Allium ascalonicum).

  1. Tipulina (Allium schœnoprasum).

  2. Aneta, ezamihilua (Anethum graveolens).

  3. Aingeru-belarra (Angelica archangelica).

  4. Perraitza, apoperrexila (Anthriscus cerefolium)

  5. Estragoia (Artemisa dracunculus).

  6. Borraia (Borago officinalis)

  7. Martorria (Coriandrum sativum).

  8. Mihilua (Foeniculum vulgare).

  9. Mota-belarra (Tanacetum vulgare)

  10. Isipu-belarra (Hyssopus officinalis)

  11. Belar finak

  12. Ereinotza, erramua (Laurus nobilis)

  13. Mendi-apioa (Levisticum officinale)

  14. Garraiska (Melissa officinalis).

  15. Menda (Mentha, sp)

  16. Albaraka (Ocimum basilicum).

  17. Mendaroa (Origanum majorana)

  18. Perrexila (Petroselinum crespum)

  19. Gaitun txikia (Sanguisorba minor).

  20. Erromeroa (Rosmarinus officinalis)

  21. Uztao txikia (Rumex scutatus).

  22. Salbia (Salvia officinalis).

  23. Azitraia (Satureja, sp.).

  24. Bouquet garni

  25. Ezkaia (Thymus vulgaris)

  26. Berbena limoiusaina (Lippia triphylla).

  27. Apio (Apium graevolens) haziak

  28. Ziape (Brassica juncea) prestatua

  29. Piper gorria.

  30. Txarpoila (Carum carvi)

  31. Kanela (Cinnamomun ceylanicum).

  32. Azafraia (Crocus sativus)

  33. Kuminoa (Cuminum cyminum).

  34. Iltze-belarra (Caryophillus aromaticus).

  35. Anis-belar txinarra (Illicium anisatum).

  36. Ipar-ipuru edo ipar-orrea (Juniperus comunis)

  37. Intxaur muskatua (Myristica fragans).

  38. Katu-bixarra (Nigella damascena).

  39. Lo-belarraren (Papaver somniferum) haziak

  40. Anis-belarra (Pimpinella anisum)

  41. Piperbeltza (Capsicum annuum).

  42. Zumakea (Rhus coriaria)

  43. Sesamo (Sesamum indicum) haziak

  44. Kurkuma (Curcuma albiflora, C. odorata)

  45. Gatza

  46. Tamarindoa (Tamarindus indica)

  47. Ailorbea (Trigonella foenum-graecum)

  48. Bainila (Vanilla fragans).

  49. Jenjibrea (Zingiber officinale).

  50. Baratxuria (Allium sativum).

  51. Kardamomoa (Eletaria cardamomum).

  52. Txalota, tipulatxa (Allium ascalonicum).

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu