Kaleumeok basoan

  1. Galanperna (Macrolepiota procera). Kapelu handienetako perretxiko honek ez du nahasterik: txapela orbandun, bolba eta eraztunaz ederturik, harro zutitzen da udazkeneko belazean. Hanka mendian utzita, pusketak egin, arrautzeztatu eta frijitu, legatz pusketak bailiran. Ezetz oraino jan gabe dagoenak asmatu zer dastatzen ari den!

  1. Mihura zuria (Viscum album). Negu gorrian kalekumeak ez du hautatzeko aukera handirik kanpoan. Mihura zuria eguberritako ospakizunetako ikurra da hainbat zibilizaziotan, egunotan etxeko atea edertzen duena. Sagarrondoan topatuko duzu ugarien: pasa zaitez maite duzunarekin haren azpitik, horrek (aurki indarrean jarriko diguten euromitologiaren arabera) zoriona ekarriko dizue eta.

  1. Berroak (Nasturium officinale). Noiznahi biltzen dira berroak, baita elur azpitik ere: erreka ertzean, iturri ondoan beti. Landutakoa baino txiki eta minagoa duzu hau. Ez jaso, ez bildu alerik, artaldea gertu badabil.

  1. Txikori belarra (Taraxacum officinale). Urte osoko maizterra gure belazeetan. Aukeratu altsuma agertzen hasi direnetan txikienak; sartu labana handi zaharra lurpean, moztu azpi-azpitik eta ez utzi landarea plastikozko zorroan, horrela egosi egingo bailirateke bertan: eraman otar edo saski batean. Ardirik baldin badabil inguruetan, ez jaso deus.

  1. Hartz-baratxuria (Allium ursinum). Harizti, pagadi eta baso hezeetako ur-erretenetan topatuko duzun baratxuriaren usaineko landaretxo honen hostoek, xehatu eta gainetik garastaturik, entsaladak edo patata frijituak lurrinduko dizkizute.

  1. Urbeltza (Coprinus comatus). Bide eta pista-ertzetan zuri-zuri agertzen den perretxiko honen ezaugarri nabarmena Kapelu bizartsua da. Argi ibili: jaso duzunetik lau bat ordutara hasiko zaizu hondatzen. Gordinik, entsaladan edo plantxan errea zoragarri dago. Urbeltzarekin batera ez hartu alkoholik!

  1. Asun edo osin handia (Urtica dioica). Estrata, pista eta senda ertzetan ugari, inurri-pozoia dela eta, bazenekien kontuz ibili beharrekoa zela, arnas hartu edo ez hartuta ere: jaso ezazu eskularruak ipinita. Aukeratu orri berriak, eduki 24 orduz eta presta itzazu ziazerba bezala: krema, garbantzuen osagai, tortillan…

  1. Mitxoleta (Papaver rhœas). Altsuma berrien hur-zaporeak ederki osatzen du tomate- edo arroz-entsalada. Hori bai: jasotakoan, etorri korrika sukaldera, lore gorri hau berehala hondatzen da eta.

  1. Txiribia (Pastinaca sativa). Antzina arrakastatsua bazen ere, gaur ilundurik dago. Orri berriek, ohiko ez dugun lurrinaz jantziko digute porrusalda, pure edo zopa bat. Barietate jangarria erresumingarritik bereiztea komeniko zaizu. Bestela, komediak.

  1. Bioleta usainduna (Viola odorata). Usain ederrarekin batera, usaimena galarazten duen gaia ekoizten du landare honek, zaletuak abusa ez dezan, nonbait. Loreak, kurruskari, azukretan kristalizatuta dastatuko dituzu geroago. Orain, hostoak dituzu prest, entsalada edo tortillan jateko.

  1. Nafar elorri zuria (Cratægus lævigata). Aurtengoz, hotzarenak egin duela iragartzen digu elorri honen lore zuriak. Tisana lasaigarri edo pattar apetitu-erakarleak egiteko ere egokiak dira, ongi lehortutakoan. Eguna laburtzean fruitu gorriak eskainiko ditu nafar elorriak: jele bihurturik, ehizaren lagungarri polita izango duzu.

  1. Karraspina arrunta (Morchella esculenta). Perretxiko goiztiar zoragarri hau erreka eta ibai ertzean, mahastietan, lizar, zumar eta hurritzaren ipurdian sortzen da, kare-lurretan. Ez jan inoiz ere gordinik, toxikoa delako.

  1. Basa-esparragoa (Asparagus acutifolius). Hego-hegoaldean bakarrik aurkituko duzu baina, hori bai, urtero-urtero toki berean. Sekretua da zuk bakarrik dakizuna, baina… Tortilla osatzeko edo entsaladan, gordinik, paregabea da.

  1. Sasi-arkaziaren (Robinia pseudoacacia) loreak. Maiatzaren hasierarako arkaziak milaka lore erakusten ditu, harro: une horixe baliatu behar duzu, hondatu aurretik, arantzekin minik hartu gabe, loreak jasotzeko. Etxean, frijituak eztiarekin edo kauseren osagai dastatuko dituzu. Edo pattar nahiz eztitan murgildurik, udazken-neguko janari ostekoa osatu arte utziko dituzu…

  1. Ezkaia (Thymus vulgaris). Mendialdea lautuz hasten den lurraldeetako bide ertzetan sortzen da, ugari. Maiatzean ditugu sasoi egokian lore moreak eta orri guriak, gure janariak nafar eta arabar aireez aberasteko. Baita infusioa egiteko ere.

  1. Marasmio jangarria (Marasmius oreades). Belardietan ugari samar (dozena bat ale, multzoko), udaberriko bero-euri-bero… tartekatuek erakartzen dute. Aukeratu gazteak, zabaldu berriak: erauzi hatzekin eta erabili txapela bakarrik. Fresko-fresko, gordinik edo plantxan errea da jangarri polita.

  1. Fruta-arbolen hostoak. Sasoi-sasoian dago bakarren bat, dagoeneko: gereziondoa eta muxikaren hostoak jaso ditzakezu goizeko ihintza ezabatu berririk, banan-banan, janaurreko ardo bikainak egiteko. Litro bat ardo egiteko lau-bost dozena hosto aski duzu. Lau-bost hilabeteko pazientzia ere, eta dena pronto.

  1. Erromeroa (Rosmarinus officinalis). Ezkaiaren ondotik ibili ohi da San Joanetan loratzen den hau ere, bide bazterretan eta. Hautatu kimu gazte loretsuak, eraman etxera eta lehortu ilunpetan. Alkoholarekin nahasita, nekearen ondorengo esker oneko masajea hartzeko. Zotzak zorrozturik, untxia parrillatik kendu eta lurrinduta jateko.

  1. Ezkia (Tilia vulgaris). Ezki-barietate guztietako emeek sasoi honetan lore horizta edo berdexkak dituzte agerian. Erdi-irekita dauden loreak jasotzen badituzu, idortu ilunpe aireztatuan. Sartu kristalezko txarroan eta zure burua baretzeko premian infusioa egiteko zorian, lehorturiko loreekin atseginez gogoratuko zara. (Ez esan, otoi, “tiloa”, Eskisabel, Ezkiaga, Ezkiroz eta besteren aholkuz).

  1. Elurra: antzinako izozkiak nola osatzen ziren dastatu nahi baduzu, neguan mendira zoazela nahasi elurra eta zanpatutako frutak, siropeak, ardo edo pattarrak, jogurta, etab. Irabiatu eta egin saiakerak: zerbait aurkituko duzu.

  1. Intsusa (Sambucus nigra). Erreka ondoan, eroritako baserrien alboan, bide ertzean, laiotzeko asun eta goroldietatik ez urrun ugaltzen da. Adarraren mami zuria hustuta, txistu antzekoa moldatu dugu haur guztiok. Usain ederregikoak ez badira ere, janaurreko ardo polit-politak egiten dira intsusa-loreekin.

  1. Zizahoria (Cantharellus cibarius). Ez da gureetan bikainena (aski gogorra da eta) baina jangarri polita da gisatzeko. Baso epeletan ugari dagoela, udazkenaren hasieran agertzen dira lehen aitzindariak: aukeratu gazteak bakarrik. Arrauzkian, baratxuri-oliotan erregosi ondoren.

  1. Basa gereziondoa (Prunus avium). Baserritarrari gereziak lapurtzea ez omen da bidezkoa. Baina hemengo mendietako gereziondo horrek, txoriei ez ezik, guri ere eskaintzen dizkigu fruitu ederrak, landutakoak baino gazi eta lurrintsuagoak. Marmelada egitean, erantsi beste pittin bat azukre eta aurrera.

  1. Marrubia (Fragaria vesca). Mendiko marrubiari (ez nahasi dendakoekin) usainak eman dio izena. Bide ertzetan ikus ditzakezu ale gorri txiki-txikiak baina berdingabeko usaintsu eta zaporetsuak. Txoriak baino lehenago iritsi bazara, zorionak.

  1. Ahabia (Vaccinium myrtillus). Landutakoa ere badagoen arren, ia zerikusirik ez du mendikoarekin: uztailean biltzen den hau bizi, lurrintsu, zaporetsuagoa da. Tartak, jeleak, konfiturak eta marmeladak osatuko dituzu ahabi, masusta, basa marrubi, mugurdi eta nahi duzun guztiarekin.

  1. Hurra (Corylus avellana). Euskal Herri hezeko mendietako ospela du maitea, bide ertza, batik bat. Abuztuan lurrean ugaltzen hasten diren hur txiki zoragarri horiek ez dira etxera eramatekoak, bertan hautsi eta dastatzekoak baizik… harrak aurrea hartu ez badigu, bederen.

  1. Masusta (Rubus fructicosus). Lahar eta sasietan, abuztuan gorri-gorri oraindik ikusten diren bolatxoen konstelazio horiek, belzten direnean gutizia dira. Eragozpen bakarra: haziak hortz tarteetan.

  1. Mugurdia (Rubus idæus). Fruta gorri guztiak bezala, landutakoa baino zaporetsu eta lurrintsuagoa da mendikoa. Eskualde garaietako landare honek ez du atsegin hezetasuna, ondo loratuko bada. Bildu baina, jan aurretik, arakatu ongi barrualdean “maizterrik” bizi al den. Denetik egin daiteke mugurdiekin: izozkiak, marmeladak, ardo eta pattarrak… Ez beratu, ez ikuzi luzaro, zapore eta lurrinak erraz galtzen dituelako. Ez pilatu elkar gainka. Gorde toki hotz-hotzean. Izozteko, hobezina

  1. Intsusaren (Sambucus nigra) baiak. Udaberrian, loreak biltzeko, arakatu ditugun intsusa horiexek dituzte baia beltzak. Masusta, ahabi zein bestelako basa-fruituekin nahasita, tarta-gainak, pattarrak, izozkiak, jeleak… egiteko aproposak ditugu.

  1. Zuhandorra (Cornus mas). Biziki zur gogorreko zuhaiño honen fruituak oliba gorrien antzekoak dira. Gaztarekin gustura hartzen dugun irasagar-gozokiari (etxean egiten baduzu) ale batzuk erantsi eta poliki apainduko dizu menbrilo, gozoki edo dultze hori.

  1. Gurbitza (Arbutus unedo). Ugari-ugaria izan da Euskal Herri osoan, landarea adierazteko erabiltzen dugun dozena izen horrek frogatu bezala. Udazkenean “piztu” egiten da gurbitza: C bitaminen iturri diren pinporta gorri ugari-ugariak baliatzen dira fruta-entsalada, konfitura eta jele, izozki eta sorbete, ardo eta pattarretan

  1. Saltsa-perretxiko beltza (Craterellus cornucopioides). Pagadietan bilatu beharko duzu mordoskak osatzen dituen piura tristeko perretxiko ilun hau. Jasotzean, moztu hanka eta labanarekin banatu bitan gorputza, barruan zein den arakatzeko. Harian josi eta lehortuz gero, negu osorako izango duzu jangaia.

