Sartuberriak

Irudiak:

CS: Cuisine succès

PM: Produits du marché

TC: Trésors de la cuisine

CG: Conran gastronomique

  1. Pm26 Txirimoia (Annona cherimolia). Jatorriz perutarra, orburuarekin nahas dezakegu urrutitik. Ireki eta, arrosaren lurrina duen mami zuri gozoa hazi beltzez josia dago. Eskualde tropikal eta azpitropikaletatik dator neguan hemen, koilaretxoarekin, jaten duguna.

  1. Pm35 Banbua (Bambusa arundinaria). Asia tropikaleko kanabera antzeko kimu berri kraskatsuak barazki gisa jaten dira. Euskal Herrian kontserban edo lehortua baizik ez dugu topatuko. Orburuak bailiren, egosi eta maionesa edo oliozpinarekin.

  1. Pm41 Bergamota (Citrus bergamia). Turkieraz, “sultanaren udarea” da zitriko hau eta, gertuenen, Korsikan ekoizten da ugari. Laranja hori txiki honen azalean dagoen olio esentziala gozogintzan eta lurrindegian baliatzen da.

  1. Pm67 Karanbola (Averrhoa carambola). Ekialde Urruneko fruitu gazi-gozo honek zeharkako ebakera du politena: bost muturreko izarra da. Mazedonia edo gantz ugariko jakien laguntzaile fin lurrintsua.

  1. Pm73 Zidra (Citrus medica). Antzina-antzinatik ezagun zen limoi-mota (izenak ere adierazten digu loturarik) txinatar hau ez da jangarria; azal lodi-lurrintsua gozogintzan erabiltzen da, fresko zein konfitaturik. Nafarroan arabiarrek landu omen zuten luzaro.

  1. Pm86 Txaiotea (Jatropha urens). Magreben eta herrialde tropikaletan ugari den irasagar zimurtuaren antzeko honen mamia zuria gozoa den arren, barazki gisa jaten da entsaladan edo, pure eginik, patataren ordezkotzat. Kimu berriak zainzuriak bailiran jaten dira.

  1. CS472, CG181 Feijoa. Mami horizta duen Hego Amerikako fruta honen zaporea eta ananarena antzekoak dira, feijoa bitan ebaki eta koilaratxoz jan edo postregintzan baliatzen bada ere. Itxuraz, ahuakata eta biak tankerakoak ditugu, hau txikixeagoa.

  1. PM149, CS472 Barbariako pikua (Ficus carica). Amerika tropikaleko kaktus baten fruitu muturgorri hau mediterranear bilakatu da. Arantza arriskutsuez babestu azal lodiaren azpiko haziz josiriko mami gorria gozoegia bada ere limoi tanta batzuekin orekatzen da.

  1. Pm181 CS283 Gonbo edo okra. Landare tropikal honek hostoa eta leka ditu jangarri: “ketmie” barietatea heltzaka hartzen da, haziak egiteke eta mamitsu dagoelako oraino. Barazki, osagarri edo hornigarritzat prestatzen da, erre edo egosia, osorik edo pure gisa.

  1. pm182cs466 cg179 Guaiaba (Psidium guayaba). Feijoarekin nahasten den Ertamerikako fruitu hau intxaur edo sagarra bezain handia da, barietateen arabera. Mami hori edo gorrixka gozoa eta lurrintsua denez, mazedonian ederki uztartzen da beste frutekin. Hartu heldua, azala hori-hori dagoela.

  1. pm204 Iuiuba. Hurraren tamainako fruituaren azal gorri, leun eta larrukararen azpiko mami horizta, irintsu eta gozoa fresko nahiz lehor kontsumitzen da, bai sukaldaritzan, bai gozogintzan.

  1. pm205 cs471 Kakia (Diospyros kaki). Aspalditik Euskal Herriko arbolen gorrigailu, zuhaitz-tomate honen mamia gozo-gozoa da. Aukeratu, neguan, orbanik gabeak, samurrak. Gazta laguntzeko edo mazedonian.

  1. pm206 Kiwanoa. Hego Afrika eta Zelanda Berritik datorkigun kirikiño edo sasi morkots honen mami gozo lurrintsua gordinik, zuku bihurturik edo konfitura eginda hartzen da.

  1. cs458 cg 166 Kumkuata. Erdialdeko Txina sorterri duen zitriko zoragarri (kam quat = urrezko laranja) hau laranjaren alaba da eta berez jaten da, zuritu ondoren, edo konfitura eginik, azal eta guzti.

  1. pm216 cs458 cg 166 Lima (Citrus limetta edo C. latifolia). Euskal Herriak XV. mendean esportatu zuen zitriko txiki berde ilun hau ez da jangarria, zuku garratz ugarikoa baizik: koktel, beratze eta entsalada-saltsetan, ahogozagarri.

  1. pm218 cs472 cg180 Litxia. Txinatik mundu zabalera hedatu da oskol gorri, gogor eta bikortsuaren fruitu negutar hau. Hezurraren ondoko mamia mahats zuriarena baino garratz eta arrosa-lurrin sendoagokoa.

  1. cs303 Lotusa. Nenufarraren gertuko barazki honek sustraiak (apioaren zaporekoak), hostoak (ziazerben antzekoak) eta aleak (almendra gustukoak) ditu jatekoak. Inguruetan kontserban bakarrik ikusi dugu, haragi gorri eta zurien hornigarri gisa prestatzeko.

  1. pm223 Artoa (Zea mays). Ez da sartu berria dagoeneko. Ganadu eta antzaren jaki oraintsu arte, barietateak ugaltzean etorri zaigu platerera. Patata bezala. Ale hori, zuri edo gorrixkak lokotxetik erauzi behar dira, egosi, erre edo frijitu aurretik, jangarri bihurtzeko.

  1. pm225 cs472 cg180 Mangustana. Adituen arabera, Asia tropikaleko fruitu ederrenetako bat, itxurak itxura. Laranjaren tamainakoa, azal beltz-gorrixka larrukara eta lodiaren azpian datza litxia gogoratzen digun mami zuria. Erostean, azala gogorregi badago, kontuz: baliteke usteldurik egotea.

  1. Mangoa (Manguifera indica). Indiako fruitu nazionala, tamaina denetakoak (25 g. eta 3 kilokoak) izan dira milaka urtez jangarri. Gozogintzarekin baino lotura hertsiago bideratu zioten profesionalek itsaski eta foie-grasarekin. Azal gorriak ez du adierazten heldutasunik, berez, kolore guztietako mangoak baitaude. Erosteko unean, ukitu alderdi gorriena: malgu samarra behar du.

  1. Krosnea. Mantxuriatik etorritako tuberkulu txiki fin hau Dumas aitak ohoretsi zuen, berak asmatutako “Francillon entsalada” ezagunean (patata epelak, krosneak, itsaskiak). Muturrak izan ezik, sustrai osoa du jangarri. Ez da zurigarria (hobe uretan ikuztea) ezta merkeegia ere (erosi 100 g. laguneko).

  1. pm226 cs303 cg148 Mandioka (Manihot esculenta). Brasilgo landare honen sustrai eta hostoak jangarri dira. Zuritu eta pure eginik, sustraia patataren ordezko ederra dugu. Mandioka mingotsetik ateratzen den irinaren fekula tapioka da.

  1. cg178 cs466 Marakuia. Loreak Kristoren nekaldiko hainbat ikur (arantza koroa, iltzeak, mailua…) sinbolizatzeak bataiatu du arrautzaren tamainako fruitu amerikar tropikal hau; hamaika hazi beltz jangarri/gogaikarriz josiriko melokotoi koloreko mami gazi-gozo lurrintsua dauka, koilaraz jatekoa.

  1. pm242 cs462 Mirtiloa. Ipar Europako zuhaiño horren fruitu beltz-urdinkarak zuku gazi eta gorri-gorria (“fruta gorri” ezagunetako bat da hau) ematen du eta ez da oso preziatua bere horretan jateko: izozki, konpota, konfitura eta tarta goxoak moldatzen dira mirtilo basati edo landuekin.