  1. Udazkeneko onddo-zuria (Boletus edulis). Onddozaleak ezagun gertukoa du hau, kalitate/ugaritasun erlazio egokian baitabil. Haren aldamenean bestelako onddoak ere topatuko dituzu, suerte pittin batez: pinuetakoa edo onddo beltza, adibidez. Mahairaz gero, bakarrik edo beste zernahiren lagungarri, ez zaizu damutuko goizeko txangoan onddo hau bildu izana.

  1. Tripakia (Hydnum repandum). Gure basoetan ugari-ugari dagoen perretxiko honek platerean eskaintzen duenaren apologia ez dugu hemen egingo. Gogora dezagun –batu berri edo ozpinetan kontserbatu ondoren– zopa, arrauzki, haragi eta arrainen lagun ona izateaz gain, protagonista kurruskaria ere badela, paderan, beste onddo eta perretxikoekin elkarturik.

  1. Gibelurdina (Russula virescens). Guk ez ezik, mendian bizi diren animalia gehientsuek ere gibelurdina gutizia dutenez, bizkor ibili beharko. Hautatu –aukera baduzu— ale gazteak, ireki berriak. Ez nahasi beste perretxikoekin, erne ibili.

  1. Saltsa-perretxiko horiluna (Cantharellus tubæformis). Negua gainean dugula, ezabatzen den azkenetakoa dugu hauxe. Eroritako adar eta goroldio tarteetan kausituko ditugu honelakoak, mordoskatan. Hartu berritan arkume edo txerriki errearen gehigarri egokia delarik, lehortu ere egin dezakezu, toki aireztatuan esekita.

  1. Mizpira (Mespilus germanica). Azoka nazionaletan (Garazi, Gernika, Ordizia) urtean behin bakarrik agertzen diren fruituak damaizkigun zuhaixka honen egurra aproposa da makilak egiteko, gogor eta arina baita. Fruitua umotu eta gero, usteltzen hasi arte itxaron beharko duzu konpota, konfitura edo pattarra osatzeko. Ez du gizentzen, gainera, jakirik ez baitu, kasik.

  1. Basarana (Prunus spinosa). Basoko fruitu nazionala da, nazionalik bada, patxaranaren arima, festa-giroaren sortzaile, adiskidantza eta negar-iturri… Pattar ona moldatzeko, hilabete batzuetan utziz gero. Biltzera zoazela, ez izan gordinik jateko tentazioa: ikaragarri mikatz-garratza da. Jele, konfitura eta marmeladak ere egin ditzakezu basaranekin. Eta patxarana, ez ahantzi.

  1. Ipuru (Juniperus communis) baiak. Nafarroa eta Araba aldeko erreka bazterretan ugari samarra den konifero honen baiak, heldu eta belztutakoan, garoaz lurrinduko dute ehiza eta pattarrak moldatzen lagunduko dizute, gainera (zertaz egiten da ginebra?). Diuretikoa.

  1. Oreganoa (Origanum vulgare). Basoko soilgune eta belardietan ugari, landare osoa batzen da udamin inguruetan. Usainak du bereizgarria, besterekin ez nahasteko. Digestioaren laguntzaile eta lasaigarri hau olioa, ozpina eta ehiza lurrindu, pattarra etxean fabrikatu eta saltsak egiteko baliatzen da.

  1. Arkakaratsa (Rosa canina). Erreka bazterretan eta basoaren ilunpean ugaltzen da landare arantzatsu hau. Fruituak, gorri-gorri eta C bitaminaz lepo, udazkenean biltzen dira eta lore zuri-gorristak, aldiz, maiatzean. Fruituek marmelada, izozki, pattar eta beste egiteko eta barrengo haziek, berriz, hesteetako zizareak suntsitzeko balio dute.