  1. pm243 Naxia. Japonia sorterri duen udare moduko honek dagoeneko urte mordoska egin du gure artean (are bertan hazitakoak). Azala eta mamia ere udareak bezalatsu, zaporeak meloia eta usainak almendra dakarzkigute gogora.

  1. pm248 cg186 Anakardoa (Anacardium occidentale). Hegoamerikako almendra oker zurixka hau idortu eta txigorturik kontsumitzen dugu Europan, fruitu lehorrak bezala. Kontuz erostean, berehala mintzen baita.

  1. pm249 cg188 Pakana (Carya illinoensis). Estatu Batuetako ipar-ekialdeko indiarrek antzinatik baliatua, gure artera etorri aurretik irin bihurtzen zuten, zopak eta potajeak loditzeko. Egun, intxaurraren gustuko ezkur itxurako hau txokolateari gehitu eta postregintzan erabiltzen da.

  1. pm249cg186 Makadamia (Macadamia ternifolia). Australiatik zabaldurik, hurra dirudi koko-zaporea gogora dakarkigun fruitu lehor honek. Sukaldaritza berriko sarrera eta postreetan indarrez sartu da, sorbeteak, izozkiak eta postre-zopen osagarri.

  1. pm265 cg166 Arabi sagar edo pomeloa (Citrus paradisi). Europan XII. mendean sartu ziguten zitriko esferiko honen mamia gorrixka da, gazi-gozoa, eta ekoizpenaren parte handi bat zukutan komertzializatzen da. Adituek “pamplemousse” eta pomeloa bereizten dituzte. Dena den, aukeratu astunak, orbanik gabeak.

  1. pm266 cg178 Papaia (Carica papaya). Ertamerikatik hedatu da mundura gaizki marrazturiko udarearen itxurako fruitu hau. “Fruta bomba” esatea nahiago dute bertan, “papaia” emakumearen genitala delako. Aukeratu ale gorrixka, ukitu gogorrekoa, orban gutxirekin. Mazedonian edo bera bakarrik, osorik zein zukutan.

  1. pm267 cg146 Patata gozoa. Tuberkulu jangarri honen azala gorrixka, more edo grisa da eta, azpian, kolore hori, gorrixka edo moreko mami irintsu gozoa dauka eta, izenak dioenez, patata bezala prestatzen da (pure, kroketa, gratin, frijitu, labean erre… egiten dira), gozotasuna kontuan izaki.

  1. pm284cg187 Pistatxa (Pistacia vera). Ekialde Hurbiletik etorri da, oskola ia beti hautsirik, fruitu lehor hau. Berde koloreko mamia pistatxa tonuan jartzen da, txigortzean: orduan urratu eta zoragarri bihurtzen da 100 gramoko 600 kaloriaraino entregatzen dizkigun alea. Erosi gutxi, berehala zaharmintzen dira eta.

  1. Salsifi (Scorzonera hispanica), terebuza, sendapokia. Landare negutzar honek sustrai zuri-guri mamitsua du alderdi jangarria, esne-azido ugari duena. Kontserban saltzen da gehien baina fresko erostean, hautatu zain beltz, zuzen, mardul, osasuntsuak. Mamiak zukutsua behar du, freskoa bada. Bestela, ez hartu.

  1. Arbia (Brassica napus eta B.n. napobrassica) oraintsu arte ganaduari baizik ez zaio eman. Patatarekin igualtsu jazo zen. Badira barietate jangarri zoragarriak, sagar, melokotoi eta azenarioaren itxurakoak. Ehiza koipetsu edo haragi gorriaren laguntzaile polita. Hostoa ere jangarri du, ziazerba bezala prestaturik.

  1. cg150 Topinanburra. Ekilorearen ahaide hurkoa den arren, orburuaren zaporea iradoki baina inolako itxura ezagunik ez duen tuberkulu hau Ipar Amerikatik etorri da. Mamia airean egonik belztu egiten denez, hoberena erosi, limoi tanta batez egosi edo labean erre eta berehala jatea.

  1. cg148 cs303 Taroa. “Txinako aza” ere esaten zaio azal ilun eta mami zuri, hori edo gorrixkako errizoma luze (30 cm-raino) honi. Karbohidrato ugari dituela, goxoa dago entsaladan, frijiturik, gratinatuta edo kauseretan.

  1. Arto beltza (Fagopyrum sculenta). Laborea den arren (“gari sarrazenoa”), garau txiki ilun triangeluar honek glutenik ez daukanez ez du balio ogi egiteko, bai artahi zaporetsua osatzeko, ordea, zeliakoen eskerronez.

  1. pm304 cg132 Getozka (Cyanospira ciris ). Indiatik etorri den barazki hau erromatarrek ezagun zuten eta Erdi Aroan ozpinetan konfitatzen zen. Hosto berde-berde eta kraskatsuak entsaladan, tortillan edo krema eginik hartzen dira uda partean. Eskuratuta, prestatu eta jan berehala, zimeldu aurretik.

  1. Pm313 cs472 Ranbutana. Litxiaren ahaide honen azal gorri iletsu hau ugaria da Asiako hego-ekialde osoan. Hura bezain fin, lurrintsu eta kraskatsua ez bada ere, postregintzan eta gantz ugariko haragiak laguntzeko baliatzen da honen mami garden gozoa ere.

  1. pm315 tc686 cg198 Erregaliza (Glyzyrrhiza glabra). Txinan arras preziatua dute gure makilgoxoa, behinola“txiroaren azukre” izan zen sustrai hauxe. Tisana, izozki, sorbete eta postreak prestatzeko erabiltzen den arren, txangurroaren zaporea indartzen du, adibidez.

  1. pm317Arabarba (Rheum rabarbarum). Zergaren senide hurko gorrixka hau Ipar Asiarra da, jatorriz. Barazkitzat jo (XVIII. m.) eta Ipar Europa osoan ekoizten hasi aurretik, sendabelar eta apaingailu izan zen luzaro. Zurtoin garratz moreak (berde direla ez daude helduak) dira jangarriak, klariona bezala hausten direnean.

  1. pm355 cg181 Tamarilloa (Cistus clusii). Perutik omen datorkigun arrautzaren itxurako “arbolako tomate” hori edo gorri honen azal leun distiratsuaren azpian laranja koloreko mami gazi-gozoa dago: labanaz zuritu eta haziak bereizi ondoren, mazedonian gordinik edo okelen hornigai hartzen da.

  1. tc705 Arrosa (rosa sp.). Lorategia eta sukaldea edertzen ditu arrosak, fresko edo kristalizaturik, gozoki, ozpin edo siropeak osatuz. Arrosa-urez garastatzen dira entsalada eta postre batzuk, lurrintzeko. Saioa: petalo gorriak gurinetan eduki itsatsita gau osoan eta zabaldu moldeko ogian biharamunean.

  1. .tc755 Soia (Glycine max). Mantxuriar antzinako (orain 5.000 urte agertu zen idazki batean) “landarezko haragi” honek, Ekialde Urruneko hazkurri-funtsa izatetik mundu osora arestion hedatu da giza elikagaitzat. Hamaika eratan hartzen da: ale, esne, hozi, irin, gazta eta beste hainbat plegutan.

  1. tc475 tc814 Boilur (Tuber sp.). Boilur beltza (T. melanosporum), udako b. (T. estivum), neguko b. (T. brumale) edo trufa (serioa). Aparteko lurrin, kolore, prezio eta besteak medio, lurrazpiko tuberkulu hau dastatzeko modurik onena bere hutsean da, entsaladan. Erosteko, joan aditu batekin.

  1. tc278 Datila (Phoenix dactylifera). Gregerazko daktylos (hatza) hitzak bataiatu du Magrebetik etorritako fruitu gozo-gozo hau. Porexpanezko erretiluan datozenak esterilizatu baizik ez dituzte egin. Aukeratu mamitsu, guri eta orbanik gabekoak. Ez omen dira argalbide (310 kaloria 100 gramoko).

.

Leave a Reply

Required fields are marked *


Tresna-barrara saltatu