  1. Esnegorria (Lactarius deliciosus). Udazkenean ugaltzen da esnegorria haizeak astintzen ez dituen toki magaletako pinu edo ipuru tarteetan. Lehen mailako elikagaia ez dugun arren, iraupen luzekoa denez (ozpinetan ere gorde daiteke), behin baino gehiagotan dastatzeko aukera izango duzu.

  1. Mihilua (Fœniculum vulgare). Bai toki lehorretan, bai ibai ertzean dagoela, anis usaindun loreak olioa usaindu, gaztainak egosi, arraina lurrindu, saltsa prestatu eta osasuna zaintzeko: lasaigarria izateaz gain, digestioa suspertzen du.

  1. Uztao txikia (Rumex acetosella). Belar freskoa ugaltzen den erriberetan topatuko duzu metro erdiko landare hau, udaberri-udan. Kodaka edo kolaka (Alosa alosa) arrainak sabelean hamaika hezur txiki dituenez, arrunt jangaitza gertatuko litzateke, uztao txikiarekin erreko ez balitz: landare horren azido oxalikoak, izan ere, desegin egiten ditu hezurrak labean erretzean.

  1. Aingeru belarra (Angelica silvestris). Erreka bazter eta baso epeletan sortzen delarik, udaran jaso dezakezu gozogintzan erabiltzeko: opilak, krema, pastelak egiteko. Botikinean, buruko minak kentzeko balioko dizute belar honen hazi, hosto, zain eta sustraiek, lehorturik.

  1. Barrengorria (Agaricus campestris). Mami zuri-zurikoa, ezkata gorriak ditu barruan noski, eta anis-usain leun polita dario jaso berriari. Perretxiko fin-fina, usainari erreparatuta zaila da nahastea. Uda-udazkenean belaze, larre eta zelaian datoz ale bakanak, guk dakigula.

  1. Onddo beltza (Boletus æreus). Profesionalena: mardula, lurrintsua, zoragarria. Adiskide handiekin elkarturik dastatzekoa, dena du jangarri eta, jaki pantagruelikoa den neurrian, hobe pusketa handitan egitea, ez nahasteko. Tipula xehe-xehe ia konfitaturik eta ardo gozoa ederki datozkio. Haritz, gaztaina eta arte azpietan ikusten da (gutxi) udan eta, batez ere, udazkenean.

  1. Kaskabeltza (Boletus pinophilus) edo pinuetako onddoa. Gaztaina eta koniferen azpiko hanka potolodun mokadu ederra, jaki zuri-zurikoa, belzten ez dena. Udaberrian hasi eta, suerte pittin batez, negura arte duzu mendebaldera begira dauden goi-pinudietan.

  1. Belardi-ezkoa (Camarophyllus pratensis). Arrautza-gorringoaren koloreko txapela bustia omen duen perretxiko txiki hau ugari agertuko zaizu ipar-mendebaldera begira dauden belardietan, uda-udazkenean. Baratxuria xehe-xehe egin eta salteatu bertan, aspertu gabe.

  1. Kuleto (Amanita cæsarea) edo gorringoa. Enperadorearen (Zesarren) jaki omen zen hau uda eta udazkeneko harizti eta gaztainadietan aurkitu bide ditu norbaitek, baina ale bakanak, aitortzen duenez. Intxaur zapore fin-finekoa, perretxikoetan gailurra da askoren iritziz.

  1. Kardu-ziza (Pleurotus eryngii). Araba eta Nafarroan ugari, udaberri eta udazkenean erakusten du bere burua kardu-sustraietan. Zapore eta usain gozokoa du mami zuria eta makina bat biltzen du jendeak, aurkituz gero. Arrautza gutxirekin, gustu on baina motelekoa baita.

  1. Urretxa (Russula cyanboxanta). Izen zientifikoak dioskun bezala, morea du txapela hankazuri potolo honek. Zapore eta usain gozo baina motelekoa denez, hobe beste ezerekin ez nahastea. Uda eta udazkenean ugari da harizti, pagadi, gaztainadi eta pinudietan, ilargia aldatzean, batik bat.

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